Bake-elkarrizketa, botere betearazle, gizarte patriarkal, indarkeria matxista, entente, mandala, liberto, ezkutuko ekonomia, kutsadura akustiko, grabitatu, haserrea piztu, ideia-jasa, kale-zurrut, borboi... Horiek dira, besteak beste, Euskaltzaindiaren Hiztegian aurki daitezkeen forma berriak. Sei hilabetean behin egin ohi duen gisan, sarean duen hiztegia eguneratu du euskararen akademiak, eta 485 forma sartu ditu.
Euskaltzaindiak jakinarazi duenez, 2025ean batez ere testuliburuetako edukiak landu dira hiztegiaren lantaldean, DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleei begira. «Garrantzi handikoa da maila horietako hitzak arautzea, baina ez hori bakarrik: ikasleek horien definizioak eta erabileran lagunduko duten adibideak eskura izatea ezinbestekoa da, hiztegia baliagarri izango bazaie», azaldu du Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Hiztegiaren zuzendariak.
Orain arte hiztegian jasotakoa berrikustea ere bada lantaldearen zeregin garrantzitsuetako bat: 1.186 berrikuspen egin dituzte. Adiera berriak sartu dituzte (687), eta baita erabili gabeak isildu ere. Adibideak gehitu edo berritu dituzte; horren erakusgarri dira eguneratze honetako 2.353 adibide berriak.
Guztira, 52.561 forma jasotzen ditu orain hiztegiak, 70.978 adiera eta 118.579 adibide.