«Eztabaida sumintzea eta probokazioan aritzea ez da bidea; elkarrekin aritu behar dugu gure hizkuntza gutxituen aitortzaren eta babesaren alde». Hitz horiekin abiatu du Alain Iriartek larunbat goiz honetako Euskal Hirigune Elkargoko biltzarra. Ipar Euskal Herriko hainbat herriko etxek euskararen aitortza ofiziala egiteko hartu dituzten deliberoak babestu ditu, eta Simon Fetet Pirinio Atlantikoetako prefetari dei egin dio elkarlanean aritzeko. «EEPn bat egin dugu 2050erako hiztun kopurua %30era heltzeko helburuarekin. Diagnostiko eta anbizio partekatu baten ondorioa da: gure hizkuntzak bizi daitezela», adierazi du. Iragarri du heldu den astean biltzekoa dela prefetarekin. «Beste bide bat hartzeko galdeginen diot».Â
Gaur-gaurkoz, hamabost bat herriko etxetan hartu dituzte euskara ofizialki aitortzeko deliberoak. Bere horretan, adierazpen sinbolikoak dira, ez baitiete euskal hiztunei eskubiderik aitortzen, baina borondate politiko bat adierazten du: «Nahi dugu gure lengoaiek izan dezaten leku bat gure lurraldean», laburbildu du Iriartek. Oroitarazi du aitzitik izan direla gisa bereko deliberoak, izan 2004an Bretainian, 2007an Ipar Katalunian eta baita 2018an Euskal Hirigune Elkargoan ere. «Horiek ez ziren ezeztatuak izan, gure lurraldearen errealitate bat baitira. Eta errealitate horren kontra nik ez dut uste nehor plantatzen ahal denik».
Iriartek erran du herriko etxeetan halako delibero gehiago hartzera bultzatuko dituztela hautetsiak. «Atxikimendu hori behar dugu, gure hizkuntzek gizartean leku hobea eta laguntza gehiago ukan ditzaten frantsesaren ondoan». Era berean, lehendakariak bat egin du euskalgintzak euskararen koofizialtasunaren alde azaroaren 21erako Baionan antolatu duen mobilizazioarekin. «Hautetsiek behar dute hor izan, egun guziz euskararen alde lanean ari diren eragileekin. Ni hasteko hor izanen naiz».
Gobernantzan aldaketak
Ikasturte hasiera honetarako hainbat aldaketa iragarri dituzte Euskal Elkargoko gobernantzan. Batetik, Remi Bochard zerbitzuen zuzendari nagusia kargutik kendu duela jakinarazi du Iriartek. Ez du zehaztu zer arrazoirengatik hartu duen erabakia, baina heldu den astetik aitzina zuzendari berri bat hautatzeko deialdi publikoa abiatuko dutela iragarri du. Azken asteetan, lehendakariaren kabinetea osatzeko hautagaitzak aztertu dituzte, eta erran du hori ere heldu den asterako finkatuko dutela.Â
Baina barne funtzionamenduan ere izanen dira aldaketak. Hautetsien parte hartzea sustatu eta erabakiak deszentralizatzeko promesarekin hartu zuen lehendakari kargua Iriartek. Hala, irail honetan, lurraldeetako kontseiluak antolatzen hasi dira: lurraldeetako ordezkariak eta lurralde eremuetako teknikariek osatuko dute, eta batzorde eragilearen bilkuren ondotik bilduko dituzte. Helburua da tokian-tokian dituzten ekipamenduak eta zerbitzuak beraiek kudeatzea. «Hautetsiek gogoa zuten hirigune elkargoa lurraldeetara ekartzeko; beraz, hurbiltasun hori lantzen hasi gara», esplikatu du Nicole Etxamendi Itsasuko axuantak. Hark du gobernantzaren ardura batzorde eragilean. «Hurbiltasun hautetsiak izendatuko ditugu, bat igerilekuez arduratzen dena eta beste bat haurtzaindegiez; eta bestelako politika nagusietan ere, hala nola etxebizitzan, ordezkariak izendatuko ditugu tokian-tokian diren beharrak hirigune elkargora ekartzeko». Zerbitzuekin batera funtzionamendua zehazten arituko dira hemendik aitzina, urte bukaerarako balorazio bat egiteko helburuarekin.
Klima eta bizitegiak
BTP Bizitegien Tokiko Plan berriaren lanketa abiatu dute elkargoko hautetsiek. 2028-2032 aldirako plana landuko dute, eta anartean orain artekoa luzatzea erabaki dute. Etxamendik onartu du orain arte ez dutela kausitu bizitegi sozialetan lortu nahi zuten kopurua. Era berean, negoziazio politikorako fase bat izanen dela ere iragarri du, orain arte indarrean izan diren hainbat neurri atxiki ahal izateko. Larunbat honetako biltzarrean, etxe hutsak gehiago zergapetzeko neurria ere onartu dute.
Horrez gain, Klima-Aire-Energia Lurralde Plana berrikustea adostu dute hautetsiek. Elkar-aditze fase zabal bat irekiko dute hautetsi, eragile ekonomiko, elkarte, aditu eta herritarrak bilduz, orain arte egin dutena ebaluatzeko. Hemezortzi hilabeteko epean osatuko duten plan berriak 2034ra, 2040ra eta 2050era begirako helburuak finkatuko ditu.