Egindako iragarpenen arabera, elurra botako du gaur eta bihar Euskal Herriko hainbat txokotan. Batez ere hegoaldean izango du eragina elurteak, baina kostan elurra ikusteko aukera ere egon daiteke.
Hori ikusita, hainbat ohartarazpen egin dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du gaurko, 06:00etatik 00:00etara. Nafarroako Gobernuak, berriz, Babes Zibileko Planaren larrialdiko lehen maila eta Neguko Bide Planeko bigarren fasea ezarri ditu. Gainera, abisu laranja egongo da indarrean Erriberan eta Nafarroa erdialdean, eta ez dute baztertu Erriberan abisu gorria ezartzea ere. Lurraldearen isurialde atlantikoan, berriz, abisu horia dute.
Nafarroako Gobernuak nabarmendu duenez, lurraldearen hegoaldean egingo du elur gehien: hamahiru zentimetro ere pila daitezke. Erdialdean, berriz, baliteke zazpi zentimetrora iristea, eta isurialde atlantikoan, laura. Iragarpenen arabera, itsas mailan ere elurra egingo du. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Euskalmeten datuei egin die erreferentzia. Azaldu dutenez, elurteak «ia lurralde osoan» izan dezake eragina, baina gehien mendi inguruan eta hegoaldean egingo du: Arabako Errioxan, esaterako, baliteke hamabost zentimetro pilatzea.
Baliabideak, prest
Elurteari aurre egiteko prest dituzten baliabideen berri ere eman dute. Nafarroan, esaterako, elurra kentzeko dauzkaten makina guztiak mobilizatzea espero dute.
Eusko Jaurlaritzak abisu horia ezarri du gaurko elurragatik
Nafarroa erdialdean eta Erriberan abisu laranja ezarri dute, eta Nafarroako isurialde atlantikoan, horia. Baliteke itsas mailan ere botatzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu