Isilik, baina aurrera doa Nafarroako Foru Hobekuntzaren eguneratzea aztertzen ari den lantaldea. Gaur goizean parlamentuan izan dira Manuel Piquer CEN Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioko presidentea eta Agurne Gaubeka Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria. Lehenak elkarrizketa soziala defenditu du, eta hura estatusean jasotzeko eskatu. Gaubekak, berriz, euskararen ofizialtasuna lurralde osora hedatu dadin galdegin die parlamentariei.
1982an onartu zen Foru Hobekuntza, eta bi ezaugarri izan zituen: negoziazio politikoetatik kanpo utzi ziren garaiko alderdi abertzaleak, eta amaieran ez zen erreferendumik egin. Geroztik, bi aldaketa txiki egin zaizkio, eta, Nafarroako estatus juridiko politikoa gaur egungo errealitatera egokitzeko eta hura berritzeko aukera aztertzeko asmoz, lantaldea osatu zuten parlamentuan 2023ko udazkenean.
Ikusi gehiago
Bi urteotan, 25 aditu eta eragile iragan dira parlamentuko lantaldetik, eta Nafarroako lege nagusiaren makina bat ertzi heldu diote. Aztergai nagusietako bat, hain justu, euskara izan da. Foru Hobekuntzak ez du euskara berezko hizkuntzatzat jotzen, eta zehazten du euskara eremu euskaldunean soilik izango dela ofiziala —1982an idatzi zenez, egungo zonifikazioaren zutarria da; 1986ko Euskararen Legearen aurrekaria, alegia—.
Hasteko, Gaubekak zera eskatu die parlamentariei: euskara Nafarroako hizkuntza propioa dela jaso dadila Foru Hobekuntzan, halaxe egin baita hizkuntza gutxitu bat duten erkidegoetako estatutu guztietan. UPNk aukera horri atea ireki dionez, galdera zuzendu dio: «Prest leudeke hori jasotzeko? Ez soilik jasotzeari begira, baita ere garrantzitsua izan baitaiteke Senatuan negoziatzen ari diren legediei begira». Zehaztu duenez, lege eta arau horiek lotura dute estatutuetako hizkuntza propioarekin, eta, horregatik, beharrezkoa litzateke Foru Hobekuntzak euskara ere aipatzea. «Parlamentu honi eskatzen diogu euskarari balioa emateko transbertsalitatez».
Bestetik, euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan aitortzeko eskatu du Gaubekak, eta hori egin ez izanaren «ondorio, oztopo eta mugak» aipatu ditu. Haren esanetan, euskara lurralde osoan ofiziala ez izateak «ezintasunak» eragiten ditu. Kasurako, baliteke eremu euskalduneko herritar batek baimen bat euskaraz eskatzea eta foruzain batek gazteleraz egin behar duela erantzutea, haren lanpostua eremu mistokoa delako.
45Zenbat partaide. Lantaldea entzuketa prozesuan murgilduta dago. Orain arte 25 aditu pasatu dira lantaldetik, eta ekainera bitarte beste hogei pasatuko dira (45 guztira, beraz). Tartean daude Patxi Bera Arartekoa, Xabier Alkuaz Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko presidentea, Jose Manuel Romeo CCOOko idazkari nagusia, Patxi Zabaleta eta Juan Cruz Alli parlamentari ohiak...
Era berean, azpimarratu du gaur egungo egoerak «berdintasunik eza» eragiten duela herritarren artean. Batetik, zerbitzu publikoak Iruñean zentralizatuta izateak muga ugari dakartza egunerokoan zein komunikazioan. Adibide gisa azaldu du osasungintzan, neurologiako atalean, test bat gazteleraz egitera behartu zutela 86 urteko nafar bat, nahiz eta diagnostiko egokia lortzeko euskaraz egin beharko zioketen. Bestetik, egungo egoerak ondorio sozioekonomikoak dituela ere gogora ekarri du. Bilbon eta Bartzelonan, enpresak behartuta daude zerbitzuak ele bitan ematera; Iruñean eta Nafarroako parterik handienean, aldiz, ez.
Hori amaitzeko bermea ofizialtasuna Nafarroa osoan aitortzea litzatekeela uste du. Gaubekaren arabera, ofizialtasuna «ezin da erabilera sozialari eta ezagutza tasei lotuta» egon. «Ezin dira hizkuntza eskubideak bermatu hiztun kopuruaren arabera. Batetik, ikusi dugulako baldintzatuta gaudela eskubide horiek erabiltzeari dagokionez. Bestetik, zer pentsatuko genuke, bestelako politikak ezartzean, emakume kopurua edo LGTBI kolektiboko herritarren kopurua neurtuko bagenu?». Ez du zentzuzkotzat jotzen euskarari irizpide hori ezartzea.
Aldiz, UPNko eta PSNko ordezkariek uste dute errealitate soziolinguistikoa aintzat hartu behar dela —PPko eta Voxeko parlamentariak ez dira agerraldian izan—. UPNko Marta Alvarezek enpatia eskatu du euskara ez dakien «gehiengo handi horrentzat». Alderdiak euskara lurraldeko berezko hizkuntzatzat duela aipatu du, eta administrazioko lanpostuak «hiztun ehunekoaren arabera» ezartzea onetsi du. PSNko Arantxa Biurrunek, berriz, gogora ekarri du gaur egun ez dagoela gehiengorik ofizialtasuna ezartzeko.
EH Bilduko Adolfo Araizek muga politiko hori dagoela onartu du: «Saiatzen ari gara hori gainditzen». Geroa Baik ere aitortu du zoritxarrez zaila izango dela hori aldatzea, baina gutxienez berezko hizkuntzatzat hartzearen alde egin du.
CEN eta elkarrizketa soziala
Ordubete lehenago, Manuel Piquerrek CEN patronalaren ikuspegia azaldu du. Haren esanetan, Foru Hobekuntzak «marko egonkorra» eman dio Nafarroari, eta aldaketa oro «erantzukizunez eta adostasun handiena lortuta egin behar» dela esan du. Patronalaren, UGT eta CCOO sindikatuen eta Nafarroako Gobernuaren arteko elkarrizketa soziala defenditu du, eta «oso beharrezkotzat» jo du kontsentsuaren eredua.
Erreformari begira, CENen lehentasun estrategikoak aipatu ditu. Alde batetik, haren ustez, Foru Hobekuntzak «palanka bat» izan behar du enpresek azpiegitura modernoak izan ditzaten. «Autogobernuak proiektuak planifikatzeko modua ematen du, eta azpiegitura bat egiteko aukera galtzen den bakoitzean aukera galdu bat da». Bestetik, zerga autonomia enpresen lehiakortasuna hobetzeko erabili behar dela nabarmendu du, «eta ez soilik dirua biltzeko».