Euskalmeten arabera, 1970az geroztik izandako udarik beroena izan da aurtengoa

Euskal Meteorologia Agentziak jakinarazi duenez, aurtengo udako tenperatura 1991 eta 2020 arteko batezbestekoa baino 3,2 gradu beroagoa izan da. Bildutako datuen arabera, ekaina eta uztaila «bereziki beroak eta lehorrak» izan dira.

50 graduko tenperatura adierazten duen pantaila bat, Balmasedan, joan den ekainean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
50 graduko tenperatura adierazten duen pantaila bat, Balmasedan, joan den ekainean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
maddi iztueta olano
2026ko irailaren 18a
11:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Susmoa bazegoen, eta Euskal Meteorologia Agentziak baieztatu egin du: uda «beroa eta lehorra» izan da aurtengoa; hainbestekoa, ezen 1970az geroztik izandako udarik beroena izan baita. Gaur eman du horren berri Euskalmetek, eta zenbait datu jakinarazi ditu; besteak beste, aurtengo udako tenperatura 1991 eta 2020 arteko batezbestekoa baino 3,2 gradu beroagoa izan dela. Udako hilabeteen artean, ekaina eta uztaila izan dira beroenak: aurreko 30 urteetakoak baino 3,7 eta 3,6 gradu beroagoak batez beste, hurrenez hurren. Abuztua ere ohi baino beroagoa izan da, 2004az geroztik erregistratutako beroena —2003koa dago, oraingoz, aurreneko postuan—.

Beroa ohiko hizketagai bihurtu da azken udetan, eta aurten, bereziki, buruhauste eta kezka handiak eragin ditu. Itzalaren faltan etxe barrua zertxobait freskatzeko haizagailuen bila aritu da jendea. Euskalmetek zehaztu duenez, ekainaren 21etik 27rako astea «bereziki beroa» izan zen; hots, 1970az geroztik ekainean erregistratutako bero boladarik luzeena. Hain zuzen, sei egun horietan 40 gradutik gorako tenperaturak izan ziren Euskal Herriko zenbait herritan, eta gauetan ere tenperaturek ez zuten kasik behera egin. Euskal Meteorologia Agentziak adibide batzuk eman ditu: ekainaren 24an 44 gradu egin zituen Zizurkilen (Gipuzkoa), 43,3 gradu Muxikan (Bizkaia), eta 43,2 gradu Gardean (Araba).

Uztailari dagokionez, hilaren 5 eta 12 arteko astea izan zen beroena. Zazpi egun horietan, 40 gradutik gorako tenperaturak izan ziren berriro ere Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbait txokotan, hala nola Arrasaten (Gipuzkoa), Balmasedan (Bizkaia) eta Langraizen (Araba). Hala, ekainean eta uztailean izandako bero bolada luzeekin alderatuta, zertxobait freskoagoa izan zen abuztua; beroa, dena den. Hilaren erdialdean, 12an eta 13an, izan ziren tenperaturarik altuenak, eta 40 graduko tenperaturak erregistratu ziren berriro ere. 

Uda sasoian izandako bero boladen adierazle da, hain justu, Euskalmetek hiru alarma gorri ezarri dituela tenperatura altuekin lotuta. Horrez gain, 22 alerta laranja eta 75 alerta hori ezarri dituzte.

Euri gutxi

Beroa ez ezik, aurtengo uda lehorra ere izan da. Euskalmetek adierazi duenez, kostaldean euri gehixeago egin duen arren, barrualdeko herrietako giroa «ohi baino lehorragoa» izan da. Hain justu, Gipuzkoa ipar-ekialdean eta Bizkaiko kostaldean egin du euri gehien. Zenbait lekutan, ordea, ehun milimetro ur baino gutxiago bildu da: kasurako, Langraizen (13,3 mm), Zanbranan (23 mm) eta Abetxukun (24,9 mm); hiru herri horiek Araban daude. Hala, uda osoan euri asko egin duen bost egun soilik erregistratu dituzte: ekainaren 28a, uztailaren 25a, eta abuztuaren 9a, 20a eta 23a.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA