Euskara ikasteko Ingura plataforma digitala berrabiarazi dute

Euskara «edonon, edonoiz eta eroso» ikasteko bidea ematen duela gogoratu dute gaur Eusko Jaurlaritzako hizkuntza politikako arduradunek, Bilbon egin duten agerraldian; A1 eta A2 mailetan euskara modu «gidatuan» ikasteko tresna da.

Ibone Bengoetxea, gaur, Ingura plataforma aurkezteko agerraldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ibone Bengoetxea, gaur, Ingura plataforma aurkezteko agerraldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
arantxa iraola
2025eko urriaren 3a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Hiztun berriak euskarara erakarri nahi ditugu, eta eremu digitalean ere errazago eta eskuragarriago jarri nahi diegu». Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak hitz horiekin azaldu du gaur berrabiarazi egin dutela Ingura plataforma digitala, propio mailarik apalenetan, A1 eta A2 mailetan, euskara modu «gidatuan» ikasteko tresna. «Edozein gailutatik, edozein lekutan eta edozein ordutan» ikasteko modua ematen duela nabarmendu du. Bilbon aurkeztu dute tresna eraberritua, Euskalduna jauregian. Jaurlaritzako buruen ondoan, euskaltegietako ordezkariak eta beste hainbat eragile izan dira. Ehun pertsona inguru elkartu dira.

Euskaltegiek egiten duten lana «osatzea» da tresna horren helburua. Eskoletara joateko-eta arazoak izaten dituzte zenbaitek, eta haientzat propio pentsatuta dago, euskarazko oinarrizko maila bat lortzen hasteko bidea izan dezaten. «Irisgarria, malgua eta erakargarria» dela gogoratu dute. Jaurlaritzak gaur zabaldutako datuen arabera, 14.000 pertsonak erabiltzen dute gaur egun plataforma, eta kopuru hori handitzea nahi dute. 

Tresna hori iazko martxoaren 19an aurkeztu zuen lehenengo aldiz Eusko Jaurlaritzak. Orduko Kultura sailburu Bingen Zupiriak eman zuen baliabidearen berri. A1 mailatik C1era bitarteko ikastaroak eskainiko zituela esan zuen, «era progresiboan»; A1 mailaren atal irekia jarri zen hastapenean martxan, hainbat jarduera jasota, eta aurreratu zuen maila horri dagokion ikastaro osoan matrikulatzeko modua izango zela ikasturte berriaren hasieran. Hain justu ere, A1 eta A2 mailak ikasteko modua ematen du orain. «Ikuspegi komunikatiboan» oinarritutako irakaseredua zela azaldu zuen: «Ekintzara bideratua». Bi urte egin zituzten plataforma lantzen, ordura arte erabilitako Boga autoikaskuntza sistema «zaharkituta» geratu zela argudiatuta.

Erabiltzaileek lau hizkuntzatan jaso dezakete informazioa Inguran: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Hartara, hainbat jatorritako ikasleek ikas dezakete euskara. Jarduerak egin eta emaitzak gordetzeko aukera ematen du plataformak. Urtez urte maila berriak «gehituko» direla aurreratu dute gaur, eta etengabe hobekuntzak «integratuko» direla. Izan ere, hiztun berriak erakartzea da helburu behinena, eta sistema eguneratuz joan behar da horretarako. Hobekuntza teknologikoak oso azkarrak dira, eta etengabe txertatu behar dira sisteman. Era berean, ikasleen premiei gero eta doiago erantzuteko bideak asmatu behar dira. 

«Doako» edukiak

Eusko Jaurlaritza propio bidea egiten ari da euskalduntze-alfabetatzean murgildu nahi duten ikasleei ekonomikoki bidea errazteko. Hainbat urrats egin ditu urteotan helburu horrekin. Inguraren bidez ere samurtu nahi dute bidea: gaur jakinarazi dute maila bakoitzeko ikastaroetako eduki batzuk «doakoak» direla. Zehazki A1 mailako eta A2 mailako «doako» edukiak daude. Hortik gora ikasten jarraitu nahi dutenei, edo maila egiaztatu nahi dutenei, horretarako bidea irekitzen die plataformak: euskaltegietan «barneratuta» dagoela azaldu dute gaur Hizkuntza Politikako Sailburuordetzako arduradunek. 

Ingurak aukera ematen die ikasleei «egoera errealen» bideoetan oinarritutako ikastaroen bidez jarduteko, eta jardutera animatzen ditu. Hain justu ere, ikasleak «hasiera-hasieratik» hitz egitera bultzatzen ditu. Erakundeen arteko lankidetzari esker berrabiarazi ahal izan da Ingura. «Proiektu hau hainbat erakunderen artean eraikitzen ari gara, helburu partekatu batekin: gero eta jende gehiagok euskara ikas dezan eta eguneroko bizitzan erabil dezan erraztea», nabarmendu du gaurko agerraldian Ibone Bengoetxeak. Euskal Herri osoko erakundeak aritu dira lankidetzan: HABE, Nafarroako Gobernua eta EEP Euskararen Erakunde Publikoa. Europako Batasuneko funtsak ere bideratu dira plataformara. 

Jaurlaritzak azaldua du euskarak «jauzia» egin behar duela, eta horretarako oinarriak jartzeko garaia dela orain. Inguraren berrabiaraztea bide horretan «jauzi kualitatibo bat» izatea nahi dute, bidean aurrera egiten lagunduko duen proiektu «estrategiko» bat. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.