Euskaraz bizitzea «ahalegin temati bat» ez izateko aldarriak batu ditu euskaltzaleak

Euskaltzaleon Martxak milaka lagun elkartu ditu Iruñean. Euskalgintzaren Kontseiluak «euskaraz bizitzeko behar den dena» sortzera deitu du.

Euskaltzaleak dantzan, Gazteluko plazan. IÑIGO URIZ / FOKU
Arantxa Iraola - Joxerra Senar
2026ko ekainaren 13a
21:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Usuegi «ahalegin temati bat» da euskaraz bizitzea. Hala oroitarazi du gaur Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek Euskaltzaleon Martxako amaierako hitzaldian. «Horregatik eskatzen dugu euskaraz bizitzeko behar den dena», adierazi du. Martxaren leloa ere horixe bera izan da: Euskaraz bizitzeko behar den dena. Eta, ekinbidearen bidez, gaur ere agerian geratu dira euskaltzaleen gogoa eta antolaketa gaitasuna. Jendetsuak izan dira Gazteluko plazarako bidean Iruñeko hiru tokitatik abiatu diren zutabeak, eta aski ederra izan da amaiera: plazan, biribilean dantzan, irudi eder eta alaia osatu dute bertaratutako guztiek. Ez da erakusteko argazki eder bat bakarrik izan: guztien bihotz-buruetan geratuko den gertakari bat ere izan da, doinuz betea. 

 

«Martxa honetara leku diferenteetatik abiatu garen bezala, gutako bakoitza leku batetik abiatuta iritsi da euskaltzale izatera», esan die Eskisabelek Gazteluko plazan batu zirenei. Denei egin die ongietorria, eta poza azaldu du Iruñea «euskaldunen hiri buruzagi» izan delako gaur. Gogora ekarri du euskaltzaleak batzeko aurreko keinu jendetsua abenduaren 27an egin zutela; Bilbo Arenan, hain justu ere, Pizkundea izeneko ekitaldia egin zuten. «Euskarari pizkunde berri bat emateko prest geundela esan genion elkarri», oroitarazi du. Adierazi du orain xedea dela euskaraz bizitzeko behar den dena eskatzea. Baina azaldu du halako topaketek «ospakizun» ere izan behar dutela. Izan ere, zigorrak, debekuak, gutxiesteak, baztertzeak... pairatuta ere, euskara bultzatzeko gakoak eman dituzte euskaltzaleek. «Badugu zerekin poztu, zerekin harrotu. Izan dadila poz eta harrotasun hau pizkunde berrirako bizigaia». 

Bide batez, gogoratu du euskararen «egoeraren larriaz» jabetu beharra dagoela, beti atzean zer dagoen ulertuta eta horretarako begirada zolituta. «Horregatik, euskararen normalizatu eta biziberritzeak eskatzen du botere harremanen aldaketa sakona egitea, egiturazkoa». 

«Zumeak» zeintzuk diren

Martxan parte hartu duten euskaltzaleak hiru zutabetan heldu dira Gazteluko plazara, txaranga hotsa lagun. Eskisabelek adierazi duenez, antolaketa horrek lotura du euskarak behar duen guztiaren «zumeak zeintzuk diren» definitzeko ahaleginarekin. «Euskalgintzaren Kontseiluaren iduriko, hiru baitira euskarak behar duen hori eraikitzen hasteko oinarriak: jauzi bat egitea hizkuntza politiketan, ofizialtasun osoa ezartzea Euskal Herri guztian, eta euskaltzaletasun kokatu, antolatu eta indartsu bat izatea». Hiru «zumeen» ingurukoak xehatu ditu gero. 

Jauzia izan da lehena. Halaxe: «Bada gara jauziari buruz hutsean hitz egiteari utzi eta jauzia irudikatzen, ulergarri, ukigarri eta gauzagarri egiten hasteko». Bide horretan, gogora ekarri du berriki plazara ekarri duten proposamena, Pizkunderako erronka 2036 deitua. Eta haren xede nagusia: «Irabaz ditzagun 300.000 hiztun hamar urtean. Hau da, bikoiztu dezagun oraingo euskalduntze erritmoa. Era berean, gainditu dezagun %20ko erabilera langa». Horren harira, ohartarazi du xede hori lortzeko bidean arreta «bereziki» euskal herritar berriengan jartzeak baduela arriskurik. «Egungo larrialdi linguistikoa ez digute haiek sortu. Arazoa geuk daukagu. Egiturazko tresna gabezia gurea da». Egungo mundu aldakorraren ajeak ere izan ditu hizpide: «Bizitzaren digitalizazioak eta merkantilizazioak, orokorrean, eremu denetan, boteretsuago egin ditu boteredunak; ahulago, aldiz, lehendik zaurgarriak ziren kolektiboak. Hizkuntzak eta hiztun komunitateak ez gaude dinamika horietatik salbu».

Ofizialtasuna izan da aipatu duen bigarren «zumea», eta edukiz bete behar dela azpimarratu du: «Ofizialtasun formala ez da nahikoa. Arkitektura juridiko berri eta sendoa behar du euskarak». Eta hirugarren «zumea»: euskaltzaletasuna. Berritu egin behar dela esan du: «Euskaltzaletasun kokatua behar dugu. Gaur egungo Euskal Herrian eta gaur egungo munduan kokatua». Eta aldaketak eragiteko kapaza: «Euskaltzale gisa jabetu, ahaldundu eta antolatzea da, hain zuzen ere, erakundeetan, gobernuetan, indar politikoetan eragiteko modua». 

Martxan izan dira, besteak beste, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariordea, Unai Hualde EAJren Napar Buru Batzarreko presidentea eta Nafarroako Parlamentuko lehendakaria, Nerea Kortajarena EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko kidea, eta Mikel Asiain Geroa Baiko eleduna. Ollok azpimarratu du euskara «Nafarroako ondare» dela. «Ez da bakarrik iraganeko kontu bat, etorkizunera begira ere balioa du». Kortajarenaren ustez, «oldarraldi antolatu bati» aurre egin beharrean da euskara. «Posible egin dezakegu atzeraldi dena aurrerabide egitea». Hualdek, berriz, esan du euskarak ez duela hormarik behar, «zubiak baizik». Nafarroan, Euskararen Legeak berrogei urte bete ditu aurten, eta, epe horretan, «izugarrizko muga» izan da euskararen garapenerako: «Egoera hori gainditzeko ordua da».

Gazteen mezua

Ostegunean Donapaleutik abiatu zen Euskaltzaleen Sareak antolatutako martxa, eta Iruñera atzo eguerdian iritsi. Harrera beroa egin diete parte hartzaileei, eta, behin Gazteluko plazara iritsita, hitza hartu dute. Esan dute euskaltzale izateko era berriak behar dituztela. «Anitzetan, gazteoi leporatu zaizkigu euskararen galera, utzikeria eta konpromiso falta. Baina horiek gezurrak baino ez dira», esan dute. «Gure forma, molde eta estilo propioak ditugu; agian aitzineko belaunaldienez bestelakoak dira, baina badakigu munduan egoteko tokia euskarak ematen digula». Eta, egunotako jardunak indarberrituta, dinamika horretan segitzeko asmoa azaldu dute.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA