mikel p ansa

Patuaren kontrako borroka

2025eko abenduaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hil kanpaiak jo dizkiete euskaldunei lehenago ere, ez behin eta ez bitan. Wilhelm von Humboldt hizkuntzalariak duela ia 225 urte esan zuen euskaldunak «mendea baino lehen» desagertuko zirela. Jacques Elisee Reclus geografo anarkistak, duela 158 urte, iragarri zuen desagertzeko bidean zirela euskaldunak: «un peuple qui s’en va», herri bat badoana. Garapenak irentsi behar zituen, ezinbestean. Horregatik idatzi zuen Koldo Izagirre idazleak euskararena «patuaren kontrako borroka ere» badela, Autopsiarako frogak liburuan.

Neurri batean, asmatu egin zuten atzerriko ikerlari haiek, euskaldunak galdu egin baitziren lehenago euskaraz egiten zen eskualde askotan. XIX. mendean, ezin saihestuzko heriotza hori dokumentatzera etorri ziren Europako ikerlari asko. Euskara, hain hizkuntza bitxi eta berezia, estudiatu beharra zegoen galdu aurretik. Ikertu, jaso, gorde: museoetan erakusteko zer izan zen. Luis Luziano Bonaparte, Julien Vinson, Edward Spencer Dogson... Ikerlari horiek, Bonapartek bereziki, kolaboratzaile sare handi bat sortu zuten beren ikerketa lanetarako, eta, oharkabean seguru asko, orduantxe eratu zen euskaltzaleen lehen sareetako bat, modu informalean eta ia nahi gabe. Bonaparteren euskalkien mapa ezagunak, bestalde, batere pentsatu gabe, errealitate bat jarri zien begien aurrean euskaldunei: euskararen herria, inongo mapatan agertzen ez zena, paper zati batean irudikatua ageri zen han. Eta irudikatzea izaten da mugimendu askoren lehen txinpartetako bat, irudikatu ere egiten ez dena ia ez baita existitzen.

Ezin da esan euskara berreskuratzeko edo salbatzeko ahaleginek jatorri hori bakarrik izan zutenik, eragile asko, zein bere aldetik, hauspoari eragiten hasiak baitziren ordurako. Jose Frantzisko Aizkibel, esaterako, XIX. mendearen erdirako ari zen euskara batzeko eskaria plazaratzen, eta lehen euskal gramatikak lehenagokoak dira. XIX. mendekoak dira Anton Abadiaren lore jokoak, eta garaitsukoak lehen euskal kazeta inprimatuak ere. XIX. mendearen bukaeran sortu ziren kultura, ikerketa eta zabalkunde elkarte asko, eta euskaraz irakasteko lehen katedra antolatuetako bat ere bai, Resurrecion Maria Azkuek eman zuena Bizkaiko Foru Aldundiaren enkarguz.

Kontzientzia ernatzeko urteak izan zirela esan daiteke. Euskaldun izatearen lehen kontzientzia politikoaren arrastoak ordukoak direla, alegia. Eta, 1876an karlistek gerra galduta, euskara eta euskal identitatea erabat galtzeko eta desagertzeko beldurrak gehiago hauspotu zuen kontzientzia hori.

Nolabait ere, esan daiteke euskararen autopsia egitera etorri ziren atzerriko hizkuntzalari horiek lagundu zutela hil hurren zen hizkuntza hari hats berri bat ematen. Aldaketa funtsezko bat gertatu baitzen garai hartan: determinismoak eta progresismoak ezartzen zuten patu saihetsezinaren ideiaren aurka, gizatalde batek sinistu zuen posible zela hizkuntza baten galbidearen kontra ekitea, eta ekin egin zion, kontzientzia hartuta.

Historia honetan, bi gako horiexetan daude giltzak zintzilik: kontzientzia hartzea, eta ekitea.

Gero etorri ziren aldizkari gehiago, euskaraz ikasteko eskola gehiago, umeentzako lehen ikastolak eta irakasleentzako eskolak 1910eko hamarkadan, eta, geroago, Euzko Pizkundea deitu zitzaiona, euskal kultura eta folklorea sustatzeko mugimendua, EAJren gerizpean: bertsoak, dantzak, pilota, poesia... Eta, horrekin bat eginez, idazleen eta artisten beste belaunaldi bat, 1930eko hamarkadan pizten hasi zena, eta 36ko gerrak erabat itzali zuena. Iparraldean, beste gerra batek eragin zion atzerakada handia euskarari, 1914koak.

Burua altxatzen hasi orduko lepoa bihurritzen diotenaren historia ere bai baita hau. Gerraz gerra, pauso bat gibelera.

Frankismoaren urterik beltzenetan hasi zen beste pizkunde bat, ia oharkabean, eta indartsu zabaldu, gerraurreko sugarrei putz eginez, eta sua bizitzeko bestelako egurrak ekarriz, garaia beste bat baitzen, eta 1950-60ko belaunaldiek ikuspegi berriak gehitu baitzizkioten euskara salbatzeko borrokari. Asko aldatu, eraldatu eta garatu da olatu hura, baina kasik gaur arte iritsi dira orduko suaren garrak.

Ohartzekoa da, historiaren kale kantoiari buelta ematen zaion aldi bakoitzean, beti agertzen direla kontzientzia eta ekintza, patuaren kontrako borrokan.

Izan ere, berezko joerek beti egingo dute hizkuntza nagusien mesedetan. Eta hori ederki nabaritzen da kontzientzia politikoa eta ekintza antolatu eta kolektiboa apaltzen edo erlaxatzen direnean. Beste aro bat eta bestelako erronkak ditu euskaldunen herriak, munduko eta auzoetako hizkuntza gutxituetan ere sumatzen denez: globalizazioak eta digitalizazioak koska bat behera eraman dituzte ahuldutako mintzairak, hizkuntza gutxituak areago gutxituta. Baina badakigu zein den patuaren kontrako errezeta, eta botika etxean dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.