Euskara, euskal estatuaren zain

Euskarak estatu bat behar al duen aztertu dute Estitxu Garai, Lorea Agirre, Amets Aranguren, Eneko Bidegain eta Amets Arzallusek. Bazterketari «pribilegio» esatea salatu dute

Bidegain, Garai, Aranguren, Agirre eta Arzallus, atzo, Villabonako Gurea antzokian. IÑIGO URIZ / FOKU.
xabier martin
Villabona
2023ko urriaren 08a
00:00
Entzun
Euskararen egungo errealitateaz gogoetan eta euskarak gain behera ez jarraitzeko estatu bat behar ote duen hausnartzen aritzen direnean bost hizlari trebatu, bi orduko eztabaida sakonean, askotarikoak gertatzen dira edukiak, kontzeptuak eta ideiak; horietako bat da euskara «diskriminazio ardatz bat» dela, eta, aitzitik, «pribilegio» esaten diotenen ildoa nagusitzen dela sarri, euskal hiztunen eskubideak betetzeko aukerak aldenduz. «Biktimak» dira hiztun horiek, ez «pribilegiatuak», baina estaturik ez duen hizkuntza bateko hiztunek «gezur handi» horri eta beste hainbati egin behar diete aurre «egunero». Horregatik, euskararen geroa bermatuko luketen «lege ausartak betearazteko gaitasuna» edukitzea «oinarrizkoa» da euskararentzat, eta gaitasun hori «estatu batek» ematen du.

Euskal Herrian Euskaraz-ek antolatuta, Euskaltzale Independentiston Topaketak egiten ari dira Villabonan (Gipuzkoa), eta Euskararen errepublika eraikiz izenburupean aritu ziren atzo, Gurea antzokian, Estitxu Garai politologoa, Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendaria, Amets Arzallus bertsolari eta idazlea, Eneko Bidegain idazle eta kazetaria, eta Amets Aranguren Kontseiluko proiektuburua. Ekhiñe Atorrasagasti kazetariak egin zituen aurkezle lanak.

«Euskal errepublika bat tresna izugarria litzateke euskararentzat, sinbolikoki, aitortzari begira, estatu hizkuntza litzatekeelako. Estatuak subiranotasun politikoa dakar eta, horrek, hizkuntza politika eraldatzaileak aplikatzeko aukera». Garaik oso garbi dauka estatu batek «eragin izugarria» lukeela euskararen alde, baina prozesu horren zain ez egotera «helburu txikiagoak» bazterrean ez uztera deitu zuen; alegia, «bitarteko lan horri» eustera, hala nola «herrigintza lanari».

«Ni abertzalea naiz»

Bidegainek esplikatu zuen nola «nortasun intimoa» abandonatu behar izan duten euskaldun askok «nortasun kolektiboan» sartzean, eta horrek zer «sufrimendu» ekarri dien euskaldun askori. Euskararen herriak duen zatiketa administratiboa «normalizatu» egin dela salatu zuen, eta euskal gizarteaz hitz egiten dela «EAEko gizarteari» erreparatzeko. Finean, uste du «bi gu» daudela Euskal Herrian, eta «hiru milioi ni», eta galeran den herri ikuspegiak aurrera egin dezan euskarak bere estatua izatea dela biderik eraginkorrena.

Agirre, berriz, estatu baten «ezaugarri nagusiari» begira jarri zen, «legeak betearazteko gaitasunari» begira; eta garbi utzi zuen hori beharrezkoa dela euskararen normalizaziorako. Ohartarazi zuen ez zegoela «modan» esan behar zuena, eta jarraian ozen aldarrikatu zuen «abertzalea» dela. Galdera bat baitzuen jirabiran buruan: «Estatugintza prozesu bat posible al da abertzaletasunik gabe?».

Arzallusek hartu zion lekukoa berehala: «Ni ere abertzalea naiz»; eta erantsi zuen abertzaletasunaren «muinean» dagoela hizkuntza. Gogora ekarri zuen Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-k aspaldian gizarteratu zuen ideia: «Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko, baina estaturik gabe, ziur ezetz». Bada, azken zatiarekin ez da ados Arzallus, «estaturik gabe iritsi baikara iritsi garen lekura». Bertsolariak, ordea, garbi utzi zuen «arnasestuka» heldu dela euskara dagoen lekura, «korrontearen kontra igeri eginez» eutsi zaiola eutsi zaionari. Aitortu zuen «itolarrian» sentitzen dela askotan, eta «beste buelta bat» eman behar diotela egoerari siglen bidez politika egiten dutenek.

Eta, horra iritsita, aktualitateko erreferentzia batek hartu zuen eztabaidaren ardatz bat: EAEko Hezkuntza Legean EAJk eta PSE-EEk hizkuntza ereduei eusteko egin berri duten akordioak. Espresuki aipatu gabe, PSEko idazkari nagusi Eneko Anduezari erreparatu zion Bidegainek, «euskararen etsaien» inguruan aritu zenean. Helarazi zuen «azpikeriaz» jokatzen dutenak direla arriskutsuenak, eta ez ageriko «bortizkeria» erakusten dutenak. Salatu zuen alderdi abertzale nagusiak «azpikeria» horretan dabiltzanekin batera egin nahi duela bidea. Haren ustez, «presarik gabe» baina «lotsarik gabe» esan behar da «independentzia» behar dela euskara eta nazio ikuspegia salbatuko badira.

Pribilegioaren «falazia»

Garaik ere heldu zion hizkuntza ereduen hariari: «Elebitasun orekatuaz hitz egitea zer da, egoera erabat desorekatua denean?». Haren ustez, jarrera hori «euskararen zapalkuntza betikotzea» da, eta «askatasunaren izenean» egiten dela erantsi zuen. Estatu «bizigarriago baten bidez» egin behar zaio aurre horrelako egoera bati, haren irudiko.

Agirrek, berriz, «euskaldun pribilegiatuei» buruz aritzen direnei esan zien «falazia» bat dela hori helaraztea, euskara «diskriminazioaren ardatz bat» dela gaur egun, eta euskarak izan behar duela «antidotoa edo soluzioa» talde desjabetuak osotasun batera erakartzeko. «Borroka emantzipatzaileek» euskaratik pasatu behar dutela gaineratu zuen, haren ustez euskararen eskubideak «hiztunen eskubideak» baitira, pertsonenak, eta euskaldunak ez baitira «inposatzaileak», baizik eta «baztertuak».

Eta Arzallusek osatu zuen diagnostikoa: «Nola esan dezake Anduezak ezin direla egon eredu elebakarrak? Nor dira elebakarrak Eusko Legebiltzarrean?». Haren ustez, «gezur handi bat» gizarteratzen ari dira, «euskaraz ez dakienaren ez jakiteko eskubidea babesten ari baitira». Estatuek «inposizioz» ezarri dituzte euren hizkuntzak, Arzallusek azaldu zuenez, eta euskarari eskatzen diote orain «sedukzioz» aritzeko. Euskal errepublika, inoiz izatekotan, «munduko estaturik jatorrena» izan daitekeela erantsi zuen, eta entzuleei barre eragin.

Baina, umoretik harago, euskararekiko betebeharren alorrean «behartzeko bidea» irekiko lukeela azaldu zuen argi Arzallusek, eta nahi horrekin bat etorri zen Agirre. «Hizkuntza borrokari» azken hitza kendu diotela nabarmendu zuen Jakin-eko zuzendariak, «itsusia delakoan-edo», eta, orain, euskarak «erakargarri» izan behar duelako ildoa nagusitu dela: «Euskal hiztunok biktimak gara, ez inposatzaileak». Eta tesi hori ezarri ondoren hitz egiten has daitekeela ondorioztatu zuen.

«La vasca eta musika»

Arangurenek ere adierazi zuen euskara estatu hizkuntza egingo lukeen errepublika bat behar dela, baina euskara hiztunen «forma» izan dadin, ez hiztunen «eduki». Kontatu zuen Iruñeko musika eskolan «la vasca» deitzen ziotela, baina euskaldun batek musika egiteak ez duela zertan ekarri euskal musika egitea, haren irakasle batek behin iradoki zion moduan. «Errepublika behar dugu Euskadi hitza erabiltzeari uzteko ere», bukatu zuen, eta barre gehiago eragin.

Umore gutxi izan zuen, berriz, eztabaidaren bukaeran eta publikoaren artetik Sagrario Aleman euskaltzain osoak utzi zuen abisuak: «Zer da lehenago, independentzia ala euskararen mendekotasuna gainditzea? Itzulerarik gabeko momentu batera iristeko arriskua dugu, estatuaren zain gauden bitartean». Eta erantsi zuen «etsaiaren diskurtsoa» erosten dela sarritan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.