Aparteko ahalegina egiten ari da EHE Euskal Herrian Euskaraz mugimendua urteotan euskaltzaletasuna eta independentismoa berriz estu uztartzeko. Bide horretan aurrera egite aldera, Euskaltzale Independentisten Akanpada deituriko topaketa egingo dute heldu den aste honetan; Behorlegin izango da, Nafarroa Beherean. Hiru helburu nagusi izango dituzte. Lehena: «Euskararen, justiziaren eta independentziaren aldeko borrokez gogoetatzea». Bigarrena: «Euskaltzale independentisten arteko harremanak sakontzea». Hirugarrena: «Euskaraz libertitzea eta naturaz gozatzea». Aste osokoa izango da: hilaren 25etik 31ra.Â
«Inplizituki» euskaltzaletasuna eta independentismoa bat eginda egon dira beti EHEren jardunbideetan, baina propio lotura horretan sakontzeko topaketa batzuk egin zituzten 2023ko urriaren 7an eta 8an, Gipuzkoan, Villabonan. «Iruditzen zaigu bi prozesu horiek, independentista eta euskaltzalea, ezinbestekoak direla euskararen errepublika eraikitzeko bidean», azaldu zuen orduan mugimenduko ordezkari Intza Gurrutxagak. Ordutik ere egin dituzte helburu horren inguruan beste hainbat ahalegin, eta beste ekinaldi bat egitea da orain asmoa. Nafarroa Behereko EHEk hartu du orain topaketa hau antolatzeko ardura, eta taldearen izenean Gorka Roca Torre ekintzaileak nabarmendu du oraingoan «kanpaldi izaera» eman nahi izan diotela, eta su motelagoan landu nahi dutela dena han: asti gehiago hartuta solaserako eta gogoetarako, eta aisialdiari ere garrantzia emanda.Â
Gogoeta sustatzea izango da topaketaren helburu nagusietako bat, eta Ipar Euskal Herrian nagusi diren hainbat borrokak aparteko tokia izango badute ere gaitegian, oro har, euskararen lur osoan nagusi diren kezkak izango dituzte hizpide. «EHEren eguneroko borrokan azken hilabeteotan jorratu ditugunak izango dira gogoetagaiak, eta etorkizunean jorratu nahi ditugunak», azaldu du Roca Torrek. «Hau Euskal Herri osoari zuzendua da, euskaltzale guztiei». Aurreratu du «egun guztiz» izango direla hitzaldi eta eztabaidak. Goizez eta arratsaldez egingo dituzte saioak.
«EHEren eguneroko borrokan azken hilabeteotan jorratu ditugunak izango dira gogoetagaiak, eta etorkizunean jorratu nahi ditugunak»
GORCA ROCA TORRE EHEko kidea
Solasaldiak
Astelehenean Intza Gurrutxaga Loidik hartuko du hitza. Justizia euskaldunontzat; euskaldunak justiziaren alde; independentzia euskaraz bizitzeko eta justizia gauzatzeko saioan mintzatuko da. Gurrutxagak euskarazko justizia eskatzeko adierazpen ugari egin ditu hilabeteotan EHEko kide gisara, eta ekintza esanguratsu batean ere parte hartu zuen iazko abenduan: Baionako epaitegiko teilatu gainera igo zen Roca Torrerekin batera, eta euskararentzat justizia galdegin zuten biek, Justizia euskararentzat leloa idatzirik epaitegiko horman.Â
Asteartean, Iraia de la Torre Landerak hartuko du hitza Geldi euskara bigarren mailako hizkuntza gisa tratatzea saioan. «Hor azpimarratu nahi dugu nola euskarari ematen zaion bigarren mailako tratamendua hainbat arlotan», iragarri du Roca Torrek. Asteazkenean, berriz, Ekain de Olano solastatuko da. «Politologoa da, eta ekarpen teoriko bat egingo du euskaldunok pairatzen dugun zapalkuntzari buruz. Ez gara beti kontziente, askotan normalizatua dugulako».Â
Osteguneko eta ostiraleko saioak Roca Torrek berak zuzenduko ditu. Intsumisio eta desobedientzia zibilaren praktika historikoen irakaspenez jardungo du lehengo egunean, eta, bigarrengoan, jarrera hori euskararen aldeko borrokara ekartzeko dauden moduez. Larunbatean, berriz, zera izango da solaserako gaia, Ipar Euskal Herrian herrien euskal izenak ofizialtzeko egiten ari diren borroka. Igandean, amaierako ekitaldi moduan, astean zehar jasotakoen gaineko bilduma eztabaida bat egingo dute, eta lagunarteko giroan bukatuko dute kanpaldia, bertso bazkari baten bueltan. Haira Aizpurua Ibargarai, Ramuntxo Christy Biscay eta Maddi Ane Txoperena Iribarren ariko dira bertsotan.Â
Elkarren berri izateko
Aisialdiak eta naturarekin bat egiteko proposamenek aparteko tokia izan dezaten, askotariko jarduerak iragarri dituzte: «Mendi ibilaldiak, errekan bainatzea, harrespilak eta triku harriak behatzea, baratzezaintza, pilota, areto futbola…». Izan ere, euskaltzale independentisten arteko harremanak hobetzea da kanpaldiaren helburuetako bat, eta argi dute horretarako aukerak joritu egiten direla halako jardueren bidez. Kultur jarduerek ere aparteko tokia izango dute: «Gau guziz Elea musika jaialdiaz gozatzeko parada izango da».
Behorlegiko Bidondoa aterpetxean egingo da kanpaldia, eta ekarpena egin nahi duen oro «ongietorria» izango dela esan du Roca Torrek. Izena emateko era bada oraindik: nafarroabEHErea@proton.me helbidera idatzi behar da. Egun guztietan ezin bada, kanpaldiko egun jakin batzuetan bakarrik parte hartzeko modua izango da. «Bakoitza etor daiteke nahi duen denbora pasatzera». Horregatik, adibidez, hitzaldiak goiz eta arratsaldez egingo dituzte, lanean ari den jendeak ere saioetan parte hartzeko modua izateko. «Oporrak bai, borroka era bai; biak batera eramango ditugu kanpaldian». Eta pozik daude, izena ematen ari baita jendea: «Euskal Herri osoko jendea».