Ekaitz Santazilia hizkuntzalaria euskaltzain osoa izateko hautagaia da; gaur aurkeztu dute haren hautagaitza, Gasteizen euskaltzainek egin duten osoko bilkuran. Pello Salaburu euskaltzain emeritua da uztailetik, eta haren lekua betetzeko aurkeztu dute Santazilia. Ez da beste hautagairik; beraz, ezusterik ezean, hurrengo osoko bilkuran euskaltzain oso hautatuko dute, azaroaren 27an, Bilboko Euskal Museoan.
1987an sortua da Santazilia, Iruñekoa. Euskal Filologiako irakasle titularra da NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta Nafarroako Gobernuaren Fontes Linguae Vasconum argitalpenaren zuzendaria izan da orain dela gutxira arte. Hizkuntzalaritzarekin lotutako beste hainbat ekinbidetan ere badabil. Euskararen historia du ikerlerro nagusi, Nafarroakoa bereziki. Euskaltzaindiak berak, gaur hautagaitzaren berri emateko atera duen oharrean, bereziki nabarmendu du Santaziliak arlo horretan egindako lana: «Euskal testu zahar franko aurkitu eta editatu ditu».
Euskaltzaindiak 2024an izendatu zuen euskaltzain urgazle, eta hainbat lan egin ditu akademiaren aginduz.