Zure ziztada behar dugu. Euskaltegiak

Euskaltegiek ere babesa eman diote BERRIAlagunari

Euskalduntzeko eta alfabetatzeko eragileek egunero erabiltzen dute BERRIA, eta premiazko jotzen dute lanerako

Maizpide euskaltegiko ikasleak, BERRIA irakurtzen. IMANOL OTEGI / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Donostia
2012ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Euskalduntzeko eta alfabetatzeko hainbat eragilek babesa eman diote BERRIAlaguna komunitateari. BERRIA Taldea lanean ari da hurrengo urteetan ere euskarazko kazeta izateko eta erronka berriei aurre egiteko, eta helburua da diru bilketa egiteko ahal den herritar eta eragile gehienengana iristea. Langile eta langile ohiak, euskalgintzako pertsona ezagunak, bertsolariak eta kirolariak izan dira orain arte atxikimendua erakutsi dutenak. Bada, euskalduntzeko eta alfabetatzeko ordezkariak ere gehitu dira zerrendara. Urtean ehun euroko kuota ordaintzeko prest dauden 5.000 lagun topatzea da aurtengo erronka, eta, oraingoz, 1.870ek eman dute laguntza. Urtean 240.000 euro emateko prest daude.

Arazo ekonomikoak direla medio, BERRIA Taldea iazko azaroan hasi zen diru ekarriak biltzen. Euskarazko hedabideak inoiz baino irakurle gehiago dauzka, baina Joanmari Larrarte hedabide taldeko kontseilari ordezkariaren esanetan, diru sarrerak oso dira txikiak. Nagusiki bi dira horren arrazoiak: bata, krisi ekonomikoa —erosle, diru laguntza eta publizitate gutxi—, eta, bestea, hedabideetan izaten ari den eredu aldaketa —paperaren beherakada eta sarearen gorakada, baina diru sarrera gutxirekin—.

Egoera horrek bultzatuta, BERRIA Taldeak hausnarketa fase bati ekin zion, eta BERRIAlaguna deituriko kanpaina ipini zuen martxan. Kanpaina bigarren fasean dago, eta herriz herri hedatzea eta sektore ezberdinekin hainbat ekimen egitea da fasearen asmoa. Euskalduntzeko eta alfabetatzeko sektoreak, bada, premiazko jo du egunkariaren presentzia euskal gizartean.

Jose Luis Azpillaga Deba, Elgoibar eta Mutrikuko euskaltegiko irakasleak zera adierazi du, euskaltegientzat ezinbesteko tresna dela BERRIA: «Euskal egunkaria ikasgelan artikuluak irakurtzeko erabiltzen dugu, baita mintzamenerako ere. Goi mailan dauzkagun ikasleek arazorik gabe ulertzen dute bertako euskara». BERRIArik gabeko gizarterik ez luke imajinatu ere egin nahi: «Garai batean bizi izan ginen euskal komunikabiderik gabe, baina BERRIA desagertzea atzerapauso galanta izango litzateke».

«BERRIA gabe, zer eginik ez»

Iritzi berekoa da Koldo Aldasoro Gabriel Aresti euskaltegiko kidea ere. BERRIAlagunari babesa ematea obligazioa dela nabarmendu du: «BERRIA barik, ez dago zer eginik. Gure euskal egunkaria gabeko gizarte bat ikusten duena beste gizarte batean bizi da». Aldasorok esan du guztien batasuna beharrezkoa dela euskal gizartea aurrera eramateko. Marian Bidegain Maizpide euskaltegiko zuzendariaren arabera, «izugarrizko luxua da testuak euskaraz edukitzea. Oinarrizko baliabidea da BERRIA euskara ikasteko, eta eskura daukagunean, ezin daiteke onartu desagertzear egotea».

Urrats euskaltegiak ere bat egin du Zure ziztada behar dugu kanpainarekin. Miren Urbina bertako irakasle batek dioenez,«BERRIA egunero erabiltzen da gure euskaltegian. Ikasle berriekin laburrak eta iritzi artikuluak lantzen ditugu, eta denbora gehiago daramatenekin testu nagusiak».

Nafarroako euskaltegiak egoera larrian daudela jakinarazi du Joserra Olano IKAko zuzendariak. Hargatik, BERRIAri laguntzeko arrazoiak gehitu egiten dira: «Euskal egunkariak oso itxura oneko euskara erabiltzen du, eta guztientzat derrigorrezkoa da horri eustea. Euskaltegiontzat funtsezko tresna da egunkaria, baina, oro har, gizarte guztiarentzat behar luke izan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.