Joan den ostegunean egin zuen osoko bilkura Artziniegako Udalak (Araba), eta aurrekontuak zituzten aztergai. EAJ dago udal gobernuan, gutxiengoan, eta PPrekin egin du aurrekontuetarako akordioa. Baldintza gisa jarri du PPk Aiaraldea-ri diru laguntzarik ez ematea eta publizitaterik ez jartzea.
[YouTube]https://youtu.be/H2shEPUBDas[/YouTube]
Erabakia salatu duAiaraldea-k, eta eskatu du euskara ez dezatela “lehia politikorako” erabili. “Kezkagarria eta larria da udal gobernuarentzat euskara estrategikoa ez izatea. Era berean, ozen salatu nahi dugu Joseba Elejalde PPko zinegotziaren euskarafobia”. Hautetsi horrek Aiaraldea-ren kontra esandakoak salatu dituzte. “Euskara bera politizatzea” leporatu diote.
Horrelako eskualdeetan euskarazko komunikabideek duten garrantzia nabarmendu dute: “Euskarak tresnak eta arnasguneak behar ditu Artziniegan, eta gaur egun eskaintzen zaizkion baliabideak baino gehiago”. Euskararen ezagutza handitzen ari da eremu horretan, baina dentsitate txikia da oraindik, eta erabilerarako oztopo da hori. “Artziniegan euskararen ezagutza datuak igo badira ere, erabilera indartzeko berebizikoak dira Aiaraldea hedabidea bezalako proiektuak”.
Herritarren aldetik jasotako erantzuna goraipatu du komunikabideak, eta azaldu du maiatzaren 12an elkartasun jai bat egiteko proposamena jaso duela, “udalak kendutako 1.500 euroak eskuratzeko”.