Euskaltzaleen topagune izan eta ingurukoekin zubiak eraiki. Horiek dira aurtengo Nafarroa Oinez festaren bi ardatz nagusiak. Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolak antolatu du aurtengo festa, eta gaur egin dute aurkezpena, Iruñean, Nafarroako Ikastolen Elkartearen egoitzan. Horrez gain, «mugikortasun jasangarriaren aldeko apustu irmoa» egin dute antolatzaileek, Nafarroa Oinez «urbanoa, inklusiboa eta irisgarria» egiteko xedez. Hilaren 19an «autobusez, bizikletan edo oinez» bertaratzeko deia egin diete euskaltzaleei.
Paz de Ziganda ikastolako zuzendari Iñaki Errozek azaldu ditu festaren nondik norakoak. Bi helbururen inguruan ardaztu dute festa. Alde batetik, euskara: «Hori da gure xede nagusia: euskaltzale guztien topagune izan eta euskara sustatu». Eta, beste aldetik, elkarlana: «Zubiak eraiki nahi izan ditugu; ikastola zabaldu inguruko herrietara, eta elkarlana sustatu beste zenbait eragilerekin». Besteak beste, harremanak landu dituzte Iruñeko Paris 365 jantoki sozialarekin eta Yala Nafarroa Palestinarekin plataformarekin. Biek ala biek presentzia izanen dute hilaren 19ko festan.
Ibilbide motza eta asfaltatua
Irisgarritasun irizpideak aintzat hartu dituzte ikastolako arduradunek, ibilbidea diseinatzeko tenorean. «Erronka handia izan da, ikastola herrian bertan dagoelako», esplikatu du Roberto Gabantxok, Nafarroa Oinez-en ibilbide batzordeko buruak. Ikastolaren kokapena aintzat hartuta, «ibilbide urbanoa» diseinatu dute, «edonork» parte hartzeko modukoa: «Ibilbidea motza da, 2,8 kilometro luze baita, eta irisgarria, ez baitu oztoporik: guztiz asfaltatua dago, gurpil aulkiekin edo haurrentzako orgatxoekin egiteko modukoa».
Aspaldiko partez, gainera, aurtengo ibilbidea ez da zirkularra izanen, lineala baizik: «Hiru gune izanen ditu; horietako bi herrian bertan, eta hirugarrena Uharteko zelai batean. Edozein adin eta gaitasuneko pertsonek erraz gozatu ahal izanen dute», gehitu du Gabantxok.
Apustu «berdea»
Garraio jasangarriaren aldeko apustua ere nabarmendu dute aurtengo Nafarroa Oinez-en antolatzaileek. Iruñerriko herritarrei dei egin diete «oinez, bizikletan edo billabesaz» joateko, eta horretarako baliabideak jarri dituzte: besteak beste, «geoerreferentziatutako bizikleta ibilbide sare bat» diseinatu dute, Iruñerriko herriak eta auzoak Atarrabiako ikastolarekin lotzeko; bizikletentzako aparkaleku segurua atondu dute ikastolaren parean, eta, horrez gain, indartu egin dute hiriko garraio zerbitzua: «Iruñerriko Mankomunitatearekin elkarlanean, billabesen maiztasuna areagotu eginen da egun osoan», azaldu du Xabier Alvarez de Eulatek, ingurumen batzordeko buruak. Zehazki, 4, 7 eta 19 autobus lineak indartuko dituzte.
Alvarez de Eulatek nabarmendu duenez, Nafarroako Gobernuak ematen duen Ekitaldi Jasangarrien Intsignia lortu du Nafarroa Oinez festak, ingurumenarekin duten konpromisoaren erakusgarri: «Intsignia honek ingurumen baldintza jasangarrietan egindako ekitaldiak aitortzen ditu». Garraioaz gain, bestelako neurriak ere aplikatu dituzte, besteak beste, hondakinen birziklatzea hobetzeko, edalontzi berrerabilgarrien erabilera sustatzeko eta ingurumenarekiko konpromisoa sendotzeko.
BERRIA, festarekin bat
Ekitaldi, ikuskizun eta kontzertu sorta «zabala eta askotarikoa» prestatu dute urriaren 19ari begira, «familia giroan gozatzeko». Igandeko festaz harago, bi eguneko kultur egitaraua antolatu dute, denen gozagarri. Hiru guneetan eskainiko dituzte haurrentzako jarduerak, artisautza azoka eta musika emanaldiak.
BERRIAk ere presentzia nabarmena izanen du Nafarroako ikastolen festan, bai larunbatean bai igandean. Hilaren 18an, esate baterako, BERRIAk Mantangorri eskulan tailerra eskainiko du eta, arratsaldean, Asier Kidam magoa frontoian izanen da bere magia ikuskizunarekin. Urriaren 19an, berriz, BERRIA bigarren gunean izanen da goiz osoan. Gainera, Asier Kidamen magiarekin gozatzeko beste aukera bat izanen dute gune horretara bertaratzen direnek, «gertuko magia» ikuskizuna eskainiko baitu BERRIAren txokoan.
Gozategi eta Sorotan Bele
Musikak, baina, berebiziko garrantzia izanen du egitarauan. Talde eta musikari ezagunak igoko dira oholtza gainera; besteak beste, Korrontzi, Xaibor, Gozategi, Nafarroa 1512 eta Sorotan Bele. Lehen gunean, esate baterako, Motxila 21, Trikidantz eta Gozategi ariko dira. Bigarrenean, berriz, DJ sesioak eskainiko dituzte, Gora Musika, Korrontzi eta Biziraun taldeen kontzertuekin batera. Hirugarren gunean, azkenik, Xaibor, Sorotan Bele, Oihan Vega eta Rebel Noise artisten doinuak adituko dira. Horiez gain, Kuxkuxtu, Galtzagorri eta beste hainbat konpartsak giroa goxatuko dute ibilbide osoan.
Oinezescape izeneko jarduera ere aurkeztu dute gaurko agerraldian: parte hartzaileek misterio bat argitu beharko dute, euskarari eta euskal kulturari lotutako pertsonei buruzko informazioa bilduz eta ibilbidean zehar ezkutatuta dauden pistak lortuz.
Puntu moreak
Antolatzaileek nabarmendu dute beren helburua dela Nafarroa Oinez «eremu segurua eta errespetuzkoa» izatea, eta, horretarako, puntu moreak jarriko dituzte hiru guneetan, edozein sexu eraso gertatuz gero, «berehalako erantzuna emateko eta aholkularitza zerbitzua eskaintzeko». Herritarrak animatu dituzte jaiak «aske bizitzera eta gozatzera».