Maider Arrieta

"Euskara plana desagertuta, nor dago diskriminatua?"

Lesakako EH Bilduko zinegotzi eta bozeramailearen esanetan, "Euskararen kontrako erasoa" da Lesakako Udalak egin duena. Gogor salatu du Geroa Bairen erabakia.

Euskara zinegotzia da Maider Arrieta Lesakako Udalean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
Ander Perez Argote
2015eko abenduaren 4a
06:06
Entzun

Lesakako Udalean EH Bilduko taldeko eleduna izateaz gain, euskara zinegotzia ere bada Maider Arrieta (Donostia, 1978). “Oraingoz”, ez baitu argi udalaren erabakiaren ostean ere hala izango den. Udalaren ordezkaria izan da, gainera, Uemaren batzordean.

Zer balorazio egin duzue Lesakako Udalak hartutako erabakiaren inguruan?

Inpotentzia da gehien sentitzen duguna, gauzak nola egin diren ikusita. Haiek [Geroa Baik] hartutako erabakia izan da, inongo arrazoirik eman gabe, eta inongo eztabaidarik egin gabe. Nahiz eta haiek behin eta berriro esan negoziatzen saiatu direla, guk argi dugu gurekin ez dutela ahaleginik egin. Kontrako jarrera izan dute hasieratik. Uemak udal langile eta zinegotziei plana aurkeztu zienean, aurkezpenera ere ez ziren agertu. Pena handia dugu, eta, era berean, larrituak gaude, lesakarren hizkuntz eskubideen kontra jo dutelako.

Zuen ustetan, zer egon daiteke halako erabaki baten atzean?

Euskaltzaleak direla diote, baina jarrerarekin ezetz ikusi da. Egia erran, ez dakit zein den egon daitekeen arrazoia, baina aunitz larritzen gaitu. Geroa Bai taldeko alkatetza batek hori egitea larria eta harrigarria egiten zaigu. Nafarroan UPN gobernutik kendu eta gero aldaketa garaia omen zetorren; Nafarroan ez dakit aldaketa hori non egonen den, Lesakan behintzat ez dago; hemen euskararen kontrako eraso bat izan da.

Gehiegizko gastua da alkatetzak erabakia hartzeko erabilitako argudioetako bat.

Ueman egoteak urtean 7.000 euroko kostua dakarkio udalari, eta euskara planeko neurriak hartzeak ez du kosturik. Larria da gaur egun udal batek esatea euskararentzat dirua erabiltzea kostua dela. Euskararekin gastatzen dena inbertsioa da, ez kostua.

Erdaldunen diskriminazioa ere salatu du Geroa Baik.

Hori da beti erabili duten aitzakia. Euskal Herrian bizi gara, Lesaka herri euskalduna da, ama hizkuntza euskara dugu eta %80 euskaldunak gara, eta kezka da diskriminatzen dela euskaraz solasten ez dena? Orain, euskara plana desagertuta, nor dago diskriminatuta?

Orain arteko plana ez, baina besterik izango al du Lesakak?

Udal gobernuari galdetu diogu plana deseginda zein den hizkuntz politikan duten proposamena. Esan dute plana deuseztatzen dela, eta gero gerokoak, ez dagoela haien lehentasunen artean. Ez dute bertze plan bat aurkeztu, ez eta asmorik erakutsi plan hau aztertzeko. Deus ez. Plana kendu eta Lesakako Udala hizkuntz politikarik gabe utzi dute.

Praktikan zer dakar euskara planik ez izateak?

Euskara plana udalean euskararen erabilera normalizatzeko plana da. Horrek erran nahi du udalean erabiliko den hizkuntza euskara dela, baina baita udalak ematen dituen zerbitzuetarako hizkuntza ere. Adibidez, kiroldegian sorosle berri bat hartzen bada, bermatua dago euskalduna izanen dela. Orain hori ez da bermatzen. Horrek dakarrena da euskararen normalizazioa zalantzan geratzen dela herri honetan.

Zer galtzen du Lesakak Uematik kanpo egonda?

Uema udalerri euskaldunak elkartzen dituen mankomunitatea da, eta, azkenean, ez da berdin gauzak bakarka edo elkarrekin egitea. Uema udaletatik abiatzen da bere lana bultzatzeko, eta geroz eta udal gehiago egon mankomunitate horretan, geroz eta indar handiagoa izanen du euskarak administrazioan.

Beste behin ere, joko politikoaren menpe ageri da euskara.

Hori da guk dugun pena ere. Udal gobernua aldatu eta euskara bezalako gauza bat dago kolokan. Euskara gure ondasuna da, dugun gauzarik baliotsuena. Horregatik ez dugu ulertzen euskararekin politikoki jokatzea, eta are gutxiago Geroa Bairen izenean egin izana, suposatzen baita Geroa Baik euskararen aldeko apustua egin duela, eta bera dela euskarari berriz ere garrantzia eman behar diona Nafarroan.

Hemendik aurrera, zer neurri aurreikusi dituzue?

Gure pausoak hagitz mugatuak dira Lesakako Udalean, parez pare dugun taldearekin solastea bera ere zaila delako. Ez dute onartzen mahai baten inguruan jarri, solastea eta iritzi ezberdinak aditzea ere. Haiek dute gehiengoa, eta aldebakartasunez hartzen dituzte erabakiak. Horrek ez du erran nahi aurrerantzean ez ditugunik euskara eta euskaldunon hizkuntz eskubideak defendatuko. Jarraituko dugu horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.