Seigarren aldiz banatuko dute aurten Gladys saria. Informatikan ari diren emakume gazte euskaldunen lan ona saritzeko eta hauspotzeko izaten da, eta Gladys del Estal informatikariaren izena ez ahantzarazteko; izan ere, guardia zibil batek batek tiroz hil zuen, Tuteran egiten ari ziren protesta antinuklear batean (Nafarroa), 1979ko ekainean. 23 urte besterik ez zuen. Aurten Harritxu Geteri emango diote saria. Epaimahaiak, bereziki, euskarazko itzultzaile neuronalaren garapenean Getek egin duen lana goraipatu du.
Halaxe adierazi dute: «Harritxu Getek, Vicomtech zentro teknologikoan ikertzaile eta ahots eta hizkuntza teknologietan diharduenak, Gladys sariaren helburuekin konpromiso irmoa erakutsi du bere ibilbide profesionalean. Haren lana funtsezkoa izan da gaur egun euskararako erabiltzen diren itzultzaile neuronalen garapenean». Jardun horretan teknologiaren «erabilera etiko eta inklusiboa» sustatu duela nabarmendu dute. Epaimahaiko kideek azpimarratu dute, halaber, Getek bere lanean «genero ikuspegia txertatuta» jarduten duela eta «inspirazio iturri» dela atzetik arloan datozen emakume gazteentzat. Hain justu ere, gogora ekarri dute Inspira Steam programako mentorea dela, eta Emakumeak Zientzian ekinbidean ere boluntario aritzen dela.Â
1991an sortua da Gete, Donostian. EHUn Matematika ikasketak egin zituen aurrena, eta gero Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendurako masterra egin zuen. Ikasketa horietan espediente onenaren saria lortu zuen. Doktore tesia ere alor horrekin lotuta egin zuen, eta iaz defendatu zuen. Kalifikazio gorena lortu zuen, cum laude eta guzti. Ibilbide profesional osoa, berriz, Vicomtech fundazioari lotuta egin du.Â
Puntueus fundazioak eta EHUko Informatika fakultateak ematen dute saria, hainbat erakunderen babesarekin. Saria emateko ekitaldia irailaren 24an egingo dute, Donostiako Santa Teresa komentuan, 18:00etan.