Euskarazko arreta 2020rako erabat bermatzea jarri du xede Jaurlaritzak

Euskararen Agenda Estrategikoa aurkeztu du Jaurlaritzak, helburu neurgarriekin. Erakunde publikoen euskarazko jarduna indartu nahi du

Garikoitz Goikoetxea.
2017ko abenduaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Legealdi honetan hizkuntza politikan izango dituen lan ardatzak zehaztu ditu Eusko Jaurlaritzak: Euskararen Agenda Estrategikoa onartu du, 2017-2020 epealdikoa. Gobernu itunean jasotako helburuak ageri dira planean, eta sakondu egin dituzte horietako batzuk. Berritasun nagusi bat dakar: helburu neurgarriak zehaztu dituzte; tartean daude euskararen ezagutzarekin eta erabilerarekin lotutakoak. Jaurlaritzaren beraren esparrua da agendaren ardatza, eta haren jardunarekin lotutako helburuak ageri dira: besteak beste, hiru urte barrurako «erabat» bermatzea euskarazko zerbitzua, eta euskarazko lan jarduna erdia baino gehiago izatea.

Aurreko legealdian ere egin zuten gisa horretako plan bat Jaurlaritzan. Betetze maila %87koa izan du. Urtez urte erreparatzen zenbatekoa izan den betetze maila hori, hara: 2014an eta 2015ean, espero baino handiagoa; 2016an, berriz, ez zuten aurrerapausorik eman, eta 2015eko lorpenetan geratu ziren. Hori nolatan gertatu ote zitzaien, «denbora falta» jarri du argudiotzat Eusko Jaurlaritzak.

Datozen urteetarako agendari dagokionez, Bingen Zupiria Hizkuntza Politikako sailburuak jakinarazi du «negoziazioak» izan direla EAJren eta PSE-EEren artean, adostutako dokumentua dela.

Zerbitzu eta lan hizkuntza

Administrazioaren esparruari begiratuz gero, herritarren hizkuntza eskubideak bermatu beharrak du pisua: «arreta elebiduna bermatzea» jaso dute agirian. Horretarako, batetik, langileen hizkuntza gaitasuna areagotu nahi dute, «bereziki Osakidetzan, justizian eta Ertzaintzan». Bestetik, euskarazko jarduna areagotu nahi dute: herritarrei begira, zerbitzua euskaraz jaso ahal izatea erabat bermatzea —oraindik ez dute argitaratu azken ebaluazioa, baina aurreratu dute %70ean dagoela betetze maila—. Lan hizkuntzaren arloan ere eman nahi dituzte pausoak: euskarazko lan jarduna erditik gora egiteko xedea jarri dute.

Administrazioaren esparruan, hizkuntza eskakizunak aztertzea jaso zuten gobernu itunean, eta aurki aste gutxi barru aurkeztuko du proposamena Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak; eskakizunak «berriro diseinatzea eta gaurkotzea» aipatu dute agenda estrategikoan. Langile publikoen erabileran jarri nahi dute indarra.

Beste hainbat arlotako helburuak ere zehaztu dituzte: gazteak, corpusa, udalerri euskaldunak, teknologia berriak... Erabilera ardatz hartu dute guztietan. Lanerako moduari dagokionez, «elkarrizketan eta elkarlanean oinarrituta» aritu nahi dute: «Erakunde publikoek eta gizarte eragileek elkarrekin lan egitea adostutako helburuak lortzeko, baita instituzioen arteko elkarlana sendotzea ere». Lankidetza horren fruitu bat gaur bertan dute aurkeztekoa: Euskararen Adierazle Sistema.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.