Euskaraldian parte hartzera deitu du Eusko Jaurlaritzak

Gobernu kontseiluaren osteko agerraldian Euskaraldiko txapa soinean dutela agertu dira Bengoetxea, Ubarretxena eta Pedrosa sailburuak.

Bengoetxea, Ubarretxena eta Pedrosa, gaur. BERRIA
Bengoetxea, Ubarretxena eta Pedrosa, gaur. BERRIA
arantxa iraola
2025eko maiatzaren 13a
15:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskaraldian parte hartzera deitu du gaur Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Ibone Bengoetxeak. Gobernu kontseiluaren osteko agerraldian parte hartu du, Maria Ubarretxena eledunarekin eta Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuarekin batera, eta hirurak azaldu dira Euskaraldiko txapa jantzita. Euskaraldia euskara maila apala dutenak ere euskara erabiltzera animatzeko egitasmo garrantzitsua dela nabarmendu du Bengoetxeak, eta «lotsak» eta beldurrak alde batera uzteko modua ematen duela: «Denok gara garrantzitsuak euskararako». Beste hainbat erakunde ere ari dira ariketaren aldeko deia egiten. Ostegunean hasi eta hilaren 25ean bukatuko da.

Bide batez, publiko egin ditu Eusko Jaurlaritzak helduen euskalduntze eta alfabetatzean «doakotasuna» lortze aldera egin dituen urratsen emaitzak. Igaro egunotan egin ditu HABEk euskararen ezagutza maila egiaztatzeko etsaminak, eta iazko datuekin alderatuta izen ematean igoera nabarmengarria izan dela esan du sailburuak: 17.712 pertsonak eman dute izena azterketetan. Iaz baino % 6,14 gehiago izan dira; duela bi urte baino % 17,3 gehiago. Aditzera eman duenez, maila guztietan izan da igoera. «Datuok oso positiboak dira».

Aurrez ere goraipatu izan du Jaurlaritzak bide horretan egindako urratsen eragin positiboa. A1 mailako eskolak jasotzeko ordaindu beharrekoa asko apaldu da ikasturte honetan, eta ikasle kopurua %20 handitu dela gogoratu du gaur sailburuak. Hastapeneko maila da A1, ia batere euskararik ez dakitenena, eta hor ikasleak ugaritzeak berebiziko garrantzia duela nabarmendu du. «Jendeak euskarara hurbiltzen jarraitzen du, eta hori garrantzitsua da erabilerarako jauzia egiteko». Aurreko ikasturtean 16-18 urte arteko ikasleak C1 mailara «doan» matrikulatzeko bidea egin zen, eta horrek ere ikasle kopurua handitu egin du.

Aldaketa izan da urteotakoa, baina maila jakin horietan bakarrik. Egun, B2 mailara arteko matrikulazioa doakoa da neurri batean, baina ikasleek matrikula ordaindu behar dute izena ematean, eta ondoren itzultzen die Eusko Jaurlaritzak, baldin eta baldintza batzuk betetzen badituzte. Horiek horrela, doakotasunerako bidean neurri gehiago hartzeko eskatzen ari da euskalgintza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.