«Hizkuntza politikaren joko arauak aldatu dituzte epaileek; arazoa ez da ezin dela aurrera egin euskararen normalizazioan, baizik eta kolokan dagoela orain arte izan dugun zorua bera. Euskararen desofizializazio prozesu bat da hau, eta arriskua dago berrogei urte atzera egiteko». Euskararen aurkako oldarraldiaren larriaz ohartarazi dute gaur Euskalgintzaren Kontseiluak, ELAk eta LABek, eta bi elkarretaratze egin dituzte ordu berean: bat Bilboko justizia jauregiaren parean, eta bestea Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan. Iragan astean argitaratutako hiru sententzia izan dituzte hizpide: horietan, baliogabetu egin da langile publikoek euskaraz jakiteko betebeharra. Hori ikusita, «euskaraz lan egiteko eskubidea» aldarrikatu dute Kontseiluak eta sindikatuek, eta «auzitegien oldarraldi euskarafoboa» salatu.
Gogorarazi dute azken bi urteetan ehundik gora epai argitaratu direla administrazioko euskara eskakizunen aurka: «Sententziaz sententzia, botere judiziala euskararen ofizialtasuna bera deseraikitzen ari da. Horien arabera, justiziaren aurkakoa da herritarren eskubideak parekatzea eta gaztelaniaren pribilegio estatusa zalantzan jartzea».
Administrazioa euskalduntzeko proposamena
Hiru eragileek nabarmendu dutenez, gainera, sententzia horiek guztiak noiz-eta «administrazioa euskalduntzeko aukera historikoa» dagoen honetan plazaratu dira: «Datozen urteetan, langile publikoen erdiek erretiroa hartuko dute, eta inoizko belaunaldi euskaldunduena etor liteke horien lekua hartzera. Orain da garaia, jauzirako baldintzak badaude». Hain zuzen, aukera hori aprobetxatze aldera, administrazioa hamabost urtean euskalduntzeko proposamena egin dute Kontseiluak, ELAk eta LABek elkarlanean.
Gogorarazi dutenez, oldarraldiaren aurkako mobilizazioek ez dute etenik izan azken hilabeteetan, eta horri esker, eztabaida mugitu egin da, «epaitegietatik Eusko Legebiltzarrera». Hortaz, uste dute orain ordezkariei dagokiela ausardiaz jokatzea, eta urratsak egitea galdegin diete: «Ezin dira mugatu oldarraldiari erantzuna ematera eta atzeraldia gelditzera». Ezinbestekotzat jo dute «euskarak behar duen arkitektura juridiko berria» eskaintzea, egungo hizkuntza eskakizunen paradigma gainditzeko eta langile publiko guztiei bermatzeko «ez soilik euskara ezagutza, baizik eta baita euskaraz lan egiteko eskubidea ere».
Sindikatuek eta euskararen aldeko eragileek uste dute aurrerabideak izan direla azken urteetan, baina euskararen normalizazioa azkartu beharra dagoela, «atzean geratuko ez bada, gero eta azkarrago doan mundu honetan». Bestelako paradigma bat galdegin dute, «erronka berriei aurre egiteko, botere judizialak ezarritako blokeoa gainditzeko, administrazio euskaldun bat izateko eta, orain arteko iraupen logikaz harago, euskararen normalizazio erreal baterako jauzia egiteko».