2017ko uztailaren 3an izenpetu zuten lehen aldiz Hiruko Ituna, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta EEP Euskararen Erakunde Publikoak «euskararen erronka konpartituei» aurre egiteko hitzartu zuten akordioa. Bederatzigarren urtemugaren atarian, berritu egin dute akordioa gaur hiru erakundeetako ordezkariek. Donostian izan da sinatzeko ekitaldia, Aieteko jauregian. Bertan izan dira Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxea, Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilari Ana Ollo eta EEPko lehendakari Maider Behotegi.
Arloan batera jarduteak duen garrantzia nabarmendu dute hiru agintariek. Lau urterako lankidetza akordioa izenpetu dute: 2030. urtera bitartekoa. Bide batez, hiru erakundeek aurtengorako jarduera eta ekintza plana ere «finkatu eta onartu» dute. Akordioa berrituta «denboran egonkortutako mugaz gaindiko lankidetza eredu bat sendotu eta eguneratu» dutela nabarmendu du Bengoetxeak agerraldian. «Borondate politiko partekatu baten adierazpen argia da, euskararen biziberritzean ikuspegi estrategikoa, lurralde ikuspegia eta lankidetza instituzional egonkorra uztartzen dituena».
Jaurlaritzak «jauziaren» irudiaren inguruan ardaztu nahi du euskararen inguruko estrategia, eta Bengoetxeak mezua berritu du gaur. «Eusko Jaurlaritzaren ustez, euskarak jauzi kualitatiboa behar du gizarte eremu guztietan, bai eta euskararen lur guztietan ere. Jauzi hori gizartearen eskutik etorriko da, baina erakundeok baldintzak sortu behar ditugu jauzi hori gauzatu dadin», gogoratu du, eta hiru erakundeen arteko lankidetza hitzarmena, hain justu ere, «bide horretan» doala esan du.
Ollok gogora ekarri du lankidetza ezinbestekoa dela «eraginkorragoak izateko». Haren arabera, helduen euskalduntzea indartu, ingurune digitalean euskararen tokia bermatu eta euskararen erabilera lurralde guztietan sustatu behar denez, elkarren berri izateak eta lankidetza bultzatzeak modua emango die aurrerabideak azkarrago lortzeko, eta urrats guztiak «bizikidetza, enpatia eta lankidetza» oinarri hartuta egin behar dira.
Behotegik lankidetza horren ondorioz gaur egun ahaltsuagoak eta osoagoak diren zenbait egitasmo aipatu ditu, besteak beste Itzuli itzultzaile automatikoa eta euskara online ikasteko Ingura plataforma.
Ekintzak
2026. urterako programan hainbat ekintza zerrendatu dituzte. Bost ardatz estrategikoren inguruan proposatu dituzte ekintza horiek. Lehenak hezkuntza eta helduen euskalduntzea dira: ikasleen mugikortasuna eta sarbide aukerak hobetuko dituzte, irakasleen prestakuntzari erreparatuko diote, hizkuntza gaitasuna egiaztatzearen inguruko erabakiak hartuko dituzte, eta Ingura garatuko dute Ipar Euskal Herriko «behar espezifikoak» kontuan hartuta. Bigarren ardatza euskararen erabilera da: bereziki, kirolean, ingurune digitalean, arlo sozioekonomikoan eta hedabideen arloan «esperientziak trukatzeko» eta «baliabideak partekatzeko» bideak leunduko dituzte.
Horra beste hiru ardatzak. Sentsibilizazioa: euskararen aldeko «aktibazio soziala» indartzeko tresnak sustatuko dituzte, besteak beste «Euskaraldiaren eta bestelako egitasmoen» bidez. Ikerketa soziolinguistikoa: Euskararen Adierazle Sistema osatzen jarraituko dute, eta VIII. Inkesta Soziolinguistikoa egingo. Lankidetza Europan: hizkuntza politika eta berrikuntza digitala sustatuko dituzte hainbat proiekturen bidez.