Euskara ikasteko plataforma digitala abian jarri du Jaurlaritzak: Ingura

A1 mailatik C1era bitarteko ikastaroak eskainiko ditu, era progresiboan; A1 mailaren atal irekia orain jarriko da martxan, hainbat jarduerarekin, eta heldu den ikasturtearen hasieran modua izango da maila horri dagokion ikastaro osoan matrikulatzeko.

Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiria, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiria, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
arantxa iraola
2024ko martxoaren 19a
18:30
Entzun

Eusko Jaurlaritzako eledun Bingen Zupiriak, gobernu kontseiluaren osteko agerraldian, Ingura aurkeztu du gaur: euskara ikasteko plataforma digitala. HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntze Erakundeak landu du tresna hori, euskara online ikasteko prestatua. Plataforma horren bidez, bidea eman nahi dute euskara «eroso eta malgu» ikasteko, edozein gailutatik, noiznahi eta nonahi.

Bideoetan oinarritutako ariketa ugari eskaintzen ditu plataformak, eta, zertan datzan azaltzeko Jaurlaritzak zabaldu duen informazioaren arabera, «hasiera-hasieratik ikaslea hizketan» jartzea da helburua. Izan ere, «ikuspegi komunikatiboan» oinarrituta dago irakas-eredua: «Ekintzara bideratuta». Bi urte egin dituzte plataforma lantzen, Boga autoikaskuntza sistema «zaharkituta» geratu zela argudiatuta. Taldean nahiz bakarka ikasteko modua ematen du plataforma berriak, eta irakasle batek gidatuta ere jardun dezakete ikasleek. Berrikusketa jarduerak eta ebaluazioa egitekoak izango ditu eskura, besteak beste.

A1 mailatik C1era bitarteko ikastaroak eskainiko ditu Ingurak, era progresiboan; A1 mailaren atal irekia orain jarriko da martxan, hainbat jarduerarekin. Doakoa da, eta aski da hor jarduteko propio Inguraren webgunean izena ematea. Berrogei ikastordu ditu guztira: ikastaroaren lehen 30 unitateak. Horren helburua da euskara ikasteko baliabide «atsegin eta erraz bat» eskura jartzea jendeari, eta euskara ikasteko urratsa egitera bultzatzea.

«Ia doakoa» izango da

Heldu den ikasturtearen hasieran izango da modua A1 mailari dagokion ikastaro osoan jarduteko eta haren hirurogei unitateak egiteko. Horretarako, euskaltegi edo autoikaskuntza zentro batean matrikulatu beharko dute ikasleek. Nolanahi ere, Jaurlaritzak esana du urratsak egiteko asmoa duela helduen euskalduntzean «doakotasuna» lortze aldera, eta azaldu du plataforma berriaren bidez horretan hasiko direla; hain justu ere, iragarri du A1 maila «merke eta eskuragarriago» jarriko dutela, eta «ia doakoa» izango dela.

Jakinarazi dutenez, Inguran izena ematen duten ikasleek euskaltegietako eskaintzaren berri izango dute plataformaren bidez, eta matrikula egiteko prozedura gidatua ere egongo da, bidea errazte aldera. Ikasleen datu eta emaitza guztiak HABEren aplikazio informatikoen bidez kudeatuko dira, dagozkion ondorio akademiko eta administratiboetarako.

Heldu den ikasturtearen hasieran ikastaro osoa aktibatzen denean, matrikulatzen diren ikasle horiek bakarrik lortu ahal izango dute A1 mailaren ziurtagiria. Matrikulatu gabe izena emanda daudenek eskura izango dituzte eguneroko egoerei buruzko bideoak, gramatika azaltzeko bideoak ere bai, eta beren aurrerapenen jarraipena egiteko tresnak, baina hortik aurrerako baliabideak ezingo dituzte erabili.

Lau hizkuntzatan

Ingura «ingurune eleaniztuna» dela zehaztu du Jaurlaritzak. Lau hizkuntzatan jarduteko aukera ematen du: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Ikastaro bakoitzak hirurogei egoera bideo ditu, bizpahiru minutukoak, aipatutako lau hizkuntzetan azpidatzita. Hirurogei azalpen bideo ere baditu, 4-7 minutukoak, eta azpidatzita daude horiek ere. Gela birtual bat ere bada plataforman, eta, horren bidez, ikasleek 120 jarduera dituzte, taldean edo bakarka egiteko, era sinkronikoan edo asinkronikoan.

Egoera bideoetan «egunerokoan» ohikoak diren egoera komunikatibo «umoretsu eta hurbilak» aurkezten direla adierazi dute plataformari buruzko argibideetan, eta ikasleen atxikimendua lortu nahi dela horren bitartez.

60

Ikasketa prozesurako egoera bideoak Atondu duten ikastaro bakoitzak hirurogei egoera bideo ditu, «egunerokoan» oinarritutako egoera komunikatiboetan oinarrituak guztiak ere, ikasleek gertutasuna sentitze aldera. Lau hizkuntzatan azpidatzita daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.