Pizkundera, printzaz printza

Hilabeteotan, euskalgintzak berebiziko ahalegina egin du euskara biziberritzeko prozesua indarraldiaren aroan sartzeko.

Batuz Aldatu dinamikako kideak, itun soziopolitiko berriaren aurkezpenean, iazko irailaren 26an. ANDONI CANELLADA / FOKU
Batuz Aldatu dinamikako kideak, itun soziopolitiko berriaren aurkezpenean, iazko irailaren 26an. ANDONI CANELLADA / FOKU
arantxa iraola
2026ko ekainaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iruñeko ekitaldiaren atariko, urteotan hainbat mugarri jarri ditu euskalgintzak euskararen biziberritzea aro berri batera eramateko. Motelaldiaren gainean ohartaraztea izan zen lehen helburua; indarraldirako oinarriak finkatzea da orain lehentasuna. Horra aurrekari nabarmenenak: 

Kronologia

  • Larrialdi linguistikoaren abisua. 2024ko azaroan, euskara «larrialdian» zegoela ohartarazi zuen Euskalgintzaren Kontseiluak. ELEN Europako hizkuntza gutxituen gizarte eragileen sarea urteko biltzarra egin zen Bilbon, hilaren 9an, eta une hori baliatu zuen adierazpena egiteko. Eta abisua eman zuen: hizkuntzaren «atzeraldia» etorriko da neurri egokiak «epe laburrean» hartu ezean. Kontseiluko idazkari Idurre Eskisabelek nabarmendu zuen, ordea, adierazpen horren bidez ez ziotela etsipenari aterik ireki nahi: «Larrialdi linguistikoa dagoela adieraztea ez da arrangurarako deia, baizik eta euskararen normalizazioa eta biziberritzea onbideratzeko lehen urratsa egiteko modua». 
  • Batuz Aldatu: itun soziopolitiko berri baterako abiaburua. 2021ean abiarazitako Batuz Aldatu dinamikak fruitua eman zuen 2025eko irailaren 26an: euskara sustatzeko akordio soziopolitiko berri baterako landutako proposamena aurkeztu zuten. Aintzat hartzekoa da itun horren sendotasuna: 2021ean 99 eragilek egin zuten bat egitasmoarekin, eta 113k aurkeztu zuten ituna iaz. Ordutik, trinkotzen jarraitu du: 140 eragilek baino gehiagok egin dute bat dagoeneko. Euskalgintzaren bihotzaren parte dira eragile horietako zenbait, eta urrunagokoak beste asko. Askotarikotasun hori guztiz nabarmengarria da. Itunean bi norabide nagusi hitzartu zituzten etorkizuneko hizkuntza politikarako. Lehena: «Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa». Bigarrena: «Euskara eroso erabiltzeko guneen sorrera, garapena eta elkar lotzea». 
  • Bilbo Arena, pizkunderako taupada bat. Abenduaren 27an Euskalgintzaren Kontseiluak musikariz, kulturgilez eta milaka euskaltzalez bete zuen Bilbo Arena. «Euskarari pizkunde berria emateko» ekitaldia izango zela adierazia zuten, aurretik, hainbat agerralditan. Euskaltzaletasunaren hauspo izateko helburua ere izan zuen. «Antolatu gaitezen, euskaltzaleok», dei egin zuen amaierako hitzaldian Idurre Eskisabelek. Antolaketa hori sustatzeko oinarria ere zabaldu zuten hantxe: Euskaltzaleen gida. Bide horretan, euskaltzaleak saretzeko espazioek berebiziko garrantzia dutela gogoratu zuen Eskisabelek: «Elkarguneen premia adierazi digu jendeak. Elkarguneak, hizpidera ekartzeko erabileraren eta gaitasunen apaltzeak eta erronka berriek sorturiko kezkak. Euskararen aurkako oldarraldiak eragiten dien minaz hitz egiteko. Hiztun gisa, herritar gisa, jasaten ditugun eskubide urraketak isilean gorde ordez lasai adierazteko». Eta hizkuntza politika aurrerakoiagoen inguruan landutako akordioa ere gogora ekarri zuen. «Hizkuntza politiketan egin beharreko jauziaren inguruko adostasuna handia da. Baliatu dezagun lehenbailehen euskarari pizkunde berri bat emateko». Iruñean gaur egin den mobilizaziorako deia ere hantxe egin zuten. 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE