Oskar Zapata eta Iñaki Sagardoi: «Euskararen aldekoak gutxiengo gara, eta, egoera aldatu nahi badugu, aliantzak josi beharko ditugu»

Euskararen aldeko jarrerak indartzeko eta adostasun handiagoa lortzeko proposamena aurkeztu du Topaguneak. Nafarroatik abiatuta ere Euskal Herri osoan aplikagarria dela uste dute.

Iñaki Sagardoi eta Oskar Zapata, Iruñeko Kondestablearen jauregian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iñaki Sagardoi eta Oskar Zapata, Iruñeko Kondestablearen Jauregian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2024ko maiatzaren 2a
05:00
Entzun

Zubigintza. Euskaltzaleen Topagunearen irudiko, hori egitea dagokie orain euskararen alde dauden norbanako eta erakundeei. Konplizitateak ehuntzea eta harremanak zabaltzea. Hurbilekoekin, baina baita orain arte euskarari ezikusi egin diotenekin ere. Helburu horrekin ondu dute Gero eta aldeko gehiago ikerketa, ia hiru urteko prozesuaren ostean. Iragan astean aurkeztu zuten Iruñean Iñaki Sagardoi soziologo eta irakasleak (Iruñea, 1991) eta Oskar Zapata Topaguneko Nafarroako zuzendariak (Iruñea, 1963).

Zergatik behar ditu euskarak 'Gero eta aldeko gehiago'?

IÑAKI SAGARDOI: Azken inkesta soziolinguistikoek, lehen aldiz, euskararen sustapenaren gaineko jarrerak neurtu zituzten. Zenbait galderaren bidez, aztertu zuten zer iritzi duen jendeak hizkuntza politiken gainean. Eta kezka eragin zigun ikusteak azken urteetan kontrako jarrerek gora egin dutela, gazteen artean batez ere. Kezka hori izan zen gure abiapuntua, ikerketa ontzeko. Zer gertatu da azken urteetan eta, batez ere, zer egin dezakegu jendea erakartzeko euskararen aldeko jarreretara? Jomugan ditugu, batez ere, euskararen gainean iritzi zehazgabea dutenak. Badakigu Nafarroan, batez ere, badela euskararen aurka sutsuki arituko den sektore bat, eta horrengana ez garela inoiz iritsiko, baina garrantzitsua iruditzen zaigu erdibidean egon daitekeen gehiengo ezaxola horrengan eragitea.

OSKAR ZAPATA: Argi izan behar dugu zein den egoera: Nafarroan, gutxiengoa gara euskara sustatzearen alde gaudenak. Gogorra da entzutea, baina hala da. Eta gehiengoa izan nahi badugu, bideak topatu beharko ditugu uneotan euskararen alde ez daudenengana iristeko. Onartu behar dugu erdaldun asko ez direla hurbiltzen ari gure ohiko diskurtsoetara eta planteamenduetara; hortaz, agian ariketa egin beharko dugu entzuteko zer pentsatzen duten, zerk mugitzen dituen, zerekin sentitzen duten enpatia, eta, horren arabera, planteamendu bat eskaini. Konplizitateak eraiki nahi baditugu, joko zelaia aldatu beharko dugu.

Joko zelaia aldatu, nola?

SAGARDOI: Guk, lehenik eta behin, entzuketa ariketa kolektibo bat egin genuen, hainbat esparrutan. Euskaltzaleon gogoeta propioez harago, jakin nahi genuen besteek zer pentsatzen duten, batzuek besteen gaineko ezagutzan sakontzeko.

ZAPATA: Ikerketa honetan lanean hasi ginenean, jende askoren gogoetak eta proposamenak jaso genituen. Talde egonkor xamar bat sortu genuen, eta, horrekin batera, kontraste foroak antolatu genituen, kanpoko iritziak ere jasotzeko. Hasieratik adostu genuen iritzi guztiak ongi etorriak izanen zirela, Nafarroako gizartearen isla ahalik eta fidelena lortu nahi genuelako. Ideia horiek ordenatzean, zera galdetu genion geure buruari: zeintzuk dira jende gehiagorengana iristeko balio diguten jardunbideak? Eta, horrekin batera, zer ildo diskurtsibo landu behar dugu, gaur egun euskaratik at eroso bizi den jende horrek iritzia alda dezan?

Zeintzuk izan ziren prozesuan ateratako ideia nagusiak?

SAGARDOI: Kontraste foroetan konturatu ginen, adibidez, jakintzat jotzen ditugun kontzeptu asko ez direla hain ezagunak gure burbuilatik kanpo: zer den hizkuntza gutxitu batek behar duena, zer den euskararen egoera normaltzea, zer den euskara bera! Gizarteko esparru askotan ez dituzte halakoak planteatzen ere, eta akaso halako ideiak azaldu beharko ditugu noizean behin, enpatiaz, ahalik eta argien.

ZAPATA: Niri arreta eman zidan, euskararekin kontakturik ez duten askorentzat, kanpotik etorri berri direnentzat batez ere, euskaldunak ongi bizi den giza talde bat garela: erdiko klasekoak, arazo handirik ez dutenak... Zer pentsatua eman zigun. Foroan parte hartzen zuten euskaldunak, noski, ez zetozen bat iritzi horrekin, baina argi gelditu zen gauza bat: kanpotik ez gaituztela antzematen guk geure burua antzematen dugun bezala. Hortaz, zer estrategia erabil dezakegu pertzepzio horiek apurtzeko eta frogatzeko euskaldunak heterogeneoak garela, izan dezakegula klase ikuspegia edo enpatiaz joka dezakegula kanpotik etorri berri diren pertsonekin? Hor dago koska. Diskurtsoekin bainoago, praktikarekin frogatu behar dugu kultur artekotasunaren alde gaudela eta gizarteko arazoek zeharkatzen gaituztela, beste edonori gertatzen zaion bezala.

SAGARDOI: Harrera falta ere aipatu zuten kanpotik etorritako erdaldun askok. Batzuek bi urte zeramatzaten Iruñean bizitzen, hemen beste hizkuntza bat bazela konturatu zirenerako. Beste batzuek euskara ikusia zuten paisaia linguistikoan, baina ez ziren ohartu hizkuntzak benetan duen dimentsioaz eta jende askorentzat duen garrantziaz. Horren ardura nagusia, noski, administrazioena da, euskarak ez baitu presentziarik kanpotik datozenei egiten zaien harreran, eta hori bermatu beharko litzateke. Alta, guk geuk ere asko egin dezakegu maila komunitarioan: auzokide eta herritar berriei azaldu nor garen, zer den hizkuntza gutxitu bat, euskara hemengo hizkuntza dela...

«Kanpotik etorritako askorentzat, euskaldunak ongi bizi den giza talde bat gara, arazo handirik ez duena. Argi dago kanpotik ez gaituztela antzematen guk geure burua antzematen dugun bezala».

OSKAR ZAPATATopaguneko Nafarroako zuzendaria
Euskarari buruzko ohiko diskurtso mitifikatzaileak baztertzearen alde ere egin duzue.

ZAPATA: Beste hizkuntza batzuetako hiztunekin egonda, konturatu ginen oso garrantzitsua dela hizkuntza guztiak berdin tratatzea, eta guretzat eskatzen dugun aitortza ematea besteei ere. Ez dago besteak baino liluragarriagoa, misteriotsuagoa edo ederragoa den hizkuntzarik. Denek balio dute komunikatzeko. Diskurtso zahar horiek ez dute ezertan laguntzen, beste komunitateekin harremanak estutzeko bidean. Eta gureaz hitz egiten dugun bezala, garrantzitsua da besteena ere entzutea. Eman eta jaso.

Zer argudio erabil daitezke, erdaldunei ulertarazteko euskara biziberritzearen garrantzia?

SAGARDOI: Ekologia linguistikoarekin lotutako kontzeptuak oso erabilgarriak iruditzen zaizkigu. Beste hizkuntza batzuek badituzte lurralde eta espazio anitz era egokian garatu ahal izateko; euskarak hau du bere territorio bakarra. Hemen ez bada, euskara ez da beste inon garatuko. Hortaz, habitat egoki bat bermatu behar zaio, bai legez, bai baliabidez. Bestalde, Nafarroak munduari egiten dion ekarpen handienetako bat da euskara, eta aniztasuna aldarrikatzen dugunok bat egin beharko genuke horren defentsan. Gaur egun, mundu osoan goranzkoan dira pluraltasunaren kontrako mugimendu politikoak eta ideologiak, handikeriaz jokatzen dutenak eta ekosistema txikiak desagerraraztea predikatzen dutenak. Bada, horien kontrako sektoreei ulertarazi beharko genieke euskara sustatzea badela uniformizazio horren kontra egoteko bide bat ere.

ZAPATA: Bizikidetzaren kontzeptua ere gureganatu behar dugu. Errespetua, zaintza, demokrazia, aniztasuna... Borroka horiek gure borrokak ere badira, eta, gainera, kontzeptu horiek aukera ematen digute ohiko dikotomiatik aldentzeko.

Zer dikotomia?

ZAPATA: Euskararen sustapena mugatzen duena abertzaleen eta ez-abertzaleen arteko eztabaida batera. Gurpil zoro horretatik atera beharra dugu, eta eztabaida desplazatu beste parametro batzuetara. Kontua ez da zein den zure nazio identitatea edo zer estatu proiekturekin lerratzen zaren. Aniztasunaren eta bizikidetzaren alde bazaude eta, hortaz, autoritarismoaren eta uniformizazioaren kontra, hor badugu oinarri sendo bat ados jartzeko, balioak partekatzen ditugulako. Euskararen sustapenerako neurriak kokatu daitezke aniztasunaren, errespetuaren, zaintzaren eta demokraziaren aldeko parametroetan. Horri esker, askoz jende gehiagorekin josi ahalko ditugu aliantzak eta konplizitateak, euskararen onerako.

Hezkuntzaz ere mintzo zarete txostenean. Zeintzuk dira ondorioak?

SAGARDOI: Funtsean, aipatzen duguna da kalitatezko hezkuntza eredu integral bat nahi dugula Nafarroarentzat, eta, guretzat, horrek ezinbestean esan nahi du euskararen unibertsalizaziora jo behar dela ikasleen curriculumean. Herritar guztion eskubidea behar luke euskara ezagutzea eta hori eskolan jasotzea. Badakigu, ordea, Nafarroan errealitate oso ezberdinak ditugula gaur egun, eta guk planteatzen dugun helburu horretara iritsi aurretik, egun ditugun euskarazko eredu guztiak sustatu beharko genituzke. A, B eta D ereduek jauzi bat egin dezakete kalitatean. Bakoitzak bere erronkak eta ezaugarriak ditu, noski, baina uste dugu unea dela denei bultzada emateko eta anbizioz jokatzeko.

«Kalitatezko hezkuntza eredu integrala nahi dugu, euskararen unibertsalizazioa bermatuko duena. Baina hori lortu bitartean, egungo euskarazko ereduak sustatu beharko genituzke: A, B eta D».

IÑAKI SAGARDOITopaguneko kidea
Euskarazko edukiren bat duten guztiei, ezta?

SAGARDOI: Bai. Kontraste taldeetan azaleratu den ideietako bat da A ereduarena, adibidez. Asko du hobetzeko eredu horrek, baina eremu oso erdaldunetan, adibidez, ekarpen handia egin dezake.

ZAPATA: Euskarazko edukiak dituzten hezkuntza eredu guztiak baliagarriak izan daitezke, egoeraren arabera. Nafarroako hegoaldean, balio handia dute euskal kulturako elementu guztiek, aldekotasuna indartzen dutelako. Erriberako herri eta auzo gehienetan, euskal dantzak edo Olentzeroren desfilea antolatzen dituzten taldeen eskutik sartu ohi da A eredua; eta A eredua egonkortu eta urte gutxira, zirkulu euskaltzale horiexek eskatzen dute D eredua herrian. Zer esan nahi du horrek? Bada, euskarak perspektiba demografiko oso txarrak dituen toki horietan, ez genituzkeela aukera xumeago horiek baztertu edo gutxietsi behar. Konpromiso maila txikiagoa eskatzen duten jarduerek ere balio dezakete hizkuntzaren gaineko jarrerak hobetzeko eta, pixkanaka, euskara bera indartzeko. Eremu oso erdaldun horietan dituzten baldintzak ezagututa, euskarari lotutako urrats guztiak aitortu behar ditugu, eta duten balioa eman.

Sarbide gisara?

ZAPATA: Hori da. Ezin duzu maite ezagutzen ez duzun hori. Nola espero dugu Nafarroako toki askotan euskara maitatzea eta aldarrikatzea, ez badute ezagutzen?

Hemendik aurrera, zer?

SAGARDOI: Alderdi politiko, sindikatu eta eragile askorekin batzartu gara, geure ikerketa aurkezteko. Datozen hilabeteetan segida emanen diogu bide horri, eta segituko dugu konplizitate berriak eraikitzen. Orain arteko prozesuan ikusi dugu badugula tartea akordioak lortzeko.

ZAPATA: Gaur egun euskararen sustapenaren alde posizionatzen ez diren horiek inoiz iritziz aldatuko dute? Ez dakigu, baina espero dugu baietz. Gehiengo soziopolitikoak eraiki nahi baditugu, beharko ditugu sektore horiek ere, eta heldulekuak eskaini beharko dizkiegu ohiko argudioez harago. PSNk, Zurekin Nafarroak edo zenbait sindikatuk ez dute inoiz euskararen aldeko urratsik eginen Euskal Herrian sinesten dutelako. Noizbait euskararen aldeko jarreretara hurbilduko badira, ziurrenik, argudio gisa hartuko dituzte pluraltasuna, demokrazia eta bizikidetza. Partekatzen ditugun balioetan oinarria duten diskurtsoak, alegia. Bada, egin dezagun indarra horietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.