«Jendeak uste du euskarak dena eginda duela, eta bideratuta dagoela. Baina ez da horrela. Egoera delikatua da, eta baldintza guztiak kontra ditugu. Ahalegin bereziak egin behar dira, garaian garaikoak, eta orain tokatzen da instrumentu berriak sortzea», kontatu du Iñaki Martinez de Luna ohorezko euskaltzainak eta EBA Euskara Biziberritzea Araban egitasmoaren zuzendariak gaur. Euskaltzaindiak eta Arabako Foru Aldundiak batera sustatutako tresna da EBA, eta 1960 eta 1970eko hamarraldietan euskara biziberritzeko egindako ahalegin batzuk dokumentatu dituzte horren bidez. Orain arte egindako lana aurkeztu dute gaur, aldundiaren egoitzan.
Datu estatistikoak jaso dituzte, dokumentazio bibliografikoa ere bai, eta bilduma bat osatu dute hizkuntza biziberritzeko ahaleginetan erabilitako hainbat euskarri bilduta. Kartelak, pegatinak eta gidak katalogatu dituzte, besteak beste.
Sei elkarrizketa ere egin dituzte; denera, hamabi ahots: Maria Jesus Aranguren, Pili Aristizabal, Koldo Biguri, Pako Eizagirre, Kepa Enbeita, Rafa Etxegarai, Rikardo Gonzalez de Durana, Lurdes Lekuona, Kepa Mendia, Maite Mendiburu, Felix Razkin eta Blanca Urgell elkarrizketatu dituzte haien testigantzak jasotzeko.
Haiek esandakoak txukundu eta hainbat bideo osatu dituzte, iraupen desberdinekoak, eta askotariko gaiak azaleratu dira. Besteak beste, garaiko gizarte giroaz, iritziez, jarrerez eta jokaerez, erabileraz eta gaitasunaz aritu dira. Are, ez dira 1960 eta 1970eko hamarkadetara mugatu, lehenagoko eta oraingo garaiez ere hitz egin baitute. Euskaltzaindiaren webgunean eskegi dituzte bideoak, edonork ikusteko. Gainerako informazioa ere online kontsulta daiteke.
Izan ere, egitasmoaren helburuetako bat da informazioa «ahalik eta gehien» zabaltzea, modu hezitzaile eta aktibatzailean, «bereziki» belaunaldi berrien artean. Zertarako? «Ezagutzen dugun hori errazago delako maitatzeko eta lan horretan jarraitzeko. Egindakotik ikasi egin behar dugu, eta guztion artean aurrera egin», erantzun du Sagrario Aleman Euskaltzaindiaren Sustapen batzordeburuak. Ez hori bakarrik, egitasmoa euskararen alde lan egin dutenei egindako esker oneko keinu bat ere badela esan du. Eta euskarak Araban egin duen bidearen historia sistematikoki biltzeko ere balio du.
Testigantza gehiago, lurralde gehiago
Hasitako lanari jarraipena emango diotela iragarri dute Martinez de Lunak eta Alemanek. Aurten beste sei elkarrizketa egin nahi dituzte, horietatik lau Arabako beste bi kuadrillatan, ez Gasteizen. Elkarrizketatu egokiak identifikatzen dabiltzala zehaztu du Martinez de Lunak, eta azaldu du horregatik ez dutela oraindik erabaki non egingo dituzten. Kontakizunak zabaltzeko kanal gehiago ere ireki nahi dituzte. «Gazteak non daude, TikToken? Agian TikTok kontu bat ireki beharko dugu». Arabako Foru Aldundiarekin egindako lankidetza itunak 2027. urtera arteko epemuga du.
Iñaki Gurtubai Euskara alorreko foru diputatuak gogora ekarri du 2024. urtean sinatu zela EBA garatzeko hitzarmena. «Egitasmo hau tresna estrategikoa izango da euskararen biziberritze prozesuan sakontzeko. Ezagutza sortuko dugu, eta ezagutza hori baliagarria izango da bide orri hobeak eraikitzeko».
Egitasmoa gainerako lurraldeetara zabaltzeko desioa ere adierazi du Alemanek. «Batek daki zer ekarriko duen honek, baina konfiantza osoa dut». Gainerako herrialdeetan ere euskara biziberritzeko ahalegin «handiak» egin direla azpimarratu du, eta ahalegin horiek jasotzea «garrantzitsua» dela.
Ezagutzak, gora; erabilerak, ez horrenbeste
EBAn jasotako datuen arabera, geroz eta arabar gehiagok dute euskaraz hitz egiteko gaitasuna. 1991. urtean, hamar lagunetik bat ere ez zen euskal hiztuna, eta 2021. urtean, bost lagunetik batek baino gehiagok zuen ahalmena. Hau da, 30 urtean bikoiztu egin da euskaldun kopurua. Baina erabilerak ez du halako hazkunderik izan. 1991. urtean kale erabilera %2,8koa zen, eta, azken neurketen arabera, %4,5ekoa da orain. Hots, kalean entzuten diren ehun elkarrizketetatik lau izaten dira euskaraz.