Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko arduradunek denbora daramate esaten osasun zerbitzuak eraldatu egin behar direla, eredua aldatu behar dela, prebentzioa indartu behar dela... Bide horretan laguntzeko, batzorde bat izango dute: Osasun Eraldaketarako Aholku Batzordea. Alberto Martinez Osasun sailburuak gaur eman du batzordea sortzeko agindua, EAEko aldizkari ofizialean. Â
Batzorde berriak bi lan ildo nagusi izango ditu: antolaketa berritzea eta eraldaketa digitala bultzatzea. Osasun Sailak nabarmendu du osasun arloko itunaren ildo estrategikoak direla, eta haiek garatzeko urratsetako bat dela aholku batzordea sortzea. Osasun Sailak, eraldaketaren bidez, etorkizuneko erronkei aurre egin nahi die: biztanleriaren zahartzeari, osasun zerbitzuen eskaera handiari, gaixo kronikoen ugaritzeari, teknologia berriak txertatzeari eta sistema jasangarria izateari. Batzordeak «orientazioa» eskainiko dio Osasun Sailari, arlo horietako erabaki estrategikoak hartzeko. Haren ekarpenak ez dira lotesleak izango.
Lan zehatzak jarri dizkiote gaur argitaratutako aginduan: berrikuntza eta antolaketa arloko informazioa eta aholkua ematea; antolaketa berrikuntzei, osasun-laguntza ereduei eta digitalizazioari buruzko programak eta lan ildoak proposatzea; eta ezagutzaren eta praktika onen koordinazioa eta trukea sustatzea.
Hamazazpi kide, pazienteen bi ordezkari
Zeinek osatuko dute batzordea? Gontzal Tamayo Osasun eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak zuzenduko du. Hamazazpi kide izango ditu guztira: Osasun Saileko lau kide, Osakidetzako zortzi, Biosistemak osasun sistemen ikerketa institutuko bat, elkarte zientifikoetako eta osasun profesionalen elkarteetako bi, eta pazienteen elkarteetako beste bi. «Ahalegina» egingo dute «emakumeen eta gizonen berdintasunean aditua den pertsona batek parte hartzeko eta sexu bakoitzaren ordezkaritza orekatua lortzeko». Euskara erabiltzeko aukera bermatuko dutela zehaztu dute aginduan.
Osasun Sailak ez du zehaztu zer elkartek eta zer pertsonak parte hartuko duten. Erakundearen esanetan, partaideek «egokitasun profesionala» eta «egiaztatutako esperientzia» izango dute, eta eraldaketa prozesuen ikuspegi plurala eskainiko dute. «Espezialistak» izango dira osasun arloko plangintzan eta ebaluazioan, osasun arloko laguntzan eta kudeaketan, antolaketaren berrikuntzan, digitalizazioan eta osasun sistemen inguruko ikerketan. Sei hilean behin egingo dituzte bilerak.
Eusko Jaurlaritzak badu eredu bat osasun sistemaren kudeaketan eta berrikuntzan: Finlandia. Erakundeak jakinarazi du hitzarmen bat sinatuko duela herrialde hartako gobernuarekin, «osasun sistemaren eraldaketa bizkortzen lagunduko duten jakintza, esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzeko».