«Gaurko deialdia bizirik segitu nahi duen herri baten oihua da». Aldarri hori entzun da gaur EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek deituta Euskal Herri osoko hainbat euskaltzalek Izpegiko gainean egindako ekitaldian, Nafarroa Garaiaren eta Nafarroa Beherearen arteko mendatean. Euskararen iraupena «larrialdi egoeran» dagoela gogoratu dute, eta argi azpimarratu dute zein den urrats sendoak egiteko bidea: «Euskarari lehentasuna emanen dion ofizialtasuna behar dugu». Hori nola lortu ere azaldu dute: «Egoera honi buelta emateko, mendez mende egin dugun bezala, ezinbertzekoa da herri gisa antolatzea eta erresistentzian herri boterea aktibatzea».
Abenduaren 15ean 40 urte beteko ditu Nafarroako Euskararen Legeak, eta, hain zuzen ere, urtemuga horren harira egin dute aldarria, lege horren izaera «zapaltzailea» gogora ekarrita. «Estatu kolonial eta inperialistek zatitutako Nafarroa gehiago zatitzeko eta euskaldunak bigarren mailako herritar gisa tratatzeko erabiltzen da». Egoera hori irauliko duen mezu eraldatzailea Euskal Herri osora zabaldu behar dela adierazi dute: «Nafarroa Garairako eskatzen duguna Nafarroa osorako eta Euskal Herri osorako eskatzen dugu». Izan ere, zapalkuntza orokorra dela gogoratu dute: «Atharratzen, Bilbon, Tafallan nahiz Guardian; hezkuntzan, osasungintzan, epaitegietan, lantegietan... Euskaldunak modu sistematikoan baztertzen gaituzte gure herrian bertan. Euskaldunen kontrako zapalkuntza egiturazkoa da, eta euskaldunak asimilaziora eramaten gaituen egoera batean gaude».
«Aurpegi zuriketarako» erabiltzen diren legeez harago ofizialtasun hitza berriz esanahiz betetzeko eskatu dute: hain justu ere, argi izendatu behar du euskara Euskal Herriko «berezko hizkuntza nazionala» dela, eta «ezagutu beharrekoa». Behin hori eginda, euskara biziberritzeko politika sendoak ezarri behar direla esan dute. «Euskarak eta Euskal Herriak bizirik irauteko behar duen guztia eskatzen dugu». Egungo egoeraren atzean, gainera, gizaldi askotako zapalkuntza dagoela oroitarazi dute: «Ezin ditugu atzendu gure historian zehar herri hau desagerrarazteko gupidarik gabe erabili dituzten prozesu suntsitzaileak». Oraindik ere zapalkuntza horren zuztarrak erauzteko daudela salatu dute, eta egungo egoera soziolinguistikoa, hain zuzen ere, «inposizioan eta zapalkuntzan oinarritutako demokrazia faltsuen» ondorioa dela.
Mobilizazioak
Euskara «lehenetsiko» duen ofizialtasun hori sustatze aldera, abenduaren 15ean mobilizazioak egingo dituzte Euskal Herri osoan. «Aurre egin diezaiegun euskaldunon kontrako lege zanpatzaileei», adierazi dute. Izan ere, salatu dute egun soilik frantsesez eta espainieraz bizitzeko «bermeak» daudela. «Erdaraz bizitzera behartzen dute, hala bizi nahi dutenei pribilegioa emanez».
Argi dute «euskaldun ahaldundu eta aktiboak» behar direla egoera aldarazteko, eta mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte: «Zor digutelako eta badagokigulako. Gure historia ez dezaten erdaraz idatz. Euskaldun guztien eskubideen aitortza eskuratzera goaz!».