EUSKARA

Euskarazko akten auzian pertsonatzen hasi da Jaurlaritza

Beizamako Udalak egin zion eskari ofiziala gobernuari, eta aintzat hartzea erabaki du. Baztarrikak berretsi du "erabat legezkoa" dela dokumentuak euskaraz egitea. 

Uriarte eta Baztarrika, legebiltzarrean. RAUL BOGAJO, ARP
Garikoitz Goikoetxea.
2015eko martxoaren 2a
07:25
Entzun

Udalak auzitara eramateko argudioetako bat izan da Carlos Urkijorentzat, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariarentzat: aktak euskaraz egiteagatik salatu ditu Udalak. Pilatzen joan dira salaketak, eta Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak ohartarazia du euskararen ofizialtasuna bera auzitan jartzen ari dela Urkijo.

Eusko Jaurlaritzak horren aurrean zer egin duen azaldu du Cristina Uriarte Hizkuntza Politikarako sailburuak legebiltzarrean. Orain arteko bi ildoak berretsi ditu. Batetik, aholkularitza juridikoa eman dietela udalei; legezkotasun txosten bat ere egin du gobernuak, eta berretsi du "erabat legezkoa" dela dokumentuak euskaraz egitea eta bidaltzea. Bestetik, udal legearen proiektuan zehazki jaso dute paperak euskaraz egin eta bidal ditzaketela erakundeek.

Berritasun bat ere iragarri du, ordea: auzietan pertsonatzen hasi da Jaurlaritza. Beizamako Udalak (Gipuzkoa) eskari ofiziala egin zion, eta aintzat hartu du gobernuak, "interes orokorrekoa" delako eta hizkuntz politikaren eskumena daukalako.

Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak adierazi du legezkotasun babesa daukala aktak euskaraz egiteak. Udalen jarduna arautzeko erregelamenduan eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren epaietan hori bermatuta dagoela azaldu du. Urkijoren jarduna salatu du: "Edukiaz harago, moduak kezkatzen gaitu. Kooperazioaren eta elkarrizketaren bidea ez du hartu". Areago, gogorarazi du euskara sustatzeko obligazioa daukala gobernuaren ordezkariak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.