Euskararen normalizazioaren inguruko bi mozio aurkeztu dituzte gaur Eusko Legebiltzarrean. Lehenik, EH Bilduk aurkeztu du berea. Euskararen normalizazioa bermatzeko tresna juridikoak garatzeko eta legedian horretarako behar diren aldaketak egiteko eskatu du, zertarako eta euskarak beste hizkuntza ofizialek dutenaren pareko estatus juridikoa izan dezan. Ez da aurrera atera, ordea.
Bigarren mozioa, berriz, gehiengoak babestu du. EAJk eta PSEk aurkeztu dute, eta Sumar taldea ere batu da mozio horretara. Horrek ere gizarte eragileei eskatzen die euskararen normalizazioan oztopoak ez jartzeko, eta gogorarazten du prozesuan aurrerapausoak emateko funtsezkoa dela ados jartzea.
Josu Aztiriak azaldu du EH Bilduren mozioa. Aztiriak jakinarazi duenez, 2023an EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetu zuen «udalek euskara eguneroko lan tresna izatea ahalbidetzen duen dekretua». Era berean, gogorarazi du Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi zuela euskararen aurkako epai hura, Eusko Jaurlaritzak «epez kanpo jarri zuelako errekurtsoa». Haren esanetan, «huts larria» izan zen hura, eta «konpromisorik eza» leporatu die Jaurlaritza gobernatzen ari diren alderdiei, errekurtsoa epez kanpo aurkeztu zutelako «euskarak babes eta segurtasun juridikorik handiena behar duenean». Horregatik, legebiltzarrari eskatu dio legean beharrezkoak diren aldaketak egin ditzala euskararen garapena bermatzeko. Administrazio publikoan ezarritako hizkuntza eskakizunen sistema babesteko beharra ere jasotzen du mozioak.
Are gehiago, EH Bilduk eskatu du hizkuntza politikan jauzi bat egiteko, eta legebiltzarreko taldeen kolaborazioa eskatu du euskarak beste hizkuntza ofizialek duten estatus juridiko bera izan dezan.
Aldiz, parlamentuak gaur onartu duen mozioak «adostasuna» eskatzen die botere publikoei, eragile sozialei eta politikoei euskararen normalizaziorako bidean aurrerapausoak emateko. Zehazki, botere publikoei dei egin die une oro «ekintza publikorik eraginkorrena bultza dezaten» euskara babesteko.
Onartutako mozioan, Eusko Legebiltzarrak dio euskara dela «lurralde guztien kultura eta gizarte ondarea», eta botere publiko guztiei eskatzen die «hizkuntzaren normalizazioan aurrerapausoak emateko une bakoitzean eraginkorrenak diren ekintzak sustatu ditzaten». Horretarako, «adostasun eta segurtasun juridiko handienak» lortze aldera, muturreko jarrerak baztertzeko dei egin die.
Halaber, eragile politiko eta sozialei eskatu diete «euskara errespetatzeko eta babesteko» lan egin dezaten, herritarren hizkuntza eskubideen alde egin dezaten, «bizikidetza eta kohesioa» lortzeko funtsezkoa delako, mozioak aipatzen duenaren arabera. Ohartarazpen bat helarazten die: ez ditzatela euskara eta euskararekin lotura duten gertaerak baliatu «modu oportunistan» arerio politikoari kalte egiteko.