Euskararen kaleko erabileraz ariko dira Soziolinguistika Jardunaldian

Soziolinguistika Klusterrak ekainaren 22rako antolatu du jardunaldia, Bilbon. Kaleko erabileraren emaitzen interpretazioa errazteko elementuak lantzeko baliatuko dute

Euskal Soziolinguistika Jardunaldiaren aurkezpena, atzo. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
inaut matauko rada
2022ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Soziolinguistika Klusterrak joan den astean argitaratu zituen Euskal Herriko Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketaren emaitzak, eta ondorio horien azterketa izango da aurtengo Euskal Soziolinguistika Jardunaldiaren muina. EHUren Bilboko Bizkaia Aretoan egingo dituzte jarduerak, ekainaren 22an.

Atzo Bilbon aurkeztu zuten jardunaldian, euskara biziberritzeko beharrezkoak diren gaien inguruan arituko dira, eta aktibistek, adituek eta erakunde arduradunek ondorioak eta iritziak kontatuko dituzte. Bestalde, Klusterrak nabarmendu du datozen urteetarako erronkak identifikatzen ere saiatuko direla.

Goizez eta arratsaldez tailerrak, hitzaldiak eta mahai inguruak egingo dituzte, eta datuen interpretazio eta irakurketa erraztu dezaketen elementuak lantzeko baliatuko dute egitaraua.

Hausnarketarako galderak ere egin dituzte: «Hizkuntza erabilera 1989tik 2021era nola aldatu den badakigu, baina... nola aldatu da kalea bera? Zein da orduko eta gaurko euskaldunen testuingurua? Zein eragin izan du globalizazioak? Zenbaterainoko hizkuntza gaitasuna dute gaurko euskal herritarrek? Zer dago jokoan hurrengo urteetan? Zertarako aukera ematen dute legeek? Zein zeregin dute erakunde publikoek?».

Soziolinguistika Klusterrak joan den astean argitaratu zituen2021eko Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketaren emaitzak, eta nabarmendu zuten Euskal Herrian euskararen kaleko erabilera orokorra berdin mantendu dela 2016tik: %12,6. 2006. urtean neurtu zuten euskararen kaleko erabilerarik handiena, %13,7, baina hurrengo bi neurketetan jaitsi egin zen, 2011n %13,2 eta 2016an %12,6 zela ikusi baitzuten. Gipuzkoan, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian behera egin du erabilerak, eta Bizkaian eta Araban, berriz, gora.

'Streaming' bidez ere bai

Nahiz eta ekainaren 22ko jarduerak aurrez aurrekoak izango diren, streaming bidez parte hartzeko aukera ere egongo da aurten. Klusterraren webgunean eman behar da izena, eta ekainaren 17a izango da horretarako azken eguna. Matrikula arruntak 50 euroko prezioa du, baina ikasleek, langabetuek eta Klusterreko bazkideek 30 euroko prezio murriztua izango dute; streaming bidezko sarbideak hamabost euro balio du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.