Kontra egin nahi diote arlo digitalean euskara «desagertzeko arriskuari»

Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak izenpetutako hitzarmenaren bidez, euskara txertatu nahi dute telefono adimendunetan, tabletetan eta adimen artifizialeko programetan.

Sakelako telefono bat eta ordenagailu bat. ANGEL COLMENARES / EFE
Sakelako telefono bat eta ordenagailu bat. ANGEL COLMENARES / EFE
14789412 kepa
2025eko azaroaren 28a
19:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Adimen artifizialaren arloan euskararen etorkizuna ziurtatzeko hitzarmen bat sinatu zuten orain gutxi Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak, eta BOEn gaur eman dute horren berri. Bi administrazioek izenpetutako akordio horretan, urratsez urrats azaltzen da zer bide orriri jarraituko dioten ziurtatzeko euskarak bizirik iraungo duela sakelako telefono adimendunetan, tabletetan eta adimen artifizialeko programetan. Horretarako, 10,5 milioi euro inbertituko dituzte 2028ra arte.

Beste hizkuntza gutxitu batzuentzat baliagarria izan daitekeen lan eskema bat diseinatuko dute, eta corpus linguistiko bat sortu. Helburua da ikertzaileek eta garatzaileek corpus hori erabili ahal izatea euskal hiztunen ahotsa ezagutzeko sistemak, euskararako itzulpen automatikoko aplikazioak eta euskarazko elkarrizketa laguntzaileak azkarrago sortzeko.

Euskararen corpus digital hori sortzeko prozesua hiru fasetan gauzatuko da, «konpilatzen diren hizkuntza baliabideak eta kode irekiko oinarrizko ereduak enpresei, gizarteari eta Europako beste datu plataforma batzuei transferituz», Euskorpus ekinaldiaren plan estrategikoan jasota dagoenez. Hala ere, ez dute eperik zehaztu.

Euskorpus

Hain zuen, Eusko Jaurlaritzak Euskorpus egitasmoa sortu du Espainiako Gobernuarekin adostutako hitzarmenari ekiteko. Aurtengo otsailean aurkeztu zuten egitasmoa. Haren atzean «irabazi-asmorik gabeko» elkarte bat dago, Euskorpora izenekoa, eta bazkide pribatu gisa parte hartzen dute, besteak beste, Vicomtech, Euskaltel, Kutxabank, Petronor, Iberdrola eta CAF enpresek, baita Mondragon taldeak eta Euskaltzaindiak ere.

Inbertsio publikoari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailak bost milioi euro jarriko ditu bi urtean, eta horiei Kultura Sailak eta Zientzia eta Unibertsitate Sailak jarritako 550.000 euro gehituko zaizkie.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.