Jaurlaritzaren aurrekontuak

Eusko Jaurlaritza ostegunean hasiko da Elkarrekin Podemosekin aurrekontuak negoziatzen

Hurrengo astetik aurrera EH Bildurekin eta PPrekin hitz egiteko asmoa ere badaukate, baina iruditzen zaie errazagoa izango dela akordioa Elkarrekin Podemosekin lortzea.

Azpiazu eta Erkoreka, aurrekontu proektuaren aurkezpenean. JAIZKI FONTANEADA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2019ko azaroaren 13a
13:18
Entzun

2020ko aurrekontuak onartzeko, Eusko Jaurlaritza "alderdi guztiekin hitz egiteko prest" agertu zen, eta ostegunean hasiko dira. Elkarrekin Podemosekin bilduko da Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburua, Eusko Jaurlaritzak Gasteizen daukan egoitzan.

Aurreratu duenez, EH Bildurekin baino errazagoa iruditzen zaie Elkarrekin Podemosekin akordioa lortzea. Hala ere, horiekin ere elkartuko dira, ziur aski datorren ostegunean. Iaz, koalizio abertzalearen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko negoziazioek huts egin zuten.

PPrekin, berriz, "askoz zailagoa" iruditzen zaio Azpiazuri akordioa lortzea. Izan ere, alderdi popularrak eskatzen du zergak 1.500 milioi euro jaistea, eta horrek "hotzikarak" ematen dizkio sailburuari. Oraindik ez dago zehaztuta noiz bilduko diren, baina ziurtatu du oposizioko talde guztiekin hitz egiten saiatuko dela.

2017ko eta 2018ko aurrekontuak PPren abstentzioaren bidez onartu  ziren. 2019koak, berriz, erretiratu egin behar izan zituen, nahiko babes ez zutelako. 2020koetarako ere alderdiren baten babesa beharko dute, PNVk eta PSE-EEk osatzen duten koalizioak eserleku bat falta baitu gehiengoa lortzeko. 2020rako aurrekontu proiektua 11.774 milioi eurokoa da, eta 300 milioi euro gehiagoko gastua jasotzen du. Zor arlora gutxiago bideratu beharko duenez, %2,9 gehiago izango dute erabilgarri. Azpiazuk azaldu bezala, aurrekontu proiektuaren %77,5 gizarte politiketara bideratu da, Osasuna, Hezkuntza, Enplegua eta Gizarte Politika sailetara. Horrez gain, sailburuak nabarmendu du aurrekontuaren %10,5ek genero ikuspegia hartzen duela aintzat, eta 540 milioi klima larrialdiaren kontrako neurriei lotuta daudela. Gaineratu du proiektuak langile publikoen %2ko soldata igoera ere jasotzen duela.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.