Euskararen lege berri bat ontzeko urratsak polemika piztu du oposizioan

Eskuindarren artean haserrea eragin du Iñaki Iriarte (UPN) parlamentuko bozketara azaldu ez izanak. Ezkerraren jarrerak traba dezake egitasmoa

Catalan, Sanchez Muniain, Iriarte eta Esparza UPNko parlamentariak. J. DIGES / EFE.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2017ko urriaren 31
00:00
Entzun
Zorte kolpe batez onartu zuten. Txiripaz. Baina onartu zuten. Euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora hedatu eta zonifikazioaren mugak birrinduko ditueneuskararen lege berri bat ontzeko proposamena onartu zuen Nafarroako Legebiltzarrak iragan ostiraleko osoko bilkuran. EH Bilduk egin zuen proposamena; Geroa Bai eta Ahal Dugu taldeek aldeko botoa eman zuten; UPN-PSN-PP ententeak, kontrakoa. Eta Ezkerrako legebiltzarkideek abstentziora jo zuten. 24 legebiltzarkide, egitasmoaren alde, eta beste horrenbeste, kontra. Irizpenak ez zuen, beraz, aurrera egiteko aukerarik. UPNko Iñaki Iriarte, ordea, ez zen egun horretan legebiltzarrean agertu, parlamentari kargua eta EHUko irakasle lana bateratu ezinik. Hutsegite horri esker onartu zuten euskararen lege berri baten aldeko proposamena. Eta ofizialtasunari ate bat zabaldu.

Luzapeneko minutuetan sartutako gol horrek hautsak harrotu ditu eskuin nabarristaren barruan. Asteburuan, Diario de Navarra kazetak izen-abizenekin azpimarratu zuen UPNko legebiltzarkidearen hutsegitea —kronika parlamentarioan nahiz igandeko editorialean—, eta Navarra Confidencial agerkari digital eskuindarrak ere kritika gogorra egin zion Iriarteri: «Ederra egin du», irakur zitekeen tituluan.

Auziak UPNren barruan eragindako pitzadura, ordea, ez da hedabideetara mugatu. Atzo, kargua uzteko prest azaldu zen Iriarte: «Barkatu. Norbaitek ulertzen badu ez dudala nire eginkizunekin behar bezala konplitu, bide emanen diot beste pertsona bati», idatzi zuen Twitter sare sozialean. UPNko Luis Zarraluki parlamentariak babesa adierazi dio Iriarteri, baina, auzia argitu beharrean, are gehiago nahastu ditu urak: «Ez dago kalapitarako arrazoirik. Lan kontuek behartutako hutsegite batek ezin du Iñakiren ibilbidea eta jarduna baliogabetu».

EH Bilduren proposamenaren alde egin ostean, batzorde berezi bat sortzeko konpromisoa hartu du legebiltzarrak. Batzorde horrek sei hilabeteko epea izanen du «zonifikazio linguistikoa gainditu» eta euskara «Nafarroa osoan» ofizial eginen duen lege proposamen bat aurkezteko. Epe hori gaindituta, legebiltzarrean eztabaidatuko dute berriz, eta erabakigarria izanen da Ezkerraren jarrera. Oraingoz, behintzat, zirrikitu bat zabaldu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.