Euskararen bazterketa «betikotzea» leporatu diote Nafarroako Gobernuari

Gobernuak merezimenduen dekretua oinarri hartuta egin dituen aldaketen harira, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak gogora ekarri dute arautegi horretan atzerriko hizkuntzek aitortza handiagoa dutela euskarak baino.

Herritar bat Nafarroako Ogasun Departamentuaren bulegoetan. VILLAR LOPEZ / EFE
Herritar bat Nafarroako Ogasun Departamentuaren bulegoetan. VILLAR LOPEZ / EFE
arantxa iraola
2025eko maiatzaren 7a
14:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Nafarroako Gobernuko lanpostuetan %3tik %5era ugarituko dira postu elebidunak. Atzo kaleratu zuten aldaketari bide emango dion neurria Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta, ondorioz, indarrean da. Euskarabideak adierazi du «oso urrats garrantzitsua» dela hori euskarazko arretari begira, baina, gaur Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak ohar bateratu batean salatu dutenez, Nafarroako Gobernuaren legeriak euskaldunen bazterketa «betikotzea» dakar.

Datu bat eman dute horren erakusgarri: 1.459 postutan alemana, frantsesa edo ingelesa merezimendu izango dira, baina euskaraz jakitea ezingo da baloratu ere egin. Euskalgintzako erakundeek merezimenduen dekretua kritikatu dute aurretik ere hainbatetan, eta gaur gogoratu dute dekretu horrek ez duela balio hizkuntza eskubideak bermatzeko. «Herritarren eskubideak bermatzetik eta euskararen normalizazioan aurrera egitetik oso urrun dago»

Atzerriko hizkuntzak herrialde osoko lanpostuetan kontuan hartzen badira ere, ez da aintzat hartzen euskara Nafarroako «berezko hizkuntza» dela, haien hitzetan, eta aski egoera desegokiak sorrarazten ditu horrek. «Nola izan daiteke zerbitzu zentraletan lan egiten duten erizain espezialista edo administrari batzuei ingelesa baloratzea eta euskara ez, arreta zuzena eskaintzen dutela aipatzen bada? Departamentu bakoitzean horrelako adibide ugari aurki genitzake». Izan ere, departamentu askotan, euskarazko lanpostuak oso urriak izan arren, oso gutxitan hartzen da «merezimendu» gisara ere.

Ondorio larriak ditu horrek. Argi adierazi nahi izan dituzte: oraindik ezin dira zerbitzuak euskaraz jaso, eta ezin da euskaraz lan egin: «Administrazioak euskaraz funtzionatzeko duen gaitasunik eza nabaria da». Euskalgintzako erakundeen ustez, jokatzeko era honekin Nafarroako Gobernua erakusten ari da ez duela asmorik euskara sustatzeko politika egokiak bideratzeko, eta ez dituela kontuan hartzen Europako Kontseiluak hizkuntza eskubideak bermatze aldera ematen dizkion gomendioak ere. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.