Euskara ikasten: seme-alaben eskola orduetan, eta doan

UEMAk eta AEK-k lankidetzan martxan jarritako 'Ongi etorri euskarara' ikastaroek euskararen hastapen mailan murgiltzeko beste modu bat ireki diete udalerri euskaldunetako gurasoei eta aitona-amonei, euskaltegietako ohiko ereduaz bestelakoa.

Ataungo taldeko ikasleak ikasgelan, aurrean irakaslea dutela. JON URBE / FOKU
Ataungo taldeko ikasleak ikasgelan, aurrean irakaslea dutela. JON URBE / FOKU
arantxa iraola
2026ko otsailaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Xalala riki riki umeen abesti ezaguna kantatzea: horixe izan zen eguneko ariketetako bat. Joan den asteazkenean gertatu zen, hilak 11 zituela, Ataunen (Gipuzkoa). Baina Ongi etorri euskarara deituriko ikastaroetako beste talderen batean ere izan zitekeen, Alfabetatze Euskalduntze Koordinakunde AEK-k eta UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak lankidetzan antolatutako ikastaro horietan propio ari baitira euskararen oinarrizko ezagutzak jasotzen jatorri urrunetatik etorritako hainbat guraso eta aitona-amona. Umeak ikastetxean dauden bitartean izaten dituzte eskolak, eta debalde. Iazko maiatzean aurkeztu zuten, Aizarnazabalen (Gipuzkoa), eta familiek harrera ona egin diete ordutik: hamahiru herritan «mamitu» da ekinbidea, eta 120 ikasle pasatxok eman dute izena. 

AEK-k hartu du ikastaroaren ardura Ataunen, Itsasondon, Legorretan, Zaldibian, Aizarnazabalen, Mutrikun, Orion, Oiartzunen (Gipuzkoa), eta Bizkaiko bi herritan: Areatzan eta Lekeition. Azpeitian (Gipuzkoa) udal euskaltegiak hartu du bere gain. Nafarroan, IKAren ardurapean, bi talde sortu dituzte: Leitzan eta Goizuetan. Egun indarra hartu duten migrazio fluxuen ondorioz, udalerri euskaldunenetan ere ugaritzen ari dira euskara ez dakiten bizilagun berriak, eta haien beharrei erreparatu nahi izan zaie, bereziki, ikastaroon bidez. Udalerri euskaldunetako egoera soziolinguistikoak eta eskolako martxak bultzatuta, aise euskalduntzen dira askotan bizilagun horien seme-alabak, eta, hain justu ere, hezkuntza komunitatearen sare zabal hori baliatuta etxe horietako helduak ere euskalduntzen hastea da helburua.

«Hona etorri arte askotan pentsatzen dute eskolako hizkuntza erdara dela, eta batzuentzat txoke handia izaten da» 

DORLETA BARRERAS AIERDI Joxemiel Barandiaran eskolako zuzendaria

Eta ari dira bidea egiten. BERRIAk Ataunen eratu den taldekoekin egindako bisitan, euskaraz izan ziren diosalak, oinarrizko azalpenak eta eskerrak emateko hitzak. Joxemiel Barandiaran ikastetxearen bueltan antolatutako taldea da, eta batu diren guztiek seme-alabak edo bilobak dituzte eskolan. Herriko ikastetxe bakarra da, eta 165 haur ari dira bertan. Ongi etorri euskarara ikastaroan 11 heldu batu dira: bederatzi emakume, eta bi gizon.

Hastapenetan

Egun euskaltegietan maiz nagusitzen denaren bestelakoa dira egiteko modua eta helmuga ikastarootan. Jomuga behinena ez da ikasleek euskararen ezagutza egiaztatzeko ziurtagiriak lortzea. Helburua zera da: gurasoek eta aitona-amonek seme-alaben eta biloben ikasketa prozesuan baliagarriak izango diren hastapeneko ezagutzak izatea, eta, hain zuzen ere, umeen erritmora egiten dituzte aurrerabide asko: haiek ikastetxean dituzten ikasbideei lotuta. Ataungo ikasleek aho batez nabarmendu dute horren garrantzia; izan ere, euskaraz kantuan eta hizketan sumatzen dituzte askotan ondoan seme-alabak eta bilobak, eta ez dute guztiz «galduta» egon nahi haurren bizipen horietan.

«Oso jarrera egokia dute, irekia, eta poliki-poliki ari dira aurrerapauso txikiak egiten»

ARANTXA INDAKOETXEA Joxemiel Barandiaran eskolako idazkaria eta aholkularia

Munduko leku askotatik etorritakoak dira. Zerrenda luzea josteko ahaleginean aritu dira eskolako idazkari eta aholkulari Arantxa Indakoetxea eta zuzendaria, Dorleta Barreras Aierdi: ludi zabalean zehar. Ikastetxeetan gero eta maizago egin beharreko ariketa izaten dute atzerri urrunak irudikatzea eta kokatzea. Ez da beti langintza samurra. «Erronka galanta da», onartu du Barrerasek. Orain dela hiru ikasturte ikusi zuten nabarmen-nabarmen aldaketa. «Ikasturtean zehar hamar ikasle etorkin etorri zitzaizkigun». Agerian ikusi zuten orduan ikasle horiei eta haien familiei «harrera» egiteko premia, eta hori hobetzeko bideak aztertzen ari dira ordutik, arrotz sentitu dituztelako gehiegitan. «Esaterako, hona etorri arte askotan pentsatzen dute eskolako hizkuntza erdara dela, eta batzuentzat txoke handia izaten da».

Ez ziren errazak izan lehen urratsak, baina behin taldea eratuta, «ahoz ahokoaren bidez» taldea hazten ikusi dute Ataunen. Harro ikusi dituzte ikasleen aurrerabideak. «Oso jarrera egokia dute, irekia, eta poliki-poliki ari dira aurrerapauso txikiak egiten», azaldu du Indakoetxeak. Nekane Munduate ari da irakasle ikasleokin. «Oso pozik». Bat dator bera ere: umeekin duten harremana da ikasleon ikasketa prozesuren ardatz nagusia. «Umeek etxera eramaten dituzte hainbat gauza, abestiak-eta, eta horiek zer diren galdetzen dute». Estimatzen dute ikasleek euskarazko aurkezpenak-eta egiten ikastea ere, euskarazko «elkarrizketa informal xumeak» izateko gaitasuna lortzeko. 

«Umeek etxera eramaten dituzte hainbat gauza, abestiak-eta, eta horiek zer diren galdetzen dute»

NEKANE MUNDUATE 'Ongi etorri euskarara' ikastaroko irakaslea Ataunen

Astean bi saio egiten dituzte ikastaroetan, bina ordukoak. Haurren eskola orduetan izateak erraztu egiten du parte hartzea. Izan ere, ordutegiak bateratu ezina izaten da maiz jendea euskaltegietara ez joateko motiboetako bat. Halaxe jasota dago, esaterako, Siadecoren Azken bost urteetan euskaltegietan matrikulatu ez diren EAEko herritar helduen arrazoiak aztertzeko ikerketa azterlan mardulean: euskaltegian ez matrikulatzeko motiboen gainean galdera egin zieten inkestan parte hartu zutenei, eta %71,4k aipatu zuten denbora falta. Ordutegietara egokitutako talderik ez topatzearen arrangura azaldu zuten %13,5ek. Hor doiketak egiteak, beraz, badu garrantzia. Doakotasunak ere bai: inkesta hartan bertan euskara ez ikasteko motiboen artean %15,8k aipatu zuten ikastea «garestiegia» dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.