Euskararen atzeraldiaren gaineko albisteak eta datuak metatzen ari diren heinean, inboluzio hori iraultzeko prozesuak irudikatzeko gogoa agerikoa da, eta askotariko izenak hartu ditu: pizkundea, indarraldia eta jauzia hizpide dituzte hainbat eragilek. Euskararen erronken inguruan mintzatzeko elkarrizketa monografiko honetan ere hainbatetan erabili du «jauzia» berba Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu eta lehendakariorde Ibone Bengoetxeak (Bilbo,1967). Hitzean eta hortzean izan ditu beste hainbat ideia ere. Behin eta berriz egin nahi izan duen ohartarazpena da, adibidez, euskara «liskarretik» atera behar dela. Era berean, erantzun gehienetan txertatu nahi izan du mezu hau: «enamoratu» egin behar da jendea euskararekin. Adierazi du globalizazioak eta digitalizazioak antzaldatutako mundu honetan hori dela jarduteko modu egokia.
Ekainean Jauzia gara izendatu duzuen prozesua aurkeztu zenuten, hurrengo hamarkadetan euskararen biziberritzearen inguruan adostasun zabala lortzeko helburuarekin. Horren harira, 2027an Euskararen Erabilera Sustatzeko Biltzarra egingo dela jakinarazi zenuten. Zertan da?
Euskarak erronka asko ditu, baina nagusietako bat da pertsona bakoitzak hautu hori desioz egitea, eta horretarako konplizitateak behar dira. Euskararen estatus emozionala aldatu behar da: oraindik euskarara hurbildu ez direnak erakarri, urrun sentitzen direnei ezagutarazi, eta epel daudenak berotu. Eta, noski, euskaran gaudenok beharbada intentsitate handiagoz ekin beharko diogu. Baina horiengan arrisku handirik ez dago. Izan ere, euskararen ahultasuna oraindik badago pertsona batzuek euskararen alde hautu pertsonala ez dutelako egin. Eta euskara da, Altunaren hitzetan [Patxi Altuna hizkuntzalaria], historiaurretik oraindik Europa osoan bizirik dugun ondare antzinakoenetarikoa. Zenbat babesten ditugun dolmenak eta halakoak, eta zergatik pertsona batzuek egiten dute euskararen kontrako hautua? Hori ulertzea da gizarte bat ulertzea. Orduan, Jauzia gara zera da: gizarte oso baten ahotsak, euskararen ahots guztiak, entzuten hasteko gobernuaren gonbit zabal bat. Hori eraiki egin behar da. Ezin da egin edozein modutan. Zientifikoki eraiki behar da, eta pertsonen partaidetza zabala behar dugu; ez bakarrik euskaran gaudenon partaidetza, bereziki oraindik euskarara hurbildu ez direnena edo emozio negatibo baten bidez hurbildu direnena ere bai.
«'Jauzia gara' zera da: gizarte oso baten ahotsak, euskararen ahots guztiak, entzuten hasteko gobernuaren gonbit zabal bat»
Kongresua, beraz, ahots horiek guztiak biltzeko izango da?
Euskarak jauzi asko behar ditu. Beste jauzietako bat dago ezagutza aurreratuan eta ikerketa aurreratuan; gizartean dauden euskararen ahotsak oso interesgarriak dira, baina akademiarenak ere bai, eta akademia dira soziolinguistak, psikolinguistak, eremu digitaleko espezialistak... Horiek ere ekarpenak egiten dituzte, baina batzuetan ez datoz bat gizartearen ahotsa eta adituen ahotsa, eta gure proposamena da gizartearen ahotsa entzunda ekarpen bat egitea adituei hori dena uztar dezaten, hurrengo hamarkadetako proposamena sendoagoa izan dadin. Eta, bai, lanean ari gara, talde akademikoa eta antolakuntza taldea eratzen.
Antzaldatzen ari den mundu honi erantzuteko hizkuntza politikarako oinarriak hortik atera nahi dituzue, beraz?
Bai, mundu horri erantzuteko eta adituek esaten digutena martxan jartzeko. Zeren eta azkenean hizkuntza bat pertsonen hautu pertsonal bat bada ere, hori ez da aldatzen egun batetik bestera. Dena batera, egun berean edo urte berean ezin dugu egin. Eta zeintzuk dira adituek egun aipatzen dizkiguten inpaktuzko bost eremuak? Lehena, lan mundu pribatua. Bigarrena, aisialdia eta eskolaz kanpoko lekuak: kalea, azken finean. Hirugarrena, euskarazko komunikabideak. Laugarrena, hezkuntza sistema. Eta bosgarrena dira arnasguneak eta, baita ere, erabilguneak: guk horrela deitzen diegu arnasgune izan ez baina euskaraz aritzeko espazio berriei. Bost eremu horietako bakoitzean badugu martxan proiekturen bat.
Jauzia non eta nola egin. Badira beste proposamen batzuk ere. Hortxe dago Batuz Aldatu. Askotariko ehun eragiletik gora elkartu dira Euskalgintzaren Kontseiluaren abaroan hizkuntza politika berri baterako oinarrien inguruan. Zuek buruan duzuen jauziarekin sinergiarik al du horrek?
Bai, baliteke. Begira, Kontseiluak nahi duena eta gobernuak nahi duena antzekoa da. Bion kezka antzekoa da. Beharbada, batzuetan ezberdintasuna dago egiteko bideetan. Nik esan dut: euskarak behar du gizarte oso bat, eta bereziki behar ditu oraindik euskarara hurbildu ez direnak. Gizarte arruntak zelan jokatzen du eta zergatik? Hainbeste jendek euskara jakinda, zergatik ez du erabiltzen? Zer dago horren atzean? Hori jarrera bat da. Eta askotan —eta nik hau Kontseiluari esan diot—, egiten dituzten ekinaldien helburuetan bat gatoz, baina gizartearen zati bat alde batean uzten dute, eta horrela ez ditugu erakarriko. Eta enamoratu behar ditugu desioaren bidez, bizipozaren bidez, konfiantzaren bidez, konplizitate berrien bidez.
Jarrerak aipatu dituzu. Baina hizkuntza hautua ezinezkoa da askotan. Akademia aipatu duzu, eta Iñaki Iurrebaso soziolinguistak horretan egin duen ekarpena, adibidez, argigarria izan da: gogorarazi du egoera demolinguistikoak hiztunak gehienetan erdaretara bultzatzen dituela. Ezin da dena hiztunen portaeran utzi...
Noski. Alde batetik, hizkuntza politikak behar dira: horiek badaude. Bigarrenez, baldintzak sortu behar dira. Eta hirugarrenez, baldintza horietara bideratzen gaituzten ekinaldiak sustatu behar dira. Eta baldintzak sortzeko, hain justu ere, aipatutako inpaktuzko eremuetan ari gara. Baina batzuetan baldintzak daude, eta hautua egin behar da. Baina hori ez bada egiten naturalki, zerbaitengatik da, eta ni horrek kezkatzen nau. Zeren eta nik ez daukat dudarik politika publiko sendoak egingo ditugula.

1980ko hamarraldian jarri ziren euskara biziberritzeko zimendu aski garrantzitsuak. Mundua erruz aldatu da. Zer oinarri jarri behar dira orain?
Akordio horiek heldu zirenean, euskararen irudia askatasunarekin lotuta zegoen, eta horrek pertsona asko lotu zituen euskarara. Orain, ordea, pertsonak aske sentitzen dira, eta batzuek euskara mehatxu moduan ikusten dute, beldurtuta edo. Eta beste batzuek euskara erabili egiten dute, eta guda politikoaren erdian egoteak ez dio onurarik ekartzen euskarari. Euskarak behar du liskarretatik ateratzea, bataila politikotik irtetea, elkarrizketa asko izatea guztion artean, lan asko, eta norgehiagokarik ez. Posible da akordio zabaletara heltzea? Egoera mundu mailakoa da, baina hemen ere eragina du: polarizazioa eta demokraziaren kontrako erasoak hor daude, eta horrek ere eragina du euskaran: ez dio laguntzen.
Liskarraz ari zara. Baina ez dator horixe euskalgintzatik. Lehen aipatutako Batuz Aldatu ekinbidea eta Euskaltzaindiaren abaroan abiatutako Euskararen Gogoetagunea bera ere eragile askotarikoen ekarpenak jasota ari dira bidea egiten...
Oso-oso interesgarriak dira, eta beharrezkoak, baina gehiago behar da. Behar dena da pertsona bakoitza: pertsona bakoitza. Erkidegoan zenbat gaude? 2,3 milioi herritar. Batuz Aldatu, ez dakit zenbat eragile, oso ondo, baina 2,3 milioi biztanle. Euskararekin konprometituta gaudenak bagaude, baina gurekin bakarrik ezin da. Pertsona gehiago behar ditugu.
Konprometituak aipatu dituzu: euskaltzaleak. Kontseiluak propio ekitaldi bat antolatu du abenduaren 27rako euskaltzaleak elkartzeko eta arnasberritzeko. Beste pizkunde baterako aktibazioa izatea nahi dute. Egutegian jasoa duzu plana?
Apuntatua, bai...
Ez dakizu joaterik izango duzun?
Ondo esan duzu: gizarte aktibazioa beharrezkoa da, zeren eta gizarte likido honek erakutsi du pertsonen konpromiso kolektiboa ahultzen dela. Gizarte aktibazioko mugimenduak ongi etorriak dira beti, baina ez dakit gizartearen zati bat kanpoan uzten duten...
Kezka hori duzu? Pizkunderako deiak, euskaltzaleak bat egiteko deiak, gizartearen parte bat kanpo uzten duen kezka duzu?
Galdetu beharko diogu gizarteari, ez dakit.
Ez da beharrezkoa euskaltzaletasun indartsu bat? Honainoko bidea, hein handi batean, ez du horrek bermatu?
Noski, eta aitortza bat eman behar zaie orain arte euskara bizirik mantentzeko lan egin duten guztiei. Eta horiek bereziki datoz euskalgintzatik, kulturgintzatik, belaunaldiz belaunaldi konpromisoa izan zuten familietatik eta erakundeetatik. Baina oraingo gizartea ezberdina da, eta ondo ulertu behar dugu.
«Non daude etorkinak? Herrietan. Eudelekin indartu behar dugu harrera integral bat. Leku batzuetan UEMAk egindako proposamen batzuk ere interesgarriak dira»
Migratzaileen harreran euskarak tokia behar duela gero eta agerikoagoa da, eta hor erabakiak hartu behar dira. Zer asmo dituzue?
Batetik, badaude gauzak ondo egin dituzten eragileak, eta horietatik ikasi behar da. Bigarrenik, entzun behar ditugu etorkinekin ari diren eragileak eta etorkinak. Horretarako, gobernuan badugu sail bat etorkinekin harreman zuzena izateko aukera duena. Eta ez gara joango Hizkuntza Politikako Sailburuordetzatik, hori argi dago. Euskara zeharkakoa da. Ni joan naiteke, eta nire sailburuordea ere joan daiteke, baina horrek ez du eraginkortasunik. Nerea Melgosaren departamenduarekin [Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Saila] etorkinen munduan lan egiteko markoa jarri beharko dugu.
Bestetik, non daude etorkinak? Herrietan. Eudelekin harrera integral bat indartu behar da. Leku batzuetan UEMAk egindako proposamen batzuk ere interesgarriak dira. Estrategiak egokitu beharko ditugu. Zeren migrante motaren arabera beharrak ere aldatzen baitira. Horregatik, oso ondo ezagutu behar ditugu. Askotan, geuk ere, kanpora goazenean, gure identitateari eutsi nahi diogu, eta batu egiten gara. Haiei gauza bera gertatzen zaie: hemen daudenean, batu egiten dira, eta euskararen munduaz batzuetan ez dute ezer jakin nahi: euren kultura mantendu nahi dute, eta, haienganako hurbilketa garbia eta egokia izateko, horrek denbora behar du, eta iskanbiletan ez ibiltzea: ni beti nator ideia horretara.
Bai, baina iskanbilak non ikusten dituzu?
Euskara komunikabideetan inoiz gutxitan ikusten dut modu positiboan.
Baina, hain justu ere, badaudelako zenbait mugimendu oldartuta propio euskararen kontra egiteko...
Noski. Eta ezin gara jauzi haien probokazioetan. Eta horregatik izan behar dugu zuhurrak, zeren eta horrek euskarari ez dio mesederik egiten.
Albiste negatiboak ez direla behar diozu. Baina hor daude: esaterako, hizkuntza eskakizunen kontrako sententzia ugariak. Albiste negatiboak dira, bai...
Bai, bai, baina objektiboak.
Kontrako epai horiek saihesteko bidea bilatze aldera, Eusko Legebiltzarrean bi proposamen daude, bat EAJrena eta bestea EH Bildurena. Gobernuan nola ikusten duzue horiek egin dezaketen bidea?
Azkenean, alderdiek erabakiko dute zein den modurik egokiena epaitegietan jaso ditugun ezetzei blindaje bat emateko. Gobernuak badauka bere bide orria. Gure gobernu programan adierazten da alde batetik normalizazioaren bideari jarraitu behar zaiola eta, bestetik, eskubide linguistikoak bermatu behar direla: hori idatzita dago. Niri zuzenean galdetzen badidazu lehendakariorde eta sailburu moduan zer espero dudan, ba, gustatuko litzaidake ahalik eta akordiorik zabalena lortzea. Hala ere, ez dezagun gal iparra: euskararen biziberritzea ez da bermatzen administrazio publikoan. Honekin ez dut esan nahi ez denik inportantea. Inportantea da. Baina euskararen erronka ez dago hor. Beharbada, ezagutzaren inguruan euskara gehien bermatuta dagoen lekua administrazio publikoa da.
«Euskararen biziberritzea ez da bermatzen administrazio publikoan. Horrekin ez dut esan nahi ez denik inportantea. Baina euskararen erronka ez dago hor»
Adituen arabera, arnasgune geografikoak desagertzear dira. Zer asmo duzue hor?
Daudenak zaintzea. Badaude zaintzeko moduak, eta, beharbada, harrera integralak egiten badira, etorkinak ere arnasgune horien parte izan daitezke. Nik aukerak ikusten ditut. Zergatik? Nik badakidalako gutxienez gobernu honek badituela proiektuak egoera global eta lokal honi erantzuteko. Badakigu, baita ere, bakarrik ezin dugula. Euskalgintza, kulturgintza eta beste eragileak behar ditugu, eta gizarte oso bat. Horregatik, Euskararen Nazioarteko Eguneko aurtengo leloa Zugan nigan da. Gizarteari egindako gonbita da: gonbit bat konplizitatea sortzeko, ez exijentzian, edo eztabaidan, baizik eta elkarlanean. Ez baduzu euskara ikasi nahi, ondo dago, errespetatuko zaitut, baina, mesedez, ez egin euskararen kontra, eta ez baduzu erabili nahi, errespetatuko zaitut, baina ez egin euskararen kontra.