Euskararen erabileran «jauzi kualitatiboa» egiten laguntzeko plana onetsi du Jaurlaritzak

Gobernu kontseiluak gaur onartu du plana. Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde Ibone Bengoetxeak erabileraren garrantzia nabarmendu du: «Hizkuntza bat, zenbat eta gehiago erabili, orduan eta indartsuago».

Ibone Bengoetxea lehendakariordea hizketan, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA
Ibone Bengoetxea lehendakariordea hizketan, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA
arantxa iraola
2026ko martxoaren 31
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jauzi bat. Irudi hori gogoan hartuta ari da ardazten Eusko Jaurlaritza euskara biziberritzeko egiten ari den proposamenak. Iazko ekainean, Imanol Pradales lehendakariak Jauzia gara leloaren inguruan elkartu zituen gizarteko ehunka eragile Bilbon egindako ekitaldi batean, eta han jakinarazi zuen Euskararen Erabilera Biziberritzeko Biltzarra antolatuko dutela 2027an. «Datozen hamarkadetan euskararen oinarrizko printzipio eta ardatzei buruzko adostasun zabala» lortzeko izango dela aurreratu zuen. Gaurko gobernu kontseiluan, berriz, «euskararen erabileran jauzi kualitatiboa» egiteko plan estrategikoa onartu dute. Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Kultura sailburuak aurkeztu du ondoren hedabideen aurrean. 

«Inoiz baino euskaldun gehiago dugu, baina erronka nagusia erabileran dago», adierazi du. «Horregatik, plan honen helburua da ezagutzatik erabilerara jauzia egitea». Nabarmendu du, adibidez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gazteen %86k baino gehiagok dakitela euskaraz, eta horiek erabiltzera bultzatzea izango dela helburuetako bat. «Euskara ez da soilik jakin behar den zerbait, erabili behar den zerbait da. Hizkuntza bat, zenbat eta gehiago erabili, orduan eta indartsuago», gogora ekarri du Bengoetxeak. Gobernu osoaren plana dela esan du, eta «gizarte osoari» zuzenduta dagoela. Euskarak «komunitate sendo bat» osatzeko duen garrantzia ere nabarmendu du. 

Bost ildo ditu planak. Lehena da erabilera handitzea gizarte osoan, eta hor helduen euskalduntzea sustatzen jarraitzeko «doakotasuna» bultzatzen jarraituko dutela esan du Bengoetxeak. Ezagutzaren eta erabileraren artean gazteen artean dauden arrakalak gutxitzeko bideak bilatzea eta horretarako «edukiak eta aukerak» sortzen laguntzea da bigarren helburua. Hirugarrenik, lan munduan «jauzia» egin nahi dute, euskara lan hizkuntza ere izateko egitasmoen bidez. Laugarrena da ingurune digitalean aurrera egitea. Bosgarrena, euskararekiko «lotura emozionala» indartzea, gero eta pertsona gehiagorentzat izateko «erakargarri eta naturala».

Legealdia hasi zuenetik adierazia du Imanol Pradalesek arloan aurrera egiteko asmoa; hain justu, 2024ko ekainaren 20an, inbestidura saioan bertan, Pradalesek esan zuen euskararen biziberritze prozesuan «herri gisa jauzi kualitatiboa» egin beharra dagoela, eta hor jarri nahi zuela bere agintaldiaren ardatzetako bat. Hain justu ere, lau ardatz nagusi nabarmendu zituen, eta horietako bat da euskararena. Hor aurrera egiteko tresnetako bat da gaur aurkeztu duten plana. 

Gaur onartu duten testua orain Eusko Legebiltzarrera bideratuko dutela esan du Bengoetxeak, eta han eztabaidatuko dela.

Aroan ezarritako ildoak

Aurreko legealdian Aroa marko estrategikoa onetsi zen, eta Bengoetxeak esan du han ezarritako «konpromisoekin eta ildoekin lerrokatuta» dagoela orain onartu duten plan hau. Helburu nagusi bat du Aroak, eta halaxe jaso zuten aurkeztu zutenean: «Gizarteak azken urteetan izan dituen aldaketei erantzun eta gaur egungo testuinguru eleaniztunean euskal hiztun aktiboak eta ahaldunduak dituen komunitatea indartzea, gizarte ekitatibo eta justua eraikitzeko». Orduko Kultura sailburu Bingen Zupiriak nabarmendu zuen euskaraz gehiago eta errazago ikastea duela xedeen artean. 

Lankidetzan sortutako dokumentu bat zela nabarmendu zuten orduan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA