Berrogei urte beteko ditu aurten 1986ko Euskararen Legeak. Denbora horretan, araua bertan behera uztea edo moldatzea galdegin dute hala euskalgintzak nola zenbait sindikatuk eta talde politikok. Eragile horien irudiko, baina, Nafarroako Gobernuak kontrako bidea hartu du: «Legea hobetu beharrean, okertu egin dute», laburbildu du Euskaltzaleen Foroko ordezkari Fermintxo Zabaltzak. Zehazki, salatu dute iaz indarrean sartutako 97/2024 foru dekretuak —merezimenduen dekretu deritzonak, alegia— «zeharo murriztu» duela udalek lan deialdietan euskara baloratzeko duten gaitasuna. Hori dela eta, elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, Nafarroako Gobernuaren egoitza nagusiaren aurrean. Euskaltzaleen Foroko kideek ez ezik, LAB, ELA eta Steilas sindikatuek ere bat egin dute protestarekin.
Ikusi gehiago
«Berriki arte, eremu mistoko udalek nahi adina balora zezaketen euskararen ezagutza beren lan deialdietan: puntuazio osoaren %5, %10 eta gehiago baloratu izan dute, kasuan-kasuan. Hori dena bukatu da, merezimenduen dekretuak muga bat jarri duelako: araua indarrean sartu zenetik, udalek gehienez ere puntuazio osoaren %2,1 ematen ahal diote euskarari», esplikatu du Zabaltzak. Haren esanetan, eremu mistoko udalerriek «bostehun bat lan deialditan» hartu dute meritutzat euskara azken urteetan, «eta, horietan, %2 baino askoz puntu gehiago balio izan du euskara maila egiaztatzeak». Euskaltzaleen Foroak eta sindikatuek salatu dute bide hori etenda dagoela orain, «eta ez epaileen erruz, baizik eta ustez aurrerakoia den gobernu honek sekulako erasoa egin diolako euskarari».

Kritika talde politikoei
Indar politiko abertzaleekin kritiko agertu da Zabaltza: «Badakite zer ari den gertatzen, baina badirudi haien estrategia politikoa dela honen inguruan isilik geratzea». Dekretua onartu berritan, EH Bildurekin eta Geroa Bairekin batzartu ziren foroko ordezkariak: «Eskatu genien, batetik, beren esku zuten guztia egin zezatela egoera hau zuzentzeko, eta, bestetik, eremu mistoan dituzten udalerriek auzitara jo zezatela dekretuaren aurka». Mendigorriko Udala izan zen bide hori urratu zuen bakarra, baina epaileek bertan behera utzi dute errekurtsoa: «Zoritxarrez, Mendigorriko Udalaz beste inork ez zuen helegiterik aurkeztu, eta, ordutik, ez dugu indar politikoen erantzunik jaso. Urte honetan, oharkabean pasatu da kontua».
Maria Txibiteren gobernuak 2024ko hondar asteetan onartu zuen 97/2024 foru dekretua, bost urteko prozesu luze eta polemiko baten ostean. Administrazio publikoko lan deialdietan hautagaiek zenbateko puntuazioa lor dezaketen hizkuntza titulazioak eta bestelako merituak dituztela frogatzeagatik, horixe zehazten du arauak. Euskalgintzako eragileek gogor kritikatu izan dute dekretua hasieratik beretik, besteak beste traba handiak jartzen dituelako euskara baloratzeko tenorean. Uste dute atzerapauso bat dela 2017ko Euskararen Dekretuarekin alderatuta. Zenbait sindikatuk eta indar politikok ere kontra egin zioten, hala instituzioetan nola auzitegietan —ELA eta Steilas sindikatuek helegitea jarri zioten 2025eko urtarrilaren 22an, eta horri esker, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak dekretuaren bi artikulu baliogabetu zituen urrian—, baina Txibitek kosta ahala kosta atera nahi zuen dekretua aurrera, eta halaxe egin zuen.
Eztabaidaren arretagunea udal autonomian jarri zuen lehena, baina, AET Administrazioan Euskaraz Taldea izan zen. Dekretua onartu eta egun gutxira, ohartarazi zuen arauak «bete-betean» eraginen ziela udaletako lan deialdiei: «Merezimenduen dekretu berriaren arabera, legez kanpokoak izanen lirateke 2015etik aurrera eremu mistoko udalek egin dituzten 147 lan deialdi, euskara gehiegi puntuatzeagatik. Hemendik aurrera, gehienez ere, euskarak %2,1eko balorazioa izanen du eremu mistoan, eta %3,3koa eremu euskaldunean. Sekulako triskantza da», adierazi zuten.