Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalak hitzarmena berritu dute, beste lau urterako. Araba, Bizkai eta Gipuzkoak osatzen duten autonomia erkidegoko hiriburu izanda, Eusko Jaurlaritzak %25 handituko du hari ematen dion diru kopurua; 50 milioiko ekarpena egingo dio hurrengo lau urteetan. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Maider Etxebarria Gasteizko alkateak eman dute akordioaren berri.
Pradalesek azaldu du hiru helburu dituela hitzarmenak: Gasteizko kanpo proiekzioa handitzea, nazioartean erreferentzialtasuna lortzea eta hiriburua dinamizatzea. Bi proiektu aipatu ditu horretarako: batetik, Iradier Arena eraikina ikuskizun eta gertakizun handietarako egokitzea, eta, bestetik, Goya gasolindegiaren eraikina egokitzea.
Etxebarriak adierazi du akordioa elkarlanaren emaitza dela, eta Jaurlaritzarekin duten «hartu-eman ona» azpimarratu du. Bihar 45 urte beteko dira Gasteiz Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburu izendatu zutenetik, eta hori ospatzera egin du dei; izan ere, bihar hainbat ekinaldi antolatu dituzte urteurrena ospatzeko.
«Katarro txiki bat»
Hainbat kazetari joan dira agerraldira, batez ere azken asteetan Jaurlaritzaren gobernuko bazkideek migrazio politiken harira elkarren artean izan dituzten ika-miken harira galdetzeko. Pradalesek esan du Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiarekin hitz egin duela, hark auzitan jarri ostean ea EAJk PSErekin koalizioan segitu nahi ote duen gobernuan. Elkarrizketak diskrezioz egin direla eta horri eutsiko diola esan du. Metafora batekin itxi nahi izan du auzia: «Katarro txiki bat pasatu dugu. Katarroek zalaparta ateratzen dute, baina parazetamol pixka bat hartuta pasatu egiten dira. Eta, medikuek diotenez, katarro baten ondoren defentsak indartuta egoten dira». Ez du uste, beraz, gobernu koalizioa arriskuan denik.
Ez du migrazio politiken harira sortu den polemikan ere sartu nahi izan. «Pertsonen giza eskubideez ari gara, eta gure akordioa oso argia da: migraziorako euskal itun soziala». Eusko Legebiltzarraren %88ren babesa izanda onartu zela gogoratu du, eta horri lotzera deitu. «Ez dut polemikarik elikatuko».