Abokatu bat izateko dirurik ez dutenei doako laguntza juridikoa ematen diete Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako abokatuen eta prokuradoreen elkargo profesionaletako abokatuek. Zerbitzu hori emateko, 20,7 milioi euro inbertituko ditu Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailak, iaz baino 2,7 milioi euro gehiago.
Aurten, hiru lurraldeetako abokatuen elkargoek 19,4 milioi euro jasoko dituzte: 17,6 milioi euro ofiziozko eta guardiako txandetarako, eta 1,8 milioi euro funtzionamendu gastuetarako. Prokuradoreen elkargoek, berriz, milioi bat euro jasoko dituzte ofiziozko txandetarako, eta 250.000 euro funtzionamendu gastuetarako.
Gainera, Justizia eta Giza Eskubideen Sailak azaldu duenez, aurtengo inbertsioari gehitu diote iaz gatazkak konpontzeko bitarteko egokietarako bekaren dirua —360.000 euro inguru—, iaz ez baitzuten bekaren diru kopuru guztia erabili. Diru hori hiru lurraldeetako abokatuen elkargoen ofiziozko eta guardiako txandetan eta funtzionamendu gastuetan inbertitu dute.
Sailak ohartarazi du doako justizia eskubide bat dela eta inork ez liokeela «uko egin behar bere eskubideak defendatzeari arazo ekonomikoengatik».