Jaurlaritzak modua emango du hautaketa prozesuak euskaraz eginda hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko

Gobernu kontseilua gaur zen onestekoa sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzeko Jaurlaritzaren dekretua, baina atzeratu egin behar izan da onarpena, bilera egiterik ez delako egon, baina behin betiko testua prest dago.

Bingen Zupiria Hizkuntza Politikako sailburua, artxiboko irudi batean. L. RICO / EFE
Bingen Zupiria Hizkuntza Politikako sailburua, artxiboko irudi batean. L. RICO / EFE
arantxa iraola
2024ko otsailaren 20a
17:10
Entzun

Euskara sustatzeko neurri administratiboen kontrako oldarraldi judizial betean, Eusko Jaurlaritzak prest du sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzeko dekretu berria. Gaur ziren testua gobernu kontseiluan onartzekoak, baina bilera hori bertan behera geratu da, Iñigo Urkullu lehendakariak ama larri zuelako —arratsaldean hil da—. Atzeratu egin behar izan dute, horregatik, dekretuaren onespena. Behin betiko testua, ordea, prest dago. Jaurlaritzako iturrien arabera, lege irizpide guztiak konplitzen ditu dekretuak, eta propio idatzita dago kontrako auzibideak saihesteko. Berritasunen artean, horra: modua emango du hautaketa prozesuak euskaraz eginda hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko. 

«Malgutasuna» eta «progresibotasuna». Dekretua lantzeko prozesuan, kontzeptu horiek usu aipatu dituzte Hizkuntza Politikako Sailburuordetzako arduradunek, eta adierazi dute ez dela asmoa inor kanpoan uztea; hizkuntza eskubideak ardatz, esan dute aintzat hartu behar direla euskaraz oraindik ez dakiten langileen beharrak, euskara ikasteko prozesuan daudenenak, eta jada ezagutza egiaztatuta dutenenak. 

Horrexek ekarri du, hein handi batean, dekretu hau egiteko prozesua hala luzatzea. 2018an Eusko Legebiltzarrak egindako eske bati erantzunez dator, baina elkarrizketa eta kontraste asko egin behar izan dira bidean. Jaurlaritzak behin baino gehiagotan argudiatu du «kontsentsua» ezinbestekoa zela, eta oinarri sendoekin atera nahi zuela dekretu hau.

Baina testu honen beharra ere askotan argudiatu dute. Aurreko dekretua 1997koa da, erruz aldatu da gizartea urteotan, errealitate soziolinguistikoa ere bai, digitalizazioak erronka eta bide berri ugari ekarri ditu, eta horiek guztiak kontuan hartu nahi izan dira.  

Testu osoa ez da argitaratu oraindik, ez dute eskura jarri. Baina aurrera daitezke dekretuak dakartzan berritasun nagusiak:

1

Sektore publiko osora begira

Dekretu honek zabaldu egin du aurrekoaren jarduera eremua. Aurreko dekretuak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazio osora begira, ez zituen aintzat hartzen hezkuntza arloa, osasun arloa, Ertzaintza eta justiziaren eremua. Beren kabuz ari ziren horiek euskara planak-eta lantzen. Orain, arlo horietan guztietan ari diren langileek ere dekretu honen irizpideak bete beharko dituzte.

Era berean, funtzio publikoan diharduten fundazio, partzuergo eta antzeko erakundeek ere bai. Apurka, euskararen erabileran normalizazioa planifikatzen joan beharko dute horiek ere, jendaurrean arreta ematen duten langileen hizkuntza eskakizunei begira, bereziki. 140.000  langile inguru izango dira guztira, Jaurlaritzaren arabera, orain dekretuaren araberako irizpideetan sartzen hasi beharko dutenak. Eremu berri horietako asko erraz moldatuko direla uste dute; hain zuzen ere, ez dira arrotzak praktika horiek orain arte dekretutik kanpo egon arren funtzio publikoan ari diren erakunde askotan. 

Dekretu honen azken helburua sektore publikoko normalizazio prozesu guztia koordinatzea da. Ebatzia dute noiz nahi duten erakunde guztien bateratze horren abiaburua: 2033ko urtarrilaren 1erako. Hortik aurrera, bost urteko planen bidez funtzionatuko da. 

2

Enpresa pribatuetarako ere bai

Sektore publikoan ari diren enpresa pribatuak ere hartzen ditu kontuak dekretuak. Enpresa horiek ematen dituzten zerbitzu publikoetan ari diren langile subrogatuak, zehazki. Langile horiek, orain arte ez bezala, egun funtzionarioek dituzten laguntzak eta baliabideak izango dituzte euskalduntzeko. Jendaurreko arreta ematen duten langileei begirakoak izango dira hor ere eskakizunak. Administrazio publikoak hartuko du bere gain langile horien euskalduntzea: enpresek ez dute pagatu beharko. Era berean, ordezkapenak-eta egiten direnerako, euskara planak-eta lantzen hasi beharko dute enpresa horiek, eta administrazioak laguntza emango die horretan.

3

Desgaitasunen bat dutenentzat, atea zabalik

Jaurlaritzak maiz nabarmendu du dekretu hau guztiz «inklusiboa» izango dela. Aparteko kezka izan dute desgaitasunen bat dutenek-eta usu ezintasunak izan dituztelako hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko, eta garrantzitsua delako horiek ere funtzio publikoan aritzea. Dekretua ontzeko prozesuan, hartu-emanak izan dituzte ezintasun fisikoak eta kognitiboak dituztenen elkarteekin ere, eta hizkuntz eskakizun malguagoekin horien premiak aintzat hartzeko ahalegina egin dute.

4

Udal esparruetako irizpideak ardatz

Udal esparruan finkatutako hizkuntza irizpideak sektore publiko osora zabalduko dira dekretu honekin. Hain justu ere, Tokiko Erakundeei Buruzko Dekretuan jasotako irizpideak hartuko dira aintzat.

Justiziak auzitan jarri ditu EAEko udal legeak eta haren garapen dekretuak hizkuntza irizpideen inguruan zehaztutakoak , baina, Jaurlaritzako iturrien arabera, beren-beregi aintzat hartu dira kontrako sententzia horietan emandako argudioak dekretu hau ontzeko prozesuan, eta segurtasun juridikoa erabatekoa bilatu da.

5

Egiaztapen bide berriak

Egungo egoera soziolinguistikoak ekarri dituen egoera «errealak» aintzat hartu nahi izan dira dekretuan: hori izan da helburuetako bat. Orain arte, hiru bide zeuden hizkuntza eskakizunak lortzeko: HAEE Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen bidez lortzea titulua, HABEren edo hizkuntza eskolen bidez, edota ikasketak euskaraz eginda. Horiek indarrean jarraituko dute. Baina orain, bide gehiago ere izango dira. Aukera izango da, adibidez, hautaketa prozesua euskaraz eginda euskarazko egiaztagiria lortzeko. Azterketa ez da edonolakoa izango; propio HAEEren oniritzia izan beharko du, eta prestatuta egongo da izangaiaren euskara gaitasuna neurtzeko. Egiaztagiria lortzeko beste bidea izango da lanean euskara modu frogagarrian erabiltzea.

Bide berri horien bidez lortzen diren egiaztagiriak, orain artekoak bezala, betiko izango dira.

6

Hizkuntza eskakizun malguagoak

Hizkuntza eskakizunak malguagoak izango dira. Hiru klasetakoak izango dira orain. Simetrikoak: lanpostu baterako gaitasun bera eskatuko da irakurmen-idazmenean eta entzumen-mintzamenean, orain arte bezala. Asimetrikoak: lanpostu jakin batzuetan eskakizunak ez dira igualak izango bi ezagutza eremuetan. Partzialak: gaitasun jakin bat egiaztatu ezin dutenentzat izango dira horiek, desgaitasunen bat-eta dutenentzat.

Badira lanpostuak, esaterako, idazmena lantzea ia eskatzen ez dutenak, baina jendearekin tratu handia izatea eskatzen dutenak. Edo, alderantziz, idatzizko maila oso jasoa eskatzen dutenak, baina mintzamenera begira apalagoa. Eskakizun asimetrikoen bidez, halako egoeretarako egiaztagiriak eskatu eta esleituko dira, ahalik eta doienak. 

7

Probak euskaraz egitea ebatz dezakete erakundeek

Langileak hautatzeko prozesuak abiatzen dituztenean, euskaraz lan egiten duten erakundeek modua izango dute hautagaiei proba bat edo probaren zati bat euskaraz egiteko, gaztelaniarako biderik eman gabe. Estatuan dauden tankerako esperientzia ugariei erreparatuta ebatzi dute berritasun hori, guztiz egingarria dela iritzita. Dekretuan propio zera jartzen du: probak euskaraz egin «ahalko» direla.

8

Aldatzen ez direnak

Derrigortasun indizea euskara nahitaezkoa den lanpostuen kopurua da, egungo sistemaren ardatzetako bat. Hori kalkulatzeko erak lehengoan jarraituko du, tokian tokiko errealitate soziolinguistikoa aintzat hartuta. Ondo funtzionatzen duela uste dute Jaurlaritzan, ondo erantzuten diela egungo premiei, eta malgutasuna ematen diela erakundeei egoera askotarikoei erantzuteko.

Hizkuntza eskakizuna nahitaezkoa ez denean, merezimendu gisara baloratuko da, orain arteko proportzio berean. Bide berean, lehengo eran, 45 urtetik gorakoa izatea eta beste motibo batzuk salbuespenerako bide izango dira aurrerantzean ere, baldin eta langileek hala nahi badute.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.