Euskalgintzaren Kontseilua: «Ez da euskararen normalizazioak behar duen dekretua»

Gaur publiko egin duten EAEko Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretuaren azken bertsioa baloratu du Euskalgintzaren Kontseiluak. Uste dute ez dela «jauzi sendoa» egiteko bidea.

Idurre Eskisabel Euskalgintaren Kontseiluko idazkari nagusia, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Idurre Eskisabel Euskalgintaren Kontseiluko idazkari nagusia, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko otsailaren 20a
17:15
Entzun

Eusko Jaurlaritzak gaur ezagutarazi du EAEko Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretuaren azken zirriborroa. Euskalgintzaren Kontseiluak berehala egin du balorazioa. Argiak eta ilunak ikusten dizkion arren, oro har haratago joan zitezkeela uste du: «Ez die erantzuten euskararen normalizazioak egun dituen erronka, hutsune eta betebeharrei, ez du jauzi sendorako bokaziorik». Argi mintzatu dira: «Ez da euskararen normalizazioak behar duen dekretua».

Gaur aurkeztutako testuak 1997ko dekretu bat ordezkatuko du. Kontseilua ez da asebeteta geratu, 26 urteren ostean aurrerapauso batzuk ikusi dituzten arren, «ez diolako erantzuten abagune honetan euskararen normalizazioak sektore publikoan dituen erronkei eta egiazko posibilitateei». Izan ere, Euskalgintzaren Kontseiluaren irudiko, bazegoen modua «jauzi sendoagoa» egiteko, baina «aukera horri uko egin zaio».

Finean, horixe da Kontseiluak dokumentuari egiten dion kritika nagusia, «jauzirako bokazio» falta duela. Gainera, harago joanda, uste du hainbat kasutan agerian geratu dela oldarraldi judizialak dekretuaren garapena «modu nabarmenean» baldintzatu duela: «Anbizioz jokatu eta oldarraldi judizialak ezarritako mugak gainditu beharrean, epaitegiek ezarritako murrizketak islatu dira dekretuaren azken bertsio honetan».

Banan-banan xehatu dituzte testuaren bertuteak eta gabeziak, aurrerapausoak eta atzerapausoak. Alde positiboekin hasi dira. Baikorra begitantzen zaie, esaterako, eragin esparrua sektore publiko osora zabaltzea; euskarazko administrazio unitateak jaso izana, hautaketa prozesuaren azterketa euskaraz egin beharra ezarri ahal izatea; euskararen ezagutza maila azterketa bidez egiaztatzeko aukera izatea; eta, lanpostu bakoitzaren funtzioen arabera, hizkuntza eskakizun asimetrikoak ezartzeko aukera izatea.

Urrats horietan ere, ordea, zenbait zalantza ditu Kontseiluak. Esaterako, baikorra iruditzen bazaio ere eragin eremua administrazio publiko osora zabaltzea, 2033ra arte ez da indarrean sartuko Osakidetzan, Ertzaintzan eta justizian, eta horiek «gabezia nabarmenak dituzte hizkuntza eskubideen aldetik».

Halaber, hizkuntza eskakizun asimetrikoen auziak ere eragiten dizkie zalantzak: «Neurri hau begi onez ikusten du Kontseiluak, betiere lanpostuari dagozkion funtzio eta betebeharren baitan ezartzen badira betekizunak. Hala ere, malgutasun honek badakar arriskurik, esaterako, postuari dagokiona baina ezagutza maila baxuagoa ezartzeko erabili baitaiteke, eta dekretu honek ez du jasotzen hori ekiditeko neurri zehatzik».

Hautaketa prozesuetan azterketa euskaraz egiteko «aukera» jasotzea ere ez zaie nahikoa iruditu: «Ez da betebeharra, eta, beraz, instituzioen borondatearen menpe uzten du erabakia».

Argiak bezala, dekretuari itzalak ere nabaritu dizkiote. Gabezia nagusietako bat hauxe, epemugaren falta: «Administrazioa euskalduntzeko helburuari epemuga zehatzak jarri beharko litzaizkioke, eta helburu hori lortu ahal izateko bitartekoak eta neurri betearazleak jaso beharko lirateke, baldin eta benetan eragingarria izango bada. Behin jomuga hori zehaztuta, dekretu honen iraungitze data aurreikusi eta harekin hizkuntza eskakizunen logika gainditzera jo beharko litzateke».

Gainera, derrigortasun indizea —euskara nahitaezkoa den lanpostuen kopurua— kalkulatzeko modua ez da aldatuko: «Dekretu berri honek 1997koaren ildo berari jarraitzen dio, eta, beraz, ez du derrigortasun indizearen auzia ebazten. Argi dagoenean euskararen normalizazioan aurrera egiteko indize horrek gutxienekoa behar duela eta instituzio bakoitzari hortik aurrera egiteko urratsa emateko autonomia aitortzea bide zilegia litzatekeenean».

Beste gabezia bat ere atzeman dute: «Dekretu berriak, Udal Legearen 6. artikulua oinarri hartuta, euskara zerbitzu hizkuntzatik lan hizkuntza izateko jauzia jasotzen badu ere, ez du behar adinako baliabide eta bermerik eskaintzen hala izan dadin».

Prozesuan atzeraka

Azken testuak abaguneak eta gabeziak dituela nabaritu du Kontseiluak; gainera, «kezkaz» ikusten dituzte dekretuaren lehen bertsiotik gaur egungora egindako aldaketak. Izan ere: «Euskararen normalizazioan aurrera egiteko ezinbestekoak diren hainbat eduki bidean galdu dira, eta atzerapausoak dakartzaten beste hainbat gehitu zaizkio». Adibidez, azaldu dutenez, hizkuntza eskakizuna egiaztatzea nahitaezkoa denean, ez dute merezimendu gisa baloratuko eskatutakoa baino euskara maila altuagoa egiaztatzea.

Gainera, ildo bertsutik, irudi instituzionalean euskarak «lehentasunezko tokia» izatea ezartzen zuen artikulua moldatu dute, bere «ikusgarritasuna bultzatuko» dela adieraziz. Eta, azkenik, Kontseiluaren hitzetan, hasierako bertsioetan 45 urtetik gorako langileek euskararen ezagutza egiaztatzeko salbuespen orokortua kendu zuten; orain, salbuespen hori berriz txertatzea erabaki dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.