Hezkuntzara egin du salto euskararen kontrako oldarraldiak. Hala adierazi du gaur Euskalgintzaren Kontseiluak, nabarmenduta A ereduko zenbait ikaslek selektibitateko Euskara ikasgaian nota eskasak atera izana baliatu dutela horretarako. «Argi geratu da oldarraldi politiko, mediatiko eta judizialaren beste agerraldi bat dela». Kontseiluaren irudiko, «larritasun berezia» du horrek, hiru arrazoirengatik: «Oldarraldiaren beraren eragin eremua zabaldu duelako, euskararen desofizializazio prozesua indartu duelako, eta euskarari uko egitea pribilegiorako bide bihurtu duelako». Hortaz, mobilizatzera dei egin du erakundeak: elkarretaratzeak eginen dituzte etzi eguerdian, Bilboko Ingeniaritza Eskolan, Donostiako Karlos Santamaria zentroan eta Gasteizko Letren Fakultatearen aitzinean.
Oldarraldiaren agerpen horrek milaka eta milaka ikaslerengan izanen dituen ondorio zehatzak ere larriak izanen direla diote. «Euskarari uko egiten dioten ikasleak saritu eta pribilegiatuko ditu unibertsitaterako sarbidean», erran dute. Ordea, «gutxietsi» eginen ditu, Euskalgintzaren Kontseiluaren erranetan, «euskarari beste ikasgaien pareko garrantzia eman diotenak, hezkuntza curriculumean aitortzen zaion lekua aintzat hartu dutenak eta ikasteko ahalegina egin dutenak».
Izan ere, EHUk ikaspostuak sortuko ditu selektibitateko Euskara eta Literatura II ikasgaian jasotako kalifikazio apalengatik auzitara jo duten 25 ikasleetatik EHUn ikasi nahi dutenentzat. Kontseiluaren irudiko, baina, kaltea ez da konponduko ikaspostuak gehituta: «Hala balitz, logika bera erabili beharko bailitzateke Matematikan edo Gaztelanian emaitza txarrak izan dituzten eta haiekin konforme ez dauden ikasleekin». Are, «aurrekari oso arriskutsua» ezarri dutela nabarmendu du Euskalgintzaren Kontseiluak, ebazpenak «mezu argi bat» igortzen dielako ondotik datozenei: «Gaztelaniaren kasuan ez bezala, euskara ez da beharrezkoa».
Eusko Jaurlaritzak erakutsi duen jarreraz ere mintzatu da erakundea, eta «kezka handiz» hartu duela erran du, arazoari heldu ordez zuzenketan aritu diren horiek seinalatu dituelako.
Euskarazko ikaseredu orokortua
Adierazi dute, halaber, egungo hezkuntza sistemari «aspaldi» sumatzen zaizkiola «herrenak», eta horietako nabarmenena ereduetan oinarritutako sistema dela. «Horregatik, aspalditik eskatzen dugu egungo hizkuntza ereduen sistema bertan behera utzi eta gainditu egin behar dela, eta euskarazko ikaseredua orokortu behar dela, euskara gutxien duenari gehiago ematea izanik iparra», gehitu dute.
Oldarraldia hezkuntza arlora hedatu izana «abagune» bat da bide horren alde egiteko, Euskalgintzaren Kontseiluaren erranetan. «Horretarako deia egin nahi diegu euskalgintzako eta hezkuntzako eragile denei, eta baita euskararen etorkizunean sinesten duten indar politikoei ere», borobildu dute.