Euskaltzaletasuna modu askotan loratu da. Historian atzera begiratuta, asko izan dira urrats esanguratsuak. Hona, adibiderako, hautaketa bat:
1863. Luis Luziano Bonapartek euskalkien mapa argitaratu zuen, bere lan ezagunenetarikoa. Bidaia ugari egin zituen Euskal Herrira, 1857an hasita. Euskara ikertu zuen, ikertzaile talde sendo baten lankidetzarekin.
1888. Lehen euskara katedra sortu zuten, Bilbon, eta Resurreccion Maria Azkue jarri zuten maisu, euskara irakasteko eta euskaraz trebatzeko. Beste hiri eta herri batzuetan sortuko ziren geroago.
1901. Euskarazko ortografia batzeko lehen ahaleginak egin zituzten Hendaian. Ahalegin horretatik sortu zen Euskaltzaleen Biltzarra.
1914. Miguel Muñoa ongileak Donostian martxan jarri zuen euskaraz irakasten zuen ikastetxe bat. Atzetik, gehiago eratu ziren.
1918. XIX. mendeko hainbat euskaltzalek jada azpimarraturik zuten euskararen defentsarako akademia baten beharra; 1918an hori eratzeko lehen urratsa Bizkaiko Diputazioak egin zuen, eta atzetik gainerakoak lotu zitzaizkion. 1919an eratu zen Euskaltzaindia.
1927. Euskaltzaleak elkartea osatu zen; euskal egunak, poesia egunak eta bertsolari egunak antolatu zituen, besteak beste.
1932. Eusko Ikastola Batza jarri zen martxan.
Â

1942. Elbira Zipitriak, Donostian, bere etxean, etxe-eskola deiturikoetan lehena jarri zuen martxan, diktadura betean. Apurka, ugarituz joan ziren, eta handituz.
1956. Lehen Euskal Mundu Biltzarra egin zen, erbesteko Eusko Jaurlaritzak antolatuta, Parisen.
1964. Andereñoen erresidentzia gisara ezagun egin zen zentroa jarri zuten abian, Donostian, ikastoletan ari ziren irakasleak trebatzeko.
1965. Ez Dok Amairu kultur mugimenduak bere bidea abiatu zuen.
1968. Euskara batuaren oinarriak jarri ziren Euskaltzaindiak Arantzazun egindako biltzar batean. Aurreko urteetan landuz joandako bidea biribildu zen han.
1976. Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea AEK martxan hasi zen. 1960. urtetik abian ziren gau eskolen mugimendua egituratu zuen.
1978. Euskaltzaindiak sustatuta, Bai Euskarari kanpaina egin zen.
1979. EHE Euskal Herrian Euskaraz mugimendua martxan jarri zen.
1980. Lehenengo Korrika egin zen, AEK-k antolatuta.
1982. EKB Euskal Kulturaren Biltzarra eratu zen, euskalgintzako erakundeak koordinatu eta biltzeko.
1990. Egunkaria Sortzen ekinbidea martxan jarri zuen euskaltzaleen mugimendu sendo batek, eta urte hartako abenduaren 6an lehen zenbakia argitaratu zuen Euskaldunon Egunkaria-k.

1997. Euskararen Unibertsoa jardunaldietan erabaki zen Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua sortzea.
1998. Bai Euskarari kanpaina abiarazi zuen Kontseiluak. Hainbat ekinbide sustatu ziren horren abaroan, eta 1998ko abenduaren 26an eman zitzaion amaiera: Euskal Herriko bost estadiotan 118.000 pertsona batu ziren euskararen alde.
2023. Kontseiluak deituta, manifestazio nazional jendetsua egin zen Bilbon azaroaren 4an euskararen normalizazioaren eragozten zuten epaien kontra egiteko: 70.000 euskaltzalek baino gehiagok bete zituzten kaleak. Euskararen aldeko «akordio soziopolitiko berri bat» eskatu zuen han Kontseiluak.
2025. Bilbon ekitaldi jendetsua egin du Kontseiluak, eta euskararen aldeko mugimenduaren «pizkundea» irudikatu nahi izan du horrela.