Euskara, katalana eta galegoa EBn ofizial izateko ez du berriz eskatuko Espainiak, adostasuna bermatu arte

Ahaleginak egiten jarraituko dutela adierazi du EB Europako Batasunerako idazkari Fernando Sampedrok, eta gaiari buruzko elkarrizketak ez dituztela eten.

Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albares, eskakizuna aurkezteko agerraldira bidean, 2023ko irailaren 19an, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE
Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albares, eskakizuna aurkezteko agerraldira bidean, 2023ko irailaren 19an, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE
arantxa iraola
2025eko urriaren 21a
15:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iragan urteotan defendatu du Espainiako Gobernuak euskara, galegoa eta katalana Europako Batasunean ofizial egiteko eskabidea; Europako Batasuneko Kontseiluko auzi orokorrei buruzko bilkurara eraman du hainbatetan, eta ezezkoa jaso du guztietan. Gaur, Europako Batasuneko idazkari Fernando Sampedrok esan du ez dutela gaia berriro eramango bilkuretara, aurrez bertan parte hartzen duten estatu guztien aldekotasuna lortu gabe. Hala ere, ofizialtasuna lortzeko ahaleginetan jarraituko dutela esan du. 

Kontseiluko estatu guztietako ordezkariekin gaia aztertzen segitzen dutela esan du, eta aurrerabideak espero dituztela. Espainiak egina du euskara, katalana eta galegoa 1/1958 araudian sartzeko eskaria. Erregelamendu horrek zehazten ditu, hain justu ere, EBko erregimen linguistikoaren nondik norakoak. Kontseilua osatzen duten 27 kideek aho batez onetsi behar dute eskabidea, eta EBko Atzerri ministroak batzen dira bertan.

2023ko abuztuaren 16an erregistratu zuen Espainiako Gobernuak EBren hizkuntza erregimenean euskara, galegoa eta katalana sartzeko eskabidea. Espainiako Gobernuak Kataluniako indar politikoekin izandako negoziazioen ondorioa izan zen urrats hori; hain justu ere, Junts Per Catalunya taldeak egindako eskari bat izan zen, negoziazioetan talde katalanak ipini zituen baldintzetako bat. Ordutik, ordea, bidea ez da samurra izan: zenbait estatuk aitortzaren aurkako argudioak eman dituzte, eta oztopoak jarri. Haien arabera, euskarari, katalanari eta galizierari ofizialtasuna emateak mugarri bat ezarriko luke, eta eredu izango litzateke beste hizkuntza minorizatu batzuentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.