Euskararen sustapenari buruzko titulazio propio bat izanen du NUPek

Hitzarmena sinatu dute Nafarroako Gobernuko, Euskarabideko eta unibertsitate publikoko arduradunek. Titulazioak 15 kreditu izanen ditu, eta euskaraz emanen dute osorik 2026-2027ko ikasturtean.

NUPen Arrosadia campusa, artxiboko irudi batean. BERRIA
NUPen Arrosadia campusa, artxiboko irudi batean. BERRIA
Ion Orzaiz.
2026ko maiatzaren 25a
11:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak euskarazko titulazio berri bat eskainiko du heldu den ikasturtetik aurrera. Hizkuntza politiketan aditu izateko titulua izanen da, eta Nafarroako Gobernuaren eta Euskarabidearen ekimenez sortu dute. Hain zuzen, hitzarmena sinatu dute gaur Ana Ollok, Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilari eta lehendakariordeak, eta Javier Goikoetxeak, NUPeko Irakaskuntzen errektoreordeak, eta titulazio berriari buruzko xehetasunak azaldu dituzte.

Euskara gizartean sustatzeko eta biziberritzeko planifikazio linguistikoa izenburua izanen du ikasgaiak, 15 ECTS kreditu izanen ditu, eta eskolak euskaraz emanen dituzte osorik. 2026-2027ko ikasturterako eskaintzan sartuko dute. Nafarroako Gobernuak adierazi duenez, Euskarabidea institutuaren ekimenez sortutako titulazioa da, eta helburutzat izanen du euskara sustatuko duten adituak prestatzea: «Hizkuntza politika planifikatzeko prestakuntza tekniko egokia duten langileak behar dituzte erakunde publikoek».

Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara Departamentuaren arabera, kudeaketa linguistikoa «gero eta beharrezkoagoa» da Nafarroako erakunde publikoentzat, izan publiko edo pribatu, «eta kudeaketa hori egiteko ezinbestekoak dira langile kualifikatuak, euskararen sustapena era egokian landu dezaten».

Hizkuntza planifikazioaren eta euskararen sustapenaren arloetan lan egiten duten profesionalentzako ikastaroa izanen da. Eskola guztiak euskaraz emanen dituzte, aurtengo azaroan hasita, 2027ko ekainera arte, eta online egiteko aukera ere emanen dute.

Aditu titulazioa sei modulutan banatua egonen da: Soziolinguistika, hizkuntza politika eta hizkuntza planifikazioa; Euskararen historia soziala eta eboluzioa; Euskararen erregimen juridikoa; Erakunde publikoen hizkuntza kudeaketa; Euskararen sustapena eremu sozioekonomikoan; eta Euskararen sustapena eremu ez-formalean. Izena emateko aukera zabalik da NUPen webgunean, eta Nafarroan erroldatutako ikasleek hobariak izanen dituzte matrikula egitean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA