Euskara teknikari lanpostua kendu du Amurrioko Udalak

Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak esan du «euskararen beraren eta euskararen normaltasunaren aurkako eraso bat» dela udalaren neurria

Amurrioko udaletxea, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Unai Mitxelena Balerdi
2023ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Amurrioko Udalak (Araba) euskara teknikari lanpostua kentzea erabaki du, herenegun egin zuten Udal Osoko Bilkuran. Udal lanpostuen zerrendan aldaketa batzuk egin dituzte, eta, horien artean, Euskara saileko lanpostua kendu dute.

Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren ustez, erabaki larria da, eta hainbat ekinbide antolatu dituzte. Kexa aurkeztu dute Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Eskubideak babesteko Zerbitzuan, Elebiden, eta Euskal Herriko Hizkuntza Eskubideen Behatokian. Euskal Herriko Euskalgintza Kontseiluarekin ere harremanetan jarri dira. Azkenik, premiazko bilera egiteko eskaera egin dute Amurrioko Udalean, alkatearekin eta euskara zinegotziarekin egoera eztabaidatzeko.

Amurrion ez dira nahikoak euskararen normaltasunerako dauden baliabideak. Eusko Jaurlaritzak Euskara sailean lau langile edukitzea gomendatzen du Amurrio bezalako herri batean. Aurreko urtean, sei hilabeterako kontratatu zuten langile bat Euskara Plan berria idazteko, eta ez zuen udalean lanean jarraitu.

Kontseiluak salatu du erabaki horrek ez daukala aurrekaririk. Epaileak ezer ezarri gabe, udalak euskara teknikari lanpostua ezabatzea «euskararen beraren eta euskararen normaltasunaren aurkako eraso bat» bezala ikusten du Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak. BERRIA saiatu da Amurrioko Udalarekin hitz egiten erabakiaren inguruan, baina ez dute erantzunik eman.

Udal bozetan, EAJk zortzi hautetsi lortu zituen, eta PSE-EEk bi. Bi alderdiek ituna sinatu eta gehiengo osoa lortu dute. EH Bildu da oposizioko talde bakarra, zazpi hautetsi baititu. Aurreko legealdian ere EAJk gobernatzen zuen, PSEren laguntzarekin, baina sinaturiko itunik gabe eta gehiengo osorik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak