EAEko Enplegu Publikoaren Legearen inguruan EAJk eta EH Bilduk iragarri duten akordio politikoak «sentipen gazi-gozoak» eragin dizkio Euskalgintzaren Kontseiluari. Izan ere, euskararen aldeko gizarte eragileen bilgunearen arabera, hitzarmenak oinarritzat izanen du EAJk proposatutakoa, eta «ezabatu» eginen du derrigortasun indizea: «Hitzarmen horren ondorioz bideratuko den lege aldaketa zalantzazkoa da oldarraldi judizialari aurre egiteko, eta, batik bat, urrun dago euskararen normalizazioan eta biziberritzean aurrera egiteko ezinbestekoa den arkitektura juridiko berritik», adierazi du erakundeak, ohar batean.
Kontseiluak berretsi du «euskara gazteleraren pare jartzea» dela hizkuntza eskubideen bermean eta normalizazioan aurrera egiteko bidea: «Hau da, geure egitea Katalunian eta Galizian azken hamarkadetan indarrean egon den eredua. Beste era batera esanda, bi hizkuntza ofizialen ezagutza izatea enplegu publikorako sarbidea».
Euskalgintzako eragileek uste dute gaur egun betetzen direla arkitektura juridiko hori abian jartzeko baldintza sozialak, eta azken inkesta soziolinguistikoa jo dute horren frogatzat: «Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 30 eta 40 urte arteko biztanleen artean % 71 dira euskararen ezagutza dutenak; 20-30 urtekoen tartean, % 90etik gorakoa da proportzioa. Hau da, egun lanerako urratsa egiten ari direnen artean aski orokortuta dago euskararen ezagutza».
Horregatik uste dute gaur iragarritako akordioa «urrun» dagoela Kontseiluak planteatutako arkitektura juridikotik. Hala ere, pozteko motiborik ere antzeman dute EAJren eta EH Bilduren itunean. Uste dute akordioak argi erakusten duela Eusko Legebiltzarrean gehiengo bat dagoela «oldarraldi judizialari aurre egiteko borondatea» duena, eta gai dena «orain arteko inertzia batzuk gainditzeko». Horregatik, Kontseiluak bi alderdiei eskatu die «balia dezatela gehiengo hori, egiaz, euskararen etorkizuna bermatzeko premiazkoa den jauzia egiteko»; hau da, akordioa izan dadila «lehen urrats bat» arkitektura juridiko berri baterako bidean.
«Euskara eta euskal hiztun komunitatea larrialdi linguistikoan gauden honetan, ezinbestekoa da hizkuntza politiketan jauzi bat egitea. Hots, gutxiengoentzako begiradan oinarritzen den hizkuntza politika gainditu eta euskararen ezagutza eta erabilera orokortzea xede duen paradigma berri bat abiatzea, hori baita minorizatutako hizkuntza bat normalizaziora, berdintasunera eramateko bidea», nabarmendu dute oharrean. Bien bitartean, Kontseiluak «adi» gainbegiratuko ditu hala legearen moldaketa nola horren emaitzak eta akordio politikoaren beraren bilakaera, «euskararen normalizazioa eta biziberritzea helburutzat hartuta».
LAB: «Hau ez da garaiak eskatzen duen lege aldaketa»
LAB sindikatua ere kritiko azaldu da EAEko Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko akordioarekin: «Gaurko hitzarmenari esker, EAJren lege proposamenak aurrera egingo du, legea horren arabera aldatuko da, eta EH Bilduk proposaturiko zuzenketak ez dira berehalakoan onartuko». Horiek horrela, uste du akordioan jasotako lege aldaketa ez dela «garaiak eskatzen duena», LABen irudiko, «EAJk ez baitu onartu nahi izan administrazio publikorako sarbidean bi hizkuntza ofizialak derrigorrez eskatzea».
Edonola ere, sindikatu abertzaleak nabarmendu du akordioak ez diela bidea ixten «administrazioa euskalduntzeko behar diren urratsei», eta orain arteko egoeran segitzeak ez lukeela oldarraldia baretuko: «Ez zen aukera ona».
Kontseiluak bezala, LABek ere uste du oldarraldiari buelta emateko bide bakarra dela «administraziorako sarbidean euskarari eta gaztelaniari estatus bera ematea», eta, hori gerta dadin, «presio egiten» jarraitzeko asmoa agertu du sindikatuak: «Jarraipen zorrotza egingo diogu lege aldaketaren eta akordioan jasotako beste neurrien betetze mailari. Akordioan jasotzen den moduan, erreforma berri hori lantzeko, Katalunia eta Galizia oinarritzat hartuta betiere, zeinek bi hizkuntza ofizial dituzten».