Eusko Jaurlaritza osatzen duten bi alderdietako bazkideen artean, EAJren eta PSE-EEren artean, desadostasunak azaleratzen ari dira azken asteetan migrazio gaien, Espainiako Gobernuaren unibertsitateentzako dekretuen edo AHTaren harira, esate baterako. Eta Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak ETB1en egindako adierazpenetan ez du amatatu Jaurlaritzako bazkide bien arteko sua; aitzitik, berritu egin du: «Ez dakit batzuek zenbateko gogoa duten adostutakotik aldentzeko: agian burua altxatu nahian dabiltza». Hori bakarrik ez, zalantzan jarri du EAJk sozialistekin batera gobernatzen jarraitzeko borondatea ote duen: «Ez dakit gogorik duten gurekin gobernatzen jarraitzeko; dudak eta konfiantza gabezia sortzen digu horrek».
Migrazio politika dela-eta sortu den ika-mika izan du hizpide Anduezak. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak galdera bat egin zuen iragan aste hasieran: «Zer-nolako migrazioa behar dugu, eta zer-nolakoa hartzen ari gara?». Galdera horren harira, Marisol Garmendia Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak kritika gogorrak egin zituen, eta esan zuen migrazioaren auzian Pradales «hurbil» zegoela «PPren eta Voxen diskurtsoetatik». EBBk errespetu faltatzat jo zituen berehala Garmendiaren adierazpenak, eta ohartarazi zuen «gogoan hartuko» zuela Espainiako Gobernuaren ordezkari batek halakoak esan izana.
EAJko bozeramaile Joseba Diez Antxustegik ere esan zuen migrazioak «selektiboa, ordenatua, erregularra eta segurua» izan behar duela, eta Anduezak erantzun du, gaur ETB1en egindako elkarrizketa batean, «arrazista samarrak» direla hitz horiek. «Arriskutsua da norabide horretako diskurtso batzuk egitea», erantsi du.
Anduezak Juan Ignacio Perez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuari berriz egotzi dio bere kasa aritu izana Espainiako Gobernuak ezarritako unibertsitate dekretuaren aurka jardun zuenean: «Ez zuen ezer kontsultatu gobernuko bazkidearekin».
«Koalizioa ez dago zalantzan»
EAJk gaur bertan erantzun dio Anduezari, ohar labur eta gogor baten bitartez: «Ez gara eroriko Eneko Anduezaren probokazioetan. Adierazpen horiek bidegabeak izan dira, hitz laidogarriak erabili baititu». EAJk uste du adierazpen horiek zera baino ez dutela erakusten, PSEko burua «urduri» dagoela: «Hark jakingo du zergatik».
Edonola ere, EAJk «ez du zalantzan jartzen» koalizioko gobernua. «Eneko Andueza da leialtasunik eza eta mesfidantza aipatu dituena».
EH Bildu ere aritu da Eusko Jaurlaritzako bazkide bien arteko harreman gatazkatsuaz. Nerea Kortajarena Eusko Legebiltzarreko eledunak sare sozialen bidez zabaldu duenez, EAJren eta PSEren arteko desadostasunak «gero eta ugariagoak eta sakonagoak» dira, eta «agerian» uzten dute koalizio horrek ez duela «ez herri proiektu sendorik, ez norabide zehatzik, ez eta aurrean ditugun erronka handiei aurre egiteko behar adina anbizio ere».
Kortajarenak erantsi du «dirudienez interes alderdikoiek soilik» lotzen dituztela jeltzaleak eta sozialistak, «ez lidergo konpartitu batek». Eta gogora ekarri du zein diren bi alderdien arteko desadostasunak pizten dituzten «funtsezko» gai horietako batzuk: «Etxebizitza, migrazioa, AHTaren ibilbidea, hizkuntza eta hezkuntza politika».