Euskaraldia

Euskaraldiko parte hartzaileen bi herenek hizkuntza ohiturak aldatu dituzte

Hirugarren Euskaraldiari buruzko ikerketaren emaitzak aurkeztu dituzte. Aurreko aldiarekin alderatuta, norbanakoak %11 gutxiago izan dira; entitateen parte hartzea, berriz, %3,5 areagotu da. Oro har, hurrengo aldian parte hartzeko prest agertu dira.

Hirugarren Euskaraldiari buruzko ikerketaren emaitzen aurkezpena gaur, Bilboko Euskalduna Jauregian. EUSKALTZALEEN TOPAGUNEA
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko urriaren 19a
16:17
Entzun

Euskaraldia eraginkorra dela berretsi dute hirugarren aldiari buruzko ikerketaren emaitzek. Izan ere, parte hartzaileen bi herenek –batzuek gehiago eta besteek gutxiago– hizkuntza ohiturak aldatu dituzte. «Hiru aldietan joera orokor bera izan da: bi aste horietan, euskaren erabilerak gora egin du, eta ondoren, behera, baina jaitsiera hori ez da igoeraren parekoa izan; beti geratzen da zerbait», azaldu du Unai Oiartzun Siadeco ikerketa elkarteko teknikariak. Izan ere, Siadecok egin du ikerketa; gaur goizean aurkeztu dituzte emaitzak, Bilboko Euskalduna jauregian.

2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra arte egin zuten hirugarren aldia. «Ariketa sozial berritzailea da; arnasa luzeko programa», azaldu du Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak eta Euskaltzaleen Topaguneko kideak. Horregatik, ikerketa egiteko orduan, kontuan hartu dituzte norbanakoek eta entitateek Euskaraldiaren aurretik, bitartean eta ondoren izandako jarrerak. Aurreko aldiarekin alderatuta, parte hartzaile kopurua %11 apaldu zen azken aldian; 158.440 lagunek eman zuten izena. %77,6 izan ziren ahobizi, eta %22,4 belarriprest. «Lehenengo alditik bigarrenerako jaitsiera %20ekoa izan zen, pandemiaren eraginez; beraz, jaitsiera apaldu egin da», zehaztu du Oiartzunek.

Gazteen izen emateak egin du behera bereziki. 16 eta 29 urte bitartekoen artean, %25,5 apaldu da; eta 30 eta 44 urtekoen artean, berriz, %15,2. Halaber, nabarmentzekoa da gizonen parte hartzearen bilakaera: %15,2 jaitsi dira gizonezkoen izen emateak. Kopuru erlatiboetan, emakumezko parte hartzaileen kopurua halako bi apaldu da gizonena; emakumeen parte hartzeak %8,5 egin baitu behera. «Sexu artean, lehendik zegoen aldea areagotu egin da», ohartarazi du Oiartzunek. Eta zehaztu du azken aldian parte hartu zutenen %64 emakumeak izan zirela.

Parte hartzaile kopuruak behera egin duen arren, antolatzaileek ariketaren eraginean jarri dute arreta. «Tresna egokia da euskararen erabilera sustatzeko, hizkuntza ohituretan aldaketak eragiten dituelako; beraz, hizkuntza ohiturak aldatzeko aukera ematen du etorkizunera begira», nabarmendu du Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuordeak. Hain zuzen ere, Euskaraldia amaitu ostean seme-alabekiko eta lan eremuetako harremanetan eragindako aldaketak izan dira egonkorrenak. Javier Arakama Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak ere ariketaren eragina izan du hizpide: «Euskararen erabilera handitzeko helburua izan dute aritu direnek, eta datuek erakutsi dute ariketak funtzionatzen duela».

8.610 entitate

Oiartzunen arabera, norbanakoen hiru laurdenak prest agertu dira hurrengo aldian parte hartzeko, «zalantzarik gabe». Are, entitateen %76,3k iritzi bera dute. Izan ere, azken aldian, entitate kopuruak %3,5 egin zuen gora: 8.610ek eman zuten izena. Nagusiki, merkataritzako eta zerbitzu profesionaletako establezimendu txikiak izan ziren; ariketaren aurretik «nahiko euskaldunak» ziren entitateak: «Langileen %77 gai ziren euskaraz ondo edo nahiko ondo hitz egiteko».

Entitateetan ere, norbanakoen arteko joera bera nabari da: «Harreman mota guztietan euskararen erabilerak gora egin du ariketa egin bitartean, eta gero jaitsi egin da, baina ez hainbeste». Hain zuzen, herritarrekin, bezeroekin eta bazkideekin izandako harremanetan eutsi diote aldaketari, baita ariguneetan parte hartu duten kideen arteko harreman informaletan ere. Hiru entitatetik batek eutsi nahiko liokete lortutako eraginari etorkizunean. Horretarako, neurriak hartuko dituzte. Beste batzuek (%17), berriz, eraginari eutsi nahi diote, baina ez dute neurri berezirik hartuko horretarako.

Emaitzak ikusita, laugarren aldia egingo dela esan du Urkijok: «Parte hartzaileek ilusioa dute hurrengo aldietan parte hartzeko; prestasuna erakutsi dute. Baina Euskaraldiak aldaketa baten beharra duela adierazi dute hainbatek, ez diolako eutsi hasierako indarrari. Gogoeta prozesu sakon batean murgildu gara, eta azaroaren 4an mintegia egingo dugu Euskalduna jauregian: Euskaraldiaren herri batzordeekin, erakunde publikoekin eta euskalgintzako eragileekin bilduko gara, laugarren aldia elkarrekin irudikatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.