Gazteek gurasoen etxea uzteko adina jaitsi nahi du Eusko Jaurlaritzak: 28 urte baino lehen emantzipatzea 2030erako. Gaur egun, batez beste, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteek 29,8 urterekin uzten dute gurasoen etxea. Gazteen erdiek gurasoen etxetik kanpo bizitzea nahi dute.
Gazteriaren Arloko Euskal Estrategiaren helburu zehatzetako batzuk dira. Epemuga: 2030. urtea. Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak gaur onartu du estrategia. Hori izango da erreferentzia datozen urteetan gazteria politikak egiteko: «Jarraibideak lerrokatu, koordinatu eta ezartzen ditu, administrazio eta sail guztiek helburu bateratuak izan ditzaten». Eusko Jaurlaritzak 15 eta 29 urte arteko pertsonak hartzen ditu gaztetzat. EAEko biztanleriaren %14,9 dira; 329.093, erakundeak emandako datuen arabera.
Gazteek gurasoen etxea lehenago uztea nahi du Eusko Jaurlaritzak, baina etxebizitza eskuratzeko ezintasuna da gazteen emantzipazioa atzeratzen eta baldintzatzen duen faktore nagusia, bai etxebizitzen prezioagatik, bai soldata apalengatik. Eusko Jaurlaritzaren azken azterketak zehaztu zuen gazteen %40k aldi baterako kontratuak dituztela; %32,3k, lanaldi partzialekoak, eta batez besteko soldata garbia 1.564 eurokoa dela —aparteko ordainsaria barne— 18-34 urte arteko langileen artean.
Osasun mentala
Gazteen osasun mentala da planaren beste ildoetako bat. Eusko Jaurlaritzak gazteen osasun mentala hobetu nahi du, eta antsietatea eta depresioa duten gazteen proportzioa apaldu. 2024an, bost gaztetik batek (%18,9) esan zuen depresio edo antsietate sintomak izan zituela galdetu aurreko hilabetean.Â
Estrategiak hiru ardatz ditu: emantzipazioa eta autonomia; ongizatea eta «kultura nortasuna»; eta parte hartzea eta konpromiso soziala. Ongizatearen eta «kultura nortasunaren» barruan sartu ditu bizi ohitura eta inguru osasungarriak, euskara, kultura eta aisialdia. Parte hartzearen eta konpromiso sozialaren barruan daude, berriz, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, aniztasuna eta bizikidetza eta ingurumena.
Estrategiak ez du aurrekontu propiorik. Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailak kalkulatu egin du 2026 eta 2030 bitartean estrategia horrekin bat datozen politikek zenbateko aurrekontua izango duten: 2.350 milioi euro. Horietatik 550 milioi euro dagozkio Eusko Jaurlaritzako sail horri, eta 1.800 milioi euro gainerako sailei eta erakundeei.